Kataluniako hauteskundeak. Alicia Romero. PSCko diputatugaia

«Miquel Icetaren gobernua babestuko dugu bakarrik»

Romeroren arabera, PSC da Katalunian «konplizitateak josteko bide bakarra». 155. artikuluaren ondorioak «uste baino leunagoak» dira, haren iritziz. «Ez zaigu gustatzen, baina irtenbiderik hoberena zen».

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
1996az geroztik PSC-PSOEko militantea da Alicia Romero (Caldes d'Estrac, Herrialde Katalanak, 1976). 1999ko udal hauteskundeetan Mataroko zinegotzi izendatu zuten, eta 2005etik 2011ra berrikuntza eta hiri sustapeneko alkateordea izan zen. Abenduaren 21eko hauteskundeen atarian, Miquel Icetaren seigarrena PSCk Bartzelonan duen egoitzan solastatu da BERRIArekin.

Kataluniako hainbat udalerritako gobernuak desegin, eta hainbat ordezkarik dimisioa aurkeztu dute. Zer moduz dago PSC?

Azken bi urte hauetako gertakariek testuinguru korapilatsua sortu dute Katalunian, eta bizikidetza goitik behera hautsi da. 3.000 enpresak ospa egin dute, 300.000 herritarrek aurrezkiak kanpora eraman dituzte, eta ziurgabetasuna eta kezka nabarmendu dira. Porrotaren eta engainuaren aro honek ez du ezer onik ekarri. Beraz, norabidez aldatu eta gehiengo handiak sustatzeko garaia iritsi zaigu.

PSCk baieztatu zuen aldebakarreko deklarazioa eta 155. artikulua ukatuko zituela. Azken hori bermatu duzue, aldiz. Zerk aldarazi zuen erabakia?

Azken segundora arte borrokatu ginen independentzia aldarrikapenik ez egoteko. Carles Puigdemont presidentearekin elkarrizketak izan genituen, Mariano Rajoyrekin bezala. Puigdemonten esku zegoen erabakia: hauteskundeetara deitzeko prest zegoen, baina, jaso zituen presioak tarteko, independentzia aldarrikatzea erabaki zuen azkenean. Beraz, ez genuen beste irtenbiderik izan. Hala ere, azken erabakia Senatuak zuen, eta, PPk gehiengo absolutua duenez, beste botorik ez zuen behar 155.a aplikatzeko. Tira, gaur kaleratu dute Jordi Pujolek Puigdemonti bidali zion eskutitza, eta katalanen duintasuna mantendu eta hauteskundeetara deitzeko eskatzen zion. Ezin dugu ahaztu autogobernua desegin duena hura izan dela.

Independentzia aldarrikapenik gabe Rajoyren gobernuak ez zuen 155.a aplikatuko?

Ez, noski. Iñigo Urkulluk berak onartu zuen desilusionatuta zegoela Puigdemontek hitza bete ez zuelako. Guretzat hori zen jokaleku ideala. Are gehiago, PSOEk zuzenketa proposamena zuen hala izan zedin. Edozein modutan, 155. artikuluaren aplikazioaren ondorioak aurreikusi baino leunagoak izan dira. Ez zaigu gustatzen, baina irtenbiderik hoberena zen.

Ordezkarien espetxeratzea ez da hain samurra izan, ezta?

Heinetik kanpo dagoen kautela neurria da, eta egotzi zaizkien arriskurik ez dugu ikusten. Tira, Auzitegi Nazionaletik Gorenera pasatu dute auzia, eta larria izan da batzuk aske uztea eta besteak preso mantentzea. Oraindik ez dugu ulertzen erabaki horren zergatia. Ordezkari guztiak aske egongo liratekeen hauteskundeak nahi genituen.

Miquel Iceta preso dauden ordezkariak barkatzearen alde agertu da. Ados zaude?

Katalunia tenkatuta dago, garai gogorrak bizi ditugu, eta egokia izango litzateke normaltasuna ahalik eta azkarrena berreskuratzea. Beraz, gaitzespen epairik bada, indultua komeniko litzateke. PP bost urtez egon da ezer egin gabe, eta, agertu denean, auzitegietatik kudeatu du dena. Poliziaren indarra eta judizializazioa ez dira izan behar arazo politikoen irtenbideak.

Katalan gehienek uste dute erreferenduma dela irtenbidea. Nola da posible PSCk ukatzea?

Hausturaren aldeko erreferenduma ezin da izan konponbidea, biztanleria erditik banatuta dagoelako. Sozialistok estatuarekin adostutako akordio bat landu nahi dugu autogobernuaren, finantzaketaren eta gure kulturaren ezagutzaren hobekuntzen alde lan egiteko. Akordio horren bitartez bideratuko da erreferenduma.

Hauteskunde hauek konpontzen dute Kataluniako blokeoa?

Hauteskundeen deialdiak tentsioa baretu du, baina hauteskundeek ez dute ezer konpontzen, erreferenduma gauzatzeak konpontzen ez duen bezala. Baliabide hutsak dira. Irtenbidea abenduaren 22an abiatuko da.

Inkesten arabera, zalantzan dauden hautesle anitzek Ciutadansen alde bozkatuko dute. Zergatik?

Gizartea polarizatuta dagoelako erabat. Baiezkoaren edo ezezkoaren artean, jendea toki batean edo bestean kokatzen da, eta, beraz, independentistak ez direnak Ciutadans aukeratzen dute polaritate argiagoa marrazten duelako. Argi dagoena da ez PPk ez Ciutadansek ez dutela irtenbiderik mahai gainean politikaren judizializazioaz haratago. Zalantzak dituzten guztiek Iceta babestu beharko lukete.

Ines Arrimadas garaile aterako balitz, babestuko zenukete?

Ez dugu babestuko ez Arrimadas, ez Albiol, ezta alderdi independentistetako ordezkarien hautagaitzarik ere. Miquel Icetaren gobernua babestuko dugu bakarrik. Badakigu testuingurua zaila dela, baina boz berdintsuak jasoko dituzten lau alderdien artean, argi dago PSC dela konplizitateak josteko bide bakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.