Euskal presoak

Beste mugarri baten bila

'Now, Euskal Herrira!' leloarekin egingo du sakabanaketaren aurkako mobilizazioa Sarek urtarrilaren 10ean, Bilbon.Udaletxe aurretik eta Casillatik abiatuko da protesta, 17:30ean, Zabalburun batzeko

Sare plataformako ordezkariak, atzo, urtarrilaren 10eko mobilizazioaren nondik norakoen berri emateko Bilboko Carlton Hotelean egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Ez du ohiko manifestazioa izan nahi. Bestelako mobilizazioa izan nahi du. Erraldoia. Plurala. Zabala. «Parte hartzailea». Pertsona guztiak izango dituena protagonista. Euskal presoen sakabanaketaren aurkako aldarria lau haizeetara zabaltzea du helburu Sarek urtarrilean egingo duen manifestazioarekin. Sakabanaketa amaitzeko garaia dela dio. Posible dela, baina horretarako indar egin behar dela. Euskal Herria astinduko duen mobilizazioa egin nahi du, horregatik, urtarrilaren 10ean. Baina Euskal Herriko mugak ere gaindituko dituena. Horretara dator aukeratu duen leloa: Now, Euskal Herrira!.

Mobilizazioaren xehetasunak ez dituzte oraindik eman hura aurkezteko agerraldian Sareren izenean aritu diren Teresa Toda kazetariak eta Joseba Azkarraga Justizia sailburu ohiak. Baina ez dela beste manifestazio tradizional bat izango eman dute aditzera. Bi irteera gune izango ditu 17:30ean: Bilboko udaletxe aurrea eta Casilla plaza. Zabalburuko plaza izango dute elkargune. Bide horiek «lepo» bete nahi dituzte.

«Urraketa planifikatua»

Euskal presoen sakabanaketa ezarri zenetik 25 urte baino gehiago igaro direla gogoratu dute Todak eta Azkarragak. Eta, neurri hori, milaka pertsonaren giza eskubideak urratzen ari dela. «Urraketa planifikatua da, erabaki politiko baten ondorio, minean eta mendekuan oinarritua dagoena», salatu dute. Eta, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpen batek, esaterako, ez dela legezkoa ebatzi duela abisu eman dute. Salbuespeneko legedien barruan kokatu dute sakabanaketa, eta horiek «espetxeetako egoera gogorrak are gogorrago» bihurtzen dituztela ohartarazi.

«Sakabanaketa ez da inoiz legezkoa izan; ez du sekula izateko arrazoirik eduki, ez bada pertsonak suntsitzea eta makurraraztea», esan dute Egin egunkariko zuzendariorde izateagatik preso izan denak eta Justizia sailburu zenak. Biek aitortu dute sakabanaketak ez duela inoiz «zentzurik» izan; «eta are gutxiago gaur egun, Euskal Herrian bizi dugun egoera berri honetan». Gatazkak utzitako «ondorio latz guztiei konponbide justu eta iraunkorra emateko garaia» dela adierazi dute biek, eta epaileen artean ere neurria zalantzan jartzen dutenak azaltzen ari direla nabarmendu dute.

Sakabanaketa lehenbailehen amaitu beharra dagoela adierazi dute, urtarrileko mobilizazioaren berri emateko hamar lagun gehiagorekin egin duten agerraldian. «Ezinbestekoa» dela; «premiazkoa». Eskubideak errespetatze aldera ez ezik, gatazkaren konponbideari begira ere bai. «Konponbide integral baterako bidean urrats garrantzitsua da presoak Euskal Herrian egotea. Orain, now, ahora, maintenant».

Lehenik eta behin, irtenbidea egoerarik larrienak bizi dituztenei eman behar zaiela adierazi dute. «Gaixo dauden presoek eta 70 urtetik gora dituztenek aske behar dute jada», esan dute. «Hasteko». Halaber, euskal preso guztiak haien etxeetara oraintxe bertan gerturatzeko aldarrikatu dute.

«Posible da»

«Beharrezkoa» dela diote. Eta «posible» dela. Baina, horretarako, mugitu egin behar dela ohartarazi dute. «Sinets dezagun gure indarrean; sinets dezagun guztion ekarpena ezinbestekoa dela sufrimendua ezabatzeko eta konfrontazioa amaitzeko bidean oinarri sendoak ezartzeko; esperantzari eta konponbideari beste leiho bat irekitzeko».

Sareko kideen esanetan, horretarako jaio da plataforma herritarra. Eta sakabanaketaren «eragin latzak» agerian utzi nahi ditu, etxean hasita. «Kontzientziak astindu nahi ditu Sarek, ezberdinen arteko lana bultzatuz eta indarrak mugiaraziz, presoak eta haien senideak dagozkien eskubide guztien jabe izan daitezen».

Eta urrutira begira jarri dira. «Jakin badakigu hemen egiten duguna funtsezkoa dela», adierazi dute. Baina, haien ustez, agerian geratu da ez dela nahikoa. Horregatik egin dute «kanpora begira» jartzeko jauzia. «Munduari eskubide urraketa larri hauen berri emateko».

Lan horretan ari da Sare, nazioarteko babesa lortze aldera. Sakabanaketa amaitzeko arrazoiak azaltzen ari direla kontatu dute Todak eta Azkarragak. Sortzen dituen kalteen berri ematen ari direla, «munduko eragileak ere eskubide urraketa horren aurka mugi daitezen».

Liburuxkak martxan dira

Dispertsioaren liburuxka baliatzen ari dira horretarako. Azaldu dutenez, 500.000 liburuxkak hasi dira bidea egiten. Bai Euskal Herrian, bai munduan barrena. Gainera, ahalik eta hartzaile gehienengana irits dadin, euskaraz, gazteleraz, frantsesez zein ingelesez idatzia dagoen liburuxka hizkuntza gehiagotara itzultzeko asmoa dutela jakinarazi dute.

Arazoa nazioartekotze lan horretan jarraituko du Sarek datozen hilabeteetan. Baina sakabanaketa amaitzeko bideari «bultzada berria» emateko, ahalegin berezia egingo dute urtarrilaren 10ari begira. Bilboko kaleak «leporaino» bete behar direla diote Todak eta Azkarragak. Beharrezkoa dela. Sakabanaketa geldiarazteko urratsa dela.

Presoak Euskal Herrira ekartzeko arrazoiak sobera daudela defendatu dute: Arrazoi juridikoek, soziologikoek eta politikoek babesten dutela aldarria. «Baina, batez ere, gizalegezkoek», zehaztu dute. Arrazoi horiei guztiei«sentimenduak gehitu» eta adierazteko galdegin diete herritarrei, gainera: «Elkartasuna, maitasuna eta babesa» helarazteko preso eta senideei; «haserrea eta aldarrikapen tinkoa» sakabanaketa mantentzean «tematuta» daudenei; eta, munduari, euskal jendartearen gehiengo zabalaren nahi sakona».

Hala, «arrazoiak, bihotzak eta eskuak» batu, eta «erakustaldi erraldoia» egiteko proposatu diete pertsona, erakunde eta talde guztiei Todak eta Azkarragak, beste hamar lagunen babesean Bilboko Carlton Hotelean egindako agerraldian. Han izan dira, besteak beste, Jone Artola eta Larraitz Zuazo presoen senideak, Maitane Sagastume preso ohia, Ibon Altuna abokatua, Elixabete Etxeberria mugimendu feministako kidea eta Alberto Gabikagojeaskoa apaiz izandakoa. «Giza eskubideen alde» dagoen pertsona orori egin diote urtarrileko ekinbidean parte hartzeko deia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.