PSE-EE. Idazkari nagusiak aukeratzeko hauteskundeak

Gidariak eta norabidea, jokoan

PSE-EEko 5.351 afiliatuk alderdiko idazkariak aukeratuko dituzte gaur, zuzeneko bozketaren bidez.Idoia Mendia da idazkari nagusi izateko hautagai bakarra.Araban eta Bizkaian izango da lehia

PSE-EEko idazkaritza postuetarako hautagaiak, atzo, Rodolfo Ares Antolakuntza eta Koordinazio idazkariarekin egindako bileran. PSE-EE.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Zulotik atera, elkar hartuta burua altxatu eta indartzea; azken urteetako noraeza eta gainbehera sentsazioa gainditu eta talde gisa sendotzea. Euskal politikagintzan lekua egitea du erronka PSE-EEk, eta izaera eta mezu propioa behar ditu horretarako; kalera begira norbait badela ikusaraztea eta etxe barruan indarra sentitzea. Larri dabil denboraz, hurrengo urteko hauteskundeek garrantzi berezia izango baitute zeregin horretan. Baina egin duen apustuak, oraingoz, emaitza onak ekarri dizkiola dirudi; gustura direla etxean; militanteei zuzendaritza berriaren hautaketan zuzenean parte hartzeko aukera emateak ilusioa piztu duela. Gaurko bozketan ikusiko da zenbaterainoko babesa duen hartutako bide berriak.

Edonola ere, alderdiko buruzagiek ondo zaindu dituzte barne prozesuko formak, eta mezua ere aldatzen hasi dira. Idoia Mendia da horren erakusgarri argiena. Inoren txotxongilo izateari utzi nahi diola eman du aditzera; botere zati bat eskuratzeko ahaleginean EAJrekin elkar ulertzeko prest dagoela, baina ez duela asmorik ondare guztia musu truk emateko. Berez dagokion ezkerreko mezuari eutsi behar dio, iraun nahi badu. Eta baldintzak jartzen hasteko premia behintzat ikusi du.

Askatasun premia

Horixe adierazi du PSE zuzentzeko hautagai bakarrak, 2015ean Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak onartu edo ez erabakitzeko «eskuak erabat libre» dituela esan duenean. Horregatik azaldu du EAJren proposamena «herritarrentzat ona edo txarra» den aztertu ondoren erabakiko duela aurrekontuak onartuko dituen. Izan ere, kalte handiegia ekarri die sozialistei ezkerretik urruti dauden hainbat neurri itsu-itsuan onartu izanak.

Suspertu beharra du PSEk, eta ahalegina egin du alderdia goitik behera aldatzeko erabakia hartu duela erakusten. Indarrak bildu behar horretan, liskarrik gabe egin du, zatiketari lekurik utzi gabe, batasun irudia emanda Patxi Lopez ordezkatzeko hautagai bakarra aurkeztean. Aldaketarako aurpegia orain arteko zuzendaritzari lotuegi ez ote dagoen da zalantza, benetan alderdia iraultzeko pertsonarik egokiena den edo ez. Kontuan hartu behar da PSEren zuzendaritzako kide izan dela orain arte ere eta Patxi Lopezen gobernuaren bozeramaile aritu zela.

Sorpresa gutxi

Alderdiko buru izateko hautagai bakarra egonik, sorpresarako tarterik ez du utziko gaurko bozketak, Mendiaren hautagaitzari dagokionez behinik behin. Zenbateko babesa jasoko duen izango da argitu beharreko zalantza bakarra, baina ahultasun itxurarik behintzat ez du emango. PSEk dituen 5.351 afiliatuek dute botoa emateko aukera, eta, hautagaitza aurkezterako, 2.239 abal erakutsi zituen.

Barne demokrazian sakontzeko nahia azaldu eta gardentasun erakustaldia emanda militante guztiei botoa zuzenean emateko aukera eskaintzeak, gainera, hobetu egin du horien jarrera. Hautagaitza bakarra izanik praktikan hura berresteko aukera besterik izango ez badute ere, proiektuaren parte zuzenagoa diren irudipenak giroa hobetu du.

5.351 afiliatuek 70 bozkalekutan izango dute babesa adierazteko aukera, egun osoan. 20:00etan itxiko dira hautetsontziak, eta, egunean, parte hartze datuen berri emango du alderdiak; 14:00etan eta 18:00etan. Alderdiko idazkari nagusiari buruzko behin-behineko datuak 21:00 aldera jakitea aurreikusten du antolakuntzak. Horien berri izatean, lehen uneko balorazioa egingo du Mendiak berak Bilbon, PSEren egoitza nagusian.

Kongresua, 20 eta 21ean

Ofizialki, bihar izendatuko dute PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendia, behin-behinean. Etzi helegiteak aurkezteko tartea utzi, eta ostiralean izango da behin betiko datuen onarpena. Larunbat eta igandean egingo du alderdiak ezohiko kongresua. Larunbatean berretsiko da Mendia alderdiko buru gisa, eta lehen hitzaldia egingo du jarraian. Aurrez, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi berriak eta Idoia Mendiari lekua utziko dion Patxi Lopezek ere hitzaldi bana egingo dute.

PSEren zuzendaritza osatzeko proposamenak larunbatean bertan egingo dira, eta igandean bozkaketa. Hori bai: Kongresuan ez dute militante guztiek parte hartuko. 302 delegatuk izango dute botoa emateko aukera: Arabako 39k, Gipuzkoako 96k, Bizkaiko 158k, EGAZ gazte erakundeko zazpik, eta Agrupacion Asociada taldeko bik. Militante kopuruei dagokienez, 753 ditu Arabak, 1.602 Gipuzkoak, eta 2.892 Bizkaiak.

Lurraldeetakoak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PSEko idazkari nagusiak aukeratzeko bozketak ere gaur egingo dira. Gipuzkoako botaketak Mendiaren hautaketak adina tarte utziko die sorpresei. Egun ere idazkari nagusi den Iñaki Arriola da hautagai bakarra, eta militanteen %60ren abalak aurkeztu zituen hautagaitzarekin. Egonkortuta dagoen buruzagia da, eta beste inork ez du aurkeztu bere burua haren lekua hartzeko.

Bina hautagai lehiatuko dira Araban eta Bizkaian: Cristina Gonzalez eta Ivan Ruiz de Egilaz Araban; Mikel Torres eta Iñaki Egaña Bizkaian. Aurkeztutako abalei dagokienez, Gonzalezek aise gainditu zuen Ruiz de Egilazen kopurua, eta Torresek Egañarena. Nabarmentzekoa da lehiakideak izan diren bi herrialde horietan ere eztabaida inguratu duen giro lasaia. Liskarrik ez da plazaratu, eta hautagaiak aurrez aurreko eztabaida publikoak egin dituzte itxurak gordeta.

Herrialdeetako prozedurek ere PSE osokoaren egutegi bera izango dute, kongresuan ez beste guztian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PSEren ezohiko kongresuak irailaren 27an egingo dira, bakoitza bere lurraldean, alderdiaren kongresu nagusia egin eta astebetera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.