Kolonbia. Bake prozesua

Borroka baten izenean

FARCek, gerrilla izateari utzi, eta alderdi politiko bilakatzeko sorrera kongresua egin du. Siglei eutsita, 'Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea' deituko da. Sektore aurrerakoiak biltzea du asmo, «dogmarik eta alderdikeriarik gabe»

Jesus Santrich gerrillako kide historikoa lurrean eserita, atzo FARC alderdikoek egindako sorrera kongresuaren prentsaurrekoan. LEONARDO MUÑOZ / EFE.
Bogota
2017ko irailaren 2a
00:00
Entzun
FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailetik jaiotako indar politiko berria Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea deituko da azkenean. Sortu berri duten alderdiaren siglek ulertzera ematen dute borroka luze baten legatua mantentzeko borondatea daukatela; izenak izanari eutsiko diola, alegia. Baina orain bide politiko zein legaletik soilik jazarriko dituzte alderdi berriak dauzkan helburuak.

Bost hamarkada luzez Kolonbian justizia soziala eta bakea izateagatik borrokan igaro eta gero, azken sei urteotan FARC-EP ahalegindu da, berriro, elkarrizketaren bidea ibiltzen.

Aurreko bi saiakerek huts egin zuten, baina oraingoan Juan Manuel Santosen gobernuarekin edukitako negoziazio luzeek fruituak eman dituzte, eta pasa den azaroaren 24an bake akordioa sinatu zuten. Ivan Marquez izan da FARCen burua negoziazioetan, eta hala mintzatu zaio asanbladari: «Badakigu lortutako bakea ez dela perfektua, finean negoziatutako bakea delako. Akordioetan oinarritu da, eta kasu askotan eskasak izan dira akordioak. Baina gehiengo handiari ongizatea ekarriko dion bakea izan beharra dauka».

Bestalde, Rodrigo Londoño Timochenko FARC-EPko buruzagiak alderdiaren sorrera bileraren izaera historikoari eman zion garrantzia, eta etorkizunera begira ere jarri zen: «Badaude sektore progresistak, demokratikoak eta iraultzaileak, eta maila nazionalean, eskualdekoan eta tokian tokikoan mugimendu sozial eta politikoak, arloz arloko hamaika erakunde aldarrikatzaile. Geure konpromisoa baldin bada geure energia eta indarra eskaintzea denak batu daitezen, kontziente izan behar dugu nazioari zer nolako zabaltasunarekin zuzendu behar gatzaizkion; dogmarikgabe, alderdikeriarik gabe, nabarmenkeria ideologikorik gabe, eta proposamen argi eta soilekin».

Eztabaidetan izena eman duten delegatuak 1.200etik gora izan dira, eta parte hartzea handia izan da. Batzordeetako lana tonu irekian garatu dute, desadostasunak eta kontraesanak ezkutatu gabe, eta bakoitzak bere argudioak azaldu ditu. Delegatuetako gehienek, gainera, gerrillan egin dute hain bizitza, eta, denbora askoz elkar ikusi gabe pasatu ondoren, argi zegoen haien artean esperientziak partekatzeko eta hitz egiteko beharra zutela. Oinarrietako delegatuek trantsizio guneetan bizitzen jarraitzen dute, baldintza material ezin txarragoetan. Halere, prest daude jokaleku politiko berrian lanean hasteko. Asanbladako ideien eztabaidari eta proposamenei batu zaizkie sentipen humanoak, eta enkontrua izan da entsegu bat FARCen bizitza politiko berrirako.

Herenegungo bilera bereziki tirabiratsua izan. Erabaki inportanteak zeuden mahai gainean; esaterako, alderdiaren izena, horrek eragiten duen sinbolismoarekin. Bi proposamen eraman zituzten asanbladara: Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea eta Kolonbia Berria. Azkenean FARC izena nagusitu zen: 628 delegatuk hori hautatu zuten, eta 224k, aldiz, Kolonbia Berria.

Luzea eta zaila izan da estatutu politikoari buruzko eztabaida, eta artikuluz artikulu bozkatu dute azkenean. Eztabaida gehien lehenengo atalaren bosgarrenak sortu du, zalantzarik gabe —alderdi berriaren norabide ideologiko-politikoa zehazten du—. Alderdia pentsamendu kritikoarekin eta libertarioarekin identifikatzen zuen testu bat aurkeztu zuen batzordeak, baina parte hartzaile asko izaera marxista-leninista zehaztearen alde agertu ziren. Iturri hori alde batera utzi gabe, beste ordezkari batzuek esan zuten alderdi berriaren helburua indarrak biltzea dela, eta, horregatik, ez zela beharrezkoa alderdiaren izaera marxista-leninista azpimarratzea. Horien jarrera onartu dute bozketan, 592 botorekin, eta gerrillaren garaiko izaera marxista-leninista azpimarratzearen aldekoek 264 jaso dituzte.

Alderdi politiko berriaren proposamena herrialde osoko subjektu politikoei zuzenduta dago, eta trantsiziorako gobernu bat osatu nahi du adiskidetzea eta bakea bermatzeko, datorren urtean egingo diren presidentetzarako hauteskundeei begira. Norabide horretan, indar politiko eta sozial guztiei helburu komunak eta adostasun politikoak identifikatzeko gonbidapena egiten dien agiri bat onartu zuen kongresuaren zuzendaritzak, nahiz eta aldi baterakoak izan. Helburua litzateke datozen lau urteetarako gobernu bat lortzea, Habanako akordioak guztiz betetzeko.

Parte hartzaile asko FARCek Kolonbiako Kongresuan bete behar dituen hamar eserlekuen inguruan mintzatu ziren —bost Senatuan eta bost behe ganberan, bake akordioetan ezarri bezala—. Estatu nagusiak hasieran hautagai ezagunak proposatu zituen —Ivan Marquez, Pablo Catatumbo, Carlo Antonio Lozada eta Victoria Sandino—, baina ordezkari askok eskatu zuten trantsizio eremuetako kideak eta preso ohiak izendatzea. Erabaki zuten alderdiaren zuzendaritza berriak, 111 pertsonak osatzen dutenak, erabakitzea zeintzuk izango diren hautagaiak, ordezkariek egindako iradokizunak kontuan hartuta.

Laurden bat emakumeak

Ostiraleko 04:00etan bukatu zuten FARCen zuzendaritza osatuko duten 111 gizon eta emakumeren izendatzea. Laurden bat izango dira emakumeak. Atzo emandako prentsaurrekoan, Ivan Marquezek azaldu zuen zergatik aukeratu duten arrosa alderdi berriaren sinbolotzat: «Arrosa lore ederra da, eta hori ikustean gurekin lotzea nahi dugu. Adiskidetasunarekin lotzea nahi dugu, maitasunarekin, kolonbiarrentzako proiektu berri batekin».

Alderdi berriaren aurkezpeneko festa egin zuten atzo. Baimenak lortzeko zailtasun batzuk izan zituzten, baina milaka lagun elkartu ziren Bogotako Bolivar plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.