Albistea entzun

Elena Lazkano. Informatikaria

«Robotek ez dute gizakiarekiko enpatiarik, baina guk bai haiekikoa»

UEUk antolatutako Informatikari Euskaldunen X. Bilkuran parte hartu du adituak, eta robotikaren eta androideen etorkizuna izan ditu hizpide. Erronka nagusia, haren aburuz, gizakiekiko komunikazioa hobetzea da.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Juanma Gallego -

2015eko azaroak 15

Robotikaren inguruko tesia egin zuen Elena Lazkano informatikariak (1969, Donostia), eta, ordutik, gai horri lotuta egon da haren ibilbidea. Robotika eta Sistema Autonomoak taldeko kidea da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eta, besteak beste, robot autonomoak garatzea du bere arduretako bat. UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Informatikari Euskaldunen X. Bilkuran parte hartu du. Ostegunean izan zen, Donostian.

Androideez mintzatu zinen bilkuran. Zer da androide bat?

Organismo sintetiko antropomorfikotzat jotzen da normalean, gizakien hainbat portaera modu autonomoan imitatzeko ahalmena duena. Horrek gainerako robotetatik bereizten du androidea.

Zertan aritzen zarete EHUko zure taldean?

Robotika oso eremu zabala da, eta gauza asko sar daitezke kontzeptu horren barruan. Guk robot autonomoak garatu nahi ditugu bereziki; lagunduko diguten tresnak eraikitzea da gure helburua. Urte askotan nabigazioan ere aritu izan gara, robotak jakin dezan nola egin behar duen leku batetik bestera joateko bidea, eta, horretarako, biologian inspiratutako teknikak erabili ditugu.

Robot bertsolaria garatu duzue...

Bai, behin planteatu ziguten robotak bertsoan jartzeko aukera, eta erronkari heldu genion. Ur handitan sartu ginen! NAO motako robot humanoide txiki batzuk eskuratu genituen, eta horiekin lanean hasi ginen. Orain, bide berri bat ireki dugu ikerkuntza taldean, eta robotei espresioa ematen saiatzen ari gara. Ez daitezen izan soilik mugitu gabe gelditzen diren makinak, gure moduan komunikatzen diren robotak baizik. Haserre egon behar badute, adibidez, hori keinuen bitartez adierazi behar dute. Baita pozik badaude ere.

Gizakiarekiko interakzioa hobetzera bideratuta dago hori...

Bai, noski; noizbait gure etxeetan gu laguntzen egongo badira, azken helburua da gure itxura izatea eta gurekin modu naturalean komunikatzea, eta horrela errazago egingo zaigu harreman hori gizakioi. Azken finean, makina batekin hitz egin behar badugu, askoz naturalagoa izango da imintzioak egiten dituen eta gure begirada jarraitzen duen makina bat bada. Komunikaziorako gonbita egingo digute horrela.

Eta komunikazio hori euskaraz izan liteke, gainera...

Zeregin horretan bi alde daude: mintzatzea eta ulertzea. Hitz egiteko garaian Bilboko Eskola Politeknikoko Aholab laborategiak garatu duen Text To Speech sistema erabiltzen dugu. Baina horretaz gain, robotak hitzak ulertu eta testuinguruak kontuan hartu behar ditu. Hitzak ulertzeko, Google Speech Server zerbitzua darabilgu; Interneten bidez guztion esku dagoen sistema da, eta, hizkuntza askoren artean, euskara ere kontuan hartzen du. Testu hori aztertzen dugu, gakoak eratortzeko eta hitz horien araberako koherentzia minimo bat izan dezakeen erantzuna emateko.

Benetan hitz egiteko aukera izango al dugu?

Laster batean edo luze gabe, ez dirudi gizakiok makinekin izango ditugun solasaldiak eraginkorrak izango direnik. Elkarrizketa sistemak badira, izan; baina, normalean, galdera egiten da, beraiek erantzuten dute, eta gero ez dakite nola jarraitu. Gizakion solasaldia askoz konplexuagoa da, eta, askotan, gai batetik desbideratzen gara. Horretaz gain, enpatiaren erronka dago. Robotak sinpatikoak izan daitezke, baina ez dute gurekiko enpatia. Guk beraiekikoa, aldiz, bai. Askotan erakarri egiten gaituzte. Behin, ikertzaile bati entzun nion robot bat alokatu zuela, baina gero itzuli behar izan zuenean ez zela gai izan itzultzeko. Robota erosi zuen, eta autorik gabe geratu zen.

Kontzientzia garatuko lukete horrela?

Ez, gauza bat da enpatia erakustea, eta beste gauza oso desberdina enpatia izatea. Baina eztabaida horri tiraka, filosofiaren eremuan sartuko ginateke, eta, tira, ni informatikaria baino ez naiz!

Ameriketako Estatu Batuetan DARPA agentzia armadan borrokatzeko gai diren robotak prestatzen hasia da. Horrek ez du beldur pixka bat ematen?

Robotak ez dira gaiztoak, gu gara horiek diseinatu eta programatzen ditugunak. Japonian, adibidez, jendea zaintzeko erabiltzen hasi dira. Tresnak baino ez dira, aiztoak ere txuleta bat mozteko edo pertsona bat akabatzeko erabil daitezke. Egia da gero eta gure antz handiagoa izanda, orduan eta gehiago erakartzen gaituztela... Baina neurri bateraino, zeren eta puntu horretatik aurrera kontrakoa gertatzen da, eta beldurra eta mesfidantza sortzen digute. Hori ondo ikertuta dago, eta uncanny valley [haran beldurgarria] deritzo.

Prest egongo al da gizartea roboten erabilerak sortuko dituen aldaketak barneratzeko?

Gizartea eta legedia aldatu beharko dira. Egokitze prozesu horiek guztiak motelak dira, baina robotika alorreko aldaketak ere pixkanaka etorriko dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joxean Muñoz Otaegi eta Amagoia Gurrutxaga Uranga, Donostian. ©Maialen Andres, FOKU

«Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

Jon O. Urain

Nola irudikatu gizarte hobeak, ipar gisa hartu eta bideari ekiteko. Utopiak ez dautza gatazkarik ezean, Martinezen ustez, gatazka «modu justuagoan» kudeatzean baizik. Gizarte hobeak ez baitira «zerutiarrak»: «Beti egongo dira egitekoak».

XEEK taldeak Maulen ezarri duen afixa bat, atzoko protestarako. ©G. FAUVEAU

Espekulazioaren kontra protesta egin dute Maulen

Oihana Teyseyre Koskarat

Etxe agentzietan itzuli bat osatuz egin dute manifestazioa, eta salatu dute kostaldean dagoen etxebizitzaren krisia Zuberoara heltzen ari dela
Layla Martinez: «Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

Layla Martinez: «Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

Jon O. Urain

Nola irudikatu gizarte hobeak, ipar gisa hartu eta bideari ekiteko. Utopiak ez dautza gatazkarik ezean, Martinezen ustez, gatazka «modu justuagoan» kudeatzean baizik. Gizarte hobeak ez baitira «zerutiarrak»: «Beti egongo dira egitekoak».

Ilustrazioa: Eider Eibar. ©

«Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

Jon O. Urain

Nola irudikatu gizarte hobeak, ipar gisa hartu eta bideari ekiteko. Utopiak ez dautza gatazkarik ezean, Martinezen ustez, gatazka «modu justuagoan» kudeatzean baizik. Gizarte hobeak ez baitira «zerutiarrak»: «Beti egongo dira egitekoak».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...