Stuart Medina. Ekonomista

«Unibertsitateetan irakasten den ekonomia zaborra besterik ez da»

Ekonomia gizarte zientzia zela eta formula matematiko baten bidez azaltzen den erdi zientzia bihurtu dela salatzen du Medinak; dioenez, horren ondorioz, jendeak ez ditu dudan jartzen erabaki ekonomikoak.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2017ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Eurotik ateratzeko hainbat proposamen egiten ditu Stuart Medina (Madril, 1964) ekonomialariak Leviatán desencadenado liburuan (Leviatan kateak urratuta). Dioenez, euroaren eremuak sakrifizioa eskatzen du krisi ekonomikoari aurre egiteko, «baina hori gezur hutsa da». Eurotik aterata, gobernuek nahiko luketen politika ekonomikoak aplikatzeko subiranotasuna izango luketela dio.

Espainiak eta Hego Euskal Herriak eurotik atera behar dutela diozu. Eztabaida hori ez da askotan planteatu ere egiten gaur egun.

Espainia eta Euskal Herriko gizartearen zati handi batek uste du euroa ona izan dela bere ekonomiarentzat. Baina ahaztu egiten zaie hedabide handien ondorioz uste dutela euroa proiektu handi bat izan dela, proiektu aurrerakoi gisa saldu izan baitute. Eurotik ezin da atera gizartearen kontra; hori konplikatua izango litzateke. Eztabaida gizartera atera behar da, eta hori izan da asmoa.

Zergatik da txarra euroaren barruan egotea?

Eurogunea deflazionista da bere diseinutik. Hau da, gobernuen ahalmen fiskala mugatzen duen diseinu instituzional bat da, eta, ondorioz, sektore pribatuko eskaria jaisten denean politika fiskal aurrerakoiekin erantzutea oztopatzen du. Egoera horietan, sektore publikoak gastu publikoa handituz edo zergak txikituz erantzun beharko luke, baina euroak ez du horrelakorik onartzen. Horren guztiaren ondorioa langabezia tasa handiko eta pobretze handiko hamarkada bat da. Horregatik, niretzat, euroak kostu gehiago ditu onurak baino.

Eurotik ateratzea eztabaidatu beharrean, barrutik aldatzeko aukerarik badago?

Hori da [Ianis] Varufakisek nahi duena bere B planarekin. Baina nik uste dut hori ezinezkoa dela. Europako hitzarmenak aldatzeko prozesuan, kontseiluaren babesa behar duzu, parlamentuaren gehiengoarena, eta baita estatu bakoitzeko parlamentuena ere. Negoziazio prozesu hori urte askoan luzatuko litzateke, eta sufrimendu gehiago eragin. Horregatik, hobe da ahal den azkarren moztea, barruan gelditzeak ekartzen dituen kostuak handiagoak baitira kanpora aterata lortu ditzakezunekin alderatuz gero.

Eurogunean kolapso bat gertatuko dela diozu. Noiz gertatuko da halako zerbait? Orain arte ez al da gertatu?

Ezin da aurreikusi noiz gertatuko den halako egoera bat, baina hurrengo atzeraldiarekin batera etorriko litzatekeela uste dut. Oraindik ez gara krisi honetatik atera ere egin, ez baita posible langabezia tasa hauekin krisitik atera garela esatea. Ez dut uste egoera hobean egongo garenik hurrengo atzeraldia datorrenean; okerragoa izango da. Tentsio sozial handiak sortuko dira, eta herrialderen bat eurogunetik aterako da. Hor beste prozesu bat hasiko da. Izan ere, herrialde bat eurogunetik ateratzen bada eta bestelako politikak ezartzen hasi, geratzen diren herrialdeek presio handiagoa egingo dute politika ekonomikoa aldatzeko.

Eurotik ateratzean subiranotasuna berreskuratuko dela diozu, baina orain merkatuek markatzen dute politika.

Eta merkatuen boterea zer da? Boterea guk eman diegu. Estatuaren boterea beste edozein finantza botere baino indartsuagoa da. Interes tasak erabakitzeko aukera du, zerga politika, BPGaren zein maila bideratzen den interes orokorrera edo sektore pribatura... Uste dugun baino botere handiagoa dauka.

Ezkerrari ere kritika egiten diozu liburuan.

Ezkerrak gauza askori egin dio muzin. 1970eko hamarkadan monetarismoa eta neoliberalismoa ezartzen hasi ziren gobernu sozialdemokratak, eta egun ildo horri eusten zaio. Diskurtso progresistari eusten diote, baina ekonomia ez beste guztian.

Ezkerrak hausnarketa egin beharko lukeela diozu.

Teoria ekonomikoari heldu behar dio, eta teoria monetario modernoaren ikuspegi batzuk berreskuratu. Kontua da politika ekonomiko kontserbadoreak badauzkazu ezin dituzula bestelako politikak ezarri. Agerian utzi behar duzu zure jarrera, eta zure benetako interesak zein diren azaldu. Ekonomia erraztu behar da, fakultateetan irakasten den ekonomia erdibideko zientzia batean oinarritzen baita. XIX. mendean, gizarte zientzia bat zenari formula matematiko bat sartu zioten, fisikaren antz handiagoa duen zerbait egin zuten.

Zer esan nahi duzu: nahita zailtzen dutela ekonomia jendeak ulertu ez dezan?

Bai. Ekuazio horien atzean dagoena ideologia bat da, klase interes batzuk defendatzen dituen ideologia. Unibertsitateetan irakasten den ekonomia zaborra besterik ezda. Erabilera bat du, eta esan daiteke bankuen rola ezkutatzen laguntzen dutela. Ez diote errealitateari erantzuten. Mitoak ere sortu dituzte, merkatuak gobernuen gainetikdaudela dioten horiek, esaterako. Ikasleak doktrinatzen saiatzen dira halako kontuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.