Bizitzaren amaierari buruzko legeak. Instituzioen jarduna

Eutanasiaren tabua birrintzen

Eskatzen duten gaixoei hiltzen laguntzea arautzea galdegiten duen mozio bat onartu du Nafarroako Legebiltzarrak.Zigor Kodearen «muga» gainditzeko bideak abian jarriak dira Iruñean eta Gasteizen

Koldo Martinez, atzo, eutanasiaz eta suizidio lagunduaz argibideak ematen, Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz - Arantxa Iraola
2015eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
«Diotenez, eguzkiari bezalaxe, heriotzari ezin zaio begietara so egin; bada, horixe egin behar dugu gaur hemen». Urteetan tabua izan den kontzeptu bati beldurra galtzearen garrantziaz mintzatu zen atzo Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentari, mediku eta bioetikan aditua, Nafarroako Legebiltzarreko osoko bilkuran. Eutanasia eta laguntza bidezko suizidioa arautzeko mozio bat aurkeztu zuen haren taldeak, eta egitasmoa aurrera atera zen aldaketaren aldeko indarren botoei esker; PSN ere batu zitzaien puntuetako batean. Legez, eutanasia despenalizatzeko eskumena Espainiako Gobernuarena da, baina atzo onartutako mozioaren garrantzia araudi eta eskuduntzen gaineko eztabaidaz harago doa: isilduta egon den auzi bati bide emateko eta aurreiritzi erlijiosoak gainditzeko balio du.

Testuan, eskaera bana egiten zaie Espainiako eta Nafarroako gobernuei. Zehazki, Zigor Kodearen 143. artikulua moldatzeko galdegin dio legebiltzarrak Madrili, eutanasia eta lagundutako suizidioari delitu izaera kenduta zigorgabetu ditzan. Nafarroako Gobernuari, berriz, foru lege berri bat garatzeko eskaera egin dio, «duintasunez hiltzeko eskubidea arautu dezan».

Atzoko saioan, auziaren inguruan dagoen «kontsentsu zabala» nabarmendu zuen Martinezek, eta legediak «zaintza aringarrien aipamenez harago» joan beharko lukeela esan zuen, heriotza lasaia eta duina bermatze aldera: «Pertsonei eta haien duintasunari kalte egiten ez zaien heinean, administrazioek ez lukete heriotzaren esparruan esku hartu behar». Haren irudiko, «muturreko koldarkeriak» dira «bai bizi nahi duenari bizia kentzea, bai hil nahi duena bizitzen segitzera behartzea».

Zigor Kodea aldatzeko eskaeran, PSNk bat egin zuen gobernua babesten duten taldeekin, baina bigarren puntuan —eutanasia arautzeko foru lege propio bat ontzeko proposamena—, kontra azaldu zen. Ainhoa Unzu legebiltzarkidearen esanetan, Nafarroak ez du eskuduntzarik Zigor Kodea aldatzeko: «Ez du zentzurik arau propio bat sustatzeak, jakin baitakigu Espainiako Gobernuak atzera botako duela».

EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeetako legebiltzarkideek, ordea, bat egin zuten Geroa Baiko bozeramailearen hitzekin, eta legezkotasuna aitzakia gisa ez erabiltzea galdegin zieten Espainiako arduradun politikoei. «Balio erlijiosoen izenean, gaixoen borondatearen gainetik jarri dira talde batzuen nahiak. Hori bukatu behar da. Ezin dugu geure burua zuritu legezkotasun arazoak argudiatuta», esan zuen EH Bilduko Asun Fernandez Garaialdek. UPNk eta PPk mozioaren kontra bozkatu zuten atzoko saioan. Erregionalistentzat, eutanasia legeztatzea «zenbait pertsonari hiltzeko zilegitasuna ematea da»; PPko Ana Beltranek, berriz, «heriotza naturala» bakarrik onartzen dutela azpimarratu zuen.

Eusko Legebiltzarrean

Eutanasia eta suizidio lagundua. Bi kontzeptuak ageri dira idatzita EH Bilduk 2014ko maiatzean Eusko Legebiltzarrean bizitzaren amaierako prozesuan diren pertsonen eskubideen inguruan aurkeztu zuen lege proposamenean. Espainiako Zigor Kodeak biak delitutzat jotzen dituenez, ordea,lege berriak ezin ditu onetsi. «Zigor Kodea muga da», onartu du EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak. Esku artean duten testuaren bidez, ordea, bizitzaren amaieran daudenen eskubideak hobeto bermatu ahal izango direla uste du: zaintza aringarriak eri guztiei ziurtatzea, medikuntza komunitarioa sustatzea eta alorreko profesionalen trebakuntza hobetzea. Hara legeak ekar ditzakeen onurak. Bide batez, argi dago: eutanasiaren gaineko «debatea» berriz ere mahai gainean jarri nahi izan dute legearekin. «Atea ireki nahi dugu»: eztabaidarako, eta medikuntza ulertzeko eredu «paternalista» gainditzeko urratsak eginez joateko.

Testuari buruzko iritzia eman dute osasunaren, zuzenbidearen eta bioetikaren arloko hainbat adituk, eta iritzi aski interesgarriak jaso dituztela azaldu du Uberak. «Guk ere testuaren inguruko hainbat zuzenketa aurkezteko asmoa dugu; hobetzeko modukoa da». Kezkatuta dago luzatuz eta luzatuz joan delako, beste alderdien eskariz, zuzenketak aurkezteko epea. Azken epemuga datorren hilerako da: «Abenduaren 15erako aurkeztu behar dira». Ondoren, horien gaineko eztabaidetan hasi nahi dute, berandu baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.