AEBetako hauteskundeak. Hauteskunde eguna

Azken borroka, estatuz estatu

Gaur aukeratuko dute estatubatuarrek presidente berria, kanpaina luze eta bortitzaren ondoren. Trump eta Clinton berdinduta daude, eta zalantzan diren dozena bat estatutan dago gakoa

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2016ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Hillary Rodham Clinton edo Donald Trump. Bihar goizaldera arte, ez dago jakiterik nor izango den AEB Amerikako Estatu Batuetako presidentea datozen lau urteetarako. Clintonen aldean urduritasun berezia dago azken egunotan, inkestak alde izan arren haien egiazkotasuna auzitan jar dezakeelako Trumpen aldera joko lukeen boto isilak —brexit-a da horren adibiderik garbiena—. Inkestei balioa aitortuta ere, elkarrengandik oso hurbil iritsi dira; FBIren auzia dela-eta Clintonek herritarrengan sortu duen mesfidantzari bizirik iraunarazten saiatu da atzo arte Trump, iruzurgilearen irudia erabiliz. Hori guztia, zalantzan diren estatuak eta boto-emaileak eskuratzeko, balantzak baten edo bestearen alde egin dezan: swing states edo estatu birakarietan izango da azken borroka, estatuz estatu.

Horregatik, estatu birakarien garrantziaz ohartzeko, AEBetako hauteskundeen sistema bera ulertu behar da. Estatubatuarrek ez dute presidentea zuzenean aukeratzen: 538 ordezkari dauzkate AEBek, estatuetan banaturik. Estatu bakoitzak ordezkari kopuru bat dauka, eta barruti bakoitzean lehian diren ordezkarietan irabazleak soilik puntuatzen du, hau da, garaileak dena eramaten du. Adibidez, Floridak 29 hautesle dauzka: Clintonek hamabost aterako balitu eta Trumpek hamalau, Clintonentzat lirateke 29ak. Hautesle gehien duten estatuak, berriz, Kalifornia (55), Texas (38), eta New York eta Florida dira (biek 29). Guztira, 270 ordezkari lortzen dituenak irabazten du.

Ohio eta Florida

Swing estatuetan, aldea nahikoa txikia izaten denez, gorria —errepublikanoa— edo urdina —demokrata— izaten da hauteskundeen arabera, eta, dantzan dabiltzanen artean, Ohio eta Florida jotzen dituzte garrantzitsuentzat.

Ohion, 1960. urtetik presidente izan diren guztiek irabazi dute han —diotenez, estatu hori daAEBetako izaeraren aniztasuna ondoen jasotzen duen estatua—.Clintonek, orain gutxi arte, dena zeukan galtzeko estatu horretan, baina indarra berreskuratuz joan da, eta esperantzari eusten dio, azken inkestetan gora eginda.

Florida, berriz, garaipenaz gozatzeko beharrezko gozokia izaten da, jende gehien hartzen duen laugarren estatua izanik. Azken hilabeteotan Clintonek eta Trumpek estatu horretara egin dituzten bidaia kopuruari erreparatu besterik ez dago haren garrantzia ikusteko. 2000. urtean, Florida izan zen hauteskunde polemikoenetako baten protagonista. George Bushi eman zion garaipena. 271 ordezkari lortu zituen, nahiz eta Al Gorek 540.520 boto gehiago eskuratu.

Birakarien artean, berriz, Florida eta Ohioz gain, Pensilvania (20), Georgia (16), Michigan (16), Ipar Carolina (15), Virginia (13), Arizona (11), Colorado (9), Iowa (6), Nevada (6) eta New Hampshire (4) daude jokoan. Hautagaiak estatu horietan barna ibili dira batez ere. Etengabeko joan-etorriaz gainera, alderdi bakoitzak martxan jartzen duen aparatu guztia mugitu da azken egunetarako, zer esanik ez botoen bila etxez etxe aritzen direnena.

Clinton, salbuetsia

Atzo, Hillary Rodham Clintonek albiste on bat jaso zuen, baina ikusteko dago horrek eraginik izango duen oraindik botoa erabaki gabe dutenen artean —herritarren %7—. Duela hamar egun amesgaiztoa bizitzen hasi zen, ia garaipena eskuan sentitzen zuela, bere kontra auzibidea zabaltzeko arrazoiak bazeudela jakinarazi zuenean FBI AEBetako Ikerketa Bulego Federalak. Estatu idazkari zela (2009-2013) sekretupeko informazioa bidegabeki sare pribatutik bidali izana da auzibidearen arrazoia. Joan den uztailean auzi hori itxi zuen Justizia Departamenduak, FBIren aholkuz, baina kasua berriz irekitzea erabaki zuen James Comey FBIko zuzendariak, informazio berria eskuratu zuela eta. Informazio hori Huma Abedinen senar ohiaren bidez iritsi zitzaion FBIri. Abedin Clintonen aholkulari gertukoenetakoa da aspalditik, eta senar ohi Anthony Weinerren kontra ikerketa abiatu zuen, eduki sexuala zuten mezuak eta argazkiak adingabeekin trukatzeagatik. Weiner kongresista demokrata zen eskandalua azaleratu aurretik.

Atzo, berriz, James Comey FBIko zuzendariak azaldu zuenez, ez dira Clintoni buruzko ikerketaren ondorioak aldatuko. 650.000 mezu berrikusidituzte ondorio horretara iritsi aurretik.

Ordea, erantzun horrek ez du Donald Trump konbentzitu, eta ikusteko dago boto-emaileentzat ere nahikoa izango den erantzuna. Trumpen ustez, FBIk ezin izan ditu 650.000 mezu irakurri horren denbora laburrean. «Denbora asko beharko da ikertzeko iruzurra zenbaterainokoa den».

Ohi bezala, irainen artean egin ditu adierazpenok, «Clinton presidentegairik ustelduena» baita hautagai errepublikanoarentzat.

FBIrena kanpaina bortitzaren azken kapitulua izan da. Luze jo du Etxe Zurirako lehiak, eta azken urteotako babesik txikienarekin iritsi dira. Herritarren %60k esaten dute okerrenetan onenaren alde egingo dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.