Jose Maria Mato. CIC Bioguneko zuzendari nagusia

«Azpimarratuko nituzke gaixotasun arraroen arloan egin diren lanak»

Hamar urte bete ditu biozientzietako ikerketa zentro CIC Biogunek. Zuzendari nagusiaren aburuz, ikerketen mapan beren lekua egin du. Bidean kanpoko ezagutza izatea giltzarri izan dela uste du.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2015eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Haurtzarotik heldutasunera egin du salto CIC Biogune ikerketa zentroak. Biozientzien alorrean lan egiteko helburuarekin jaio zen, orain dela hamar urte, eta ikerkuntzaren mapan beren lekua lortu dutela nabarmendu dute sustatzaileek. Jose Maria Mato (Madril, 1949) zuzendari nagusia da gunearen bilakaeraren lekuko zuzena, hasieratik ibili baita bertan lanean. CIC Biogune eta CIC Biomagune ikerketa guneetako zuzendari nagusia da, eta orain arte lehenengoaren zuzendari zientifikoa ere izan da. Haize berriak datoz, ordea, hamargarren urteurrenean, Jesus Jimenez kimikaria izanen baita hemendik aurrera ikerketa guneko zuzendari zientifikoa.

Hamar urte bete berri ditu CIC Biogunek. Zer-nolako balorazioa egiten duzu?

Oso balorazio ona egiten dut. Hasieratik izan genuen argi gure misioa: biozientzietako zentro bat eraikitzea, Euskadin eta Espainian lekua izanen zuena, eta nazioartetik ikertzaileak ekarriko zituena. Eta lortu dugu; zenbakiek hala diote, behintzat: egun, 140 lagunek lan egiten dugu. Urte hauetan, 36 herritako 500 ikertzaile baino gehiago igaro dira. Horietatik hogei atzerrian ziharduten euskal ikertzaileak dira; beraz, etxera itzuli dira lanera. 84 lagunek beren lehen lanpostua izan dute bertan. 46 doktoretza tesi egin dira, eta 56 ikaslek master ikasketak egin dituzte. Trebakuntza profesionaleko 59 ikaslek gurean egin dituzte praktikak, eta nazioarteko ikasleak ere aritu dira. Ikerketari dagokionez, 500 artikulu baino gehiago argitaratu dira nazioarteko aldizkari zientifikoetan, eta 6.500 aipamen baino gehiago izan dituzte. Orotara, lau patente lortu dira, hiru ustiatuak daude, eta beste lau eskatu dira. Inguruko enpresekin ere elkarlanean aritu gara: euskal enpresak azpikontratatu ditugu 4 milioiren truke, eta eskainitako kontratuen bidez 6,4 milioi euroko fakturazioa dugu.

Nola lortu duzue erreferentziazko gunea izatea? Zeintzuk izan ziren zuen helburuak?

Gure helburu nagusia izan zen CIC Biogune Europa, Espainia eta Euskadiko ikerketaren maparen erdian jartzea, eta lortu dugu. Aldi berean, nazioarteko ikerketa gunea izan nahi genuen, kanpoko jendea erakarri eta aldizkari hoberenetan argitaratu, eta lortu dugu hori ere. Horretarako, garrantzitsua izan da ikertzaile onak erakartzea, proiektuan sinesten zuten zientzialariak. Etorri direnak gogotsu aritu dira lanean, ilusioz.

Nazioarteko ikertzaileen beharra aldarrikatzen duzu. Zer-nolako garrantzia du zuenaren gisako ikerketa zentro batean kanpotik etorritako zientzialariak ere aritzeak?

Ikerketa globala da globalizazio hitza asmatu aurretik; ikerketa zentroentzat kanpoko ikertzaileen falta eragozpena da. Hau da, ez lukete zentzurik izanen. Gurean, kanpoko espezialistak ekartzeko aukera izan dugu, gertuan lantzen ez diren alorretan jantziak.

Urte hauetan egin dituzuen lanen artean, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Gaixotasun arraroen alorrean egin diren lanak azpimarratuko nituzke, esaterako. Egun, porfiria lantzen ari gara, tratamendurik ez duen gaixotasun arraro bat. Gure ikerketei esker jakin dugu zergatik sortzen den, zer-nolako bilakaera duen, eta molekula bat sortu dugu, botika izateko hautagai izan daitekeena. Beste lanetako batek gibeletako gaitzak ikertzen ditu. Gibel gantzatsua herritarren %30ek dute. Kasu batzuetan, gainera, gaixotasuna izateaz gain, gibela handitu egiten da, eta minbizia eta fibrosia sortzen dira. Orain arte, eritasun hori diagnostikatzeko biopsia izaten zen modu bakarra. Guk odolean atzemateko sistema sortu dugu, eta dagoeneko komertzializatu dugu; lorpen handia izan da. Prostatako minbiziaren alorrean ere hainbat ikerketa egiten ari gara. Beste azterketetako batek jaioberrien lehen txizetan metabolismoak ikertzea du xede, horrek, gaixotasunik izatekotan, identifikatzen lagunduko bailuke.

Hamargarren urte honek zuzendari zientifiko berria ekarri du: Jesus Jimenez ikertzailea.

Hamar urte hauetan CIC Biogune eta CIC Biomagune guneetako zuzendari nagusia izan naiz, eta CIC Bioguneko zuzendari zientifikoa. Hamar urte igaro eta gero beste lagun bat sartu da, zientzialari aparta. Goi mailako kimikaria da, eta Kimikako Errege Elkarteko zuzendaria da. Ona da gogotsu dabilen jende berria izatea; horrek gunea beste norabide batera bideratuko du. Oro har, ez dira aldatuko landuko ditugun alorrak, baina bai lan egiteko era, eta emaitzak hobeak izanen dira. Nire ustez, zentroetako zientzia zuzendaritza aldatu egin behar da noizean behin. Lehen hamar urteetan gaztarako gauzak egiten zituen. Orain, berriz, handitu egin da, eta helduen gauzak egin behar ditu zentroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.