Korsika. Nazionalismoaren bilakaera. IRITZIA

Demokrazian sinetsi

Sebastien Quenot
2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Korsika uharte bat da. Hori egitate geografiko bat da. Korsikarrek naziotzat daukate beren burua. Hori egitate politiko bat da XVIII. mendeaz geroztik. Halaxe da orain ere: nazionalistek osaturiko gehiengo bat aukeratu zuten herritarrek 2017ko abenduaren 10ean. Ernest Renanfilosofoak formulaturiko «eguneroko plebiszituaren» erakusgarri eder horri erantzun bat eman behar zaio, Estatuko maila gorenera egokitua, Korsikak eta Parisek bestelako lokarriak landu ditzaten.

Lokarriak, hain zuzen, konfiantzazko harremanek sortuak izaten dira. Korsikak eta Parisek gatazka politiko mingarri batean berrogei urte igaro ondoren, FLNCk hitza bete du, eta errespetatu militanteek erabaki izana arlo publikoan ematea segida beren engaiamenduari. Batera etorri dira klandestinitatetik behin betiko ateratzeko erabakia eta Korsikako gizartean ideia nazionalistek lorturiko nagusitasuna. Agintera iritsi aurretik ere, Korsikako Legebiltzarrak erabakita zeukan Konstituzioan Korsika aipatzearen alde egitea, korsikeraren koofizialtasuna defendatzea, lur-jabe izateko bertako biztanle estatusa ezartzearen alde egitea, estatutu fiskal bat sostengatzea, baita preso politikoen amnistiaren alde egitea ere.

Eztabaida eta erabaki horiek hauteskundeak irabazi baino lehenagokoak dira. 2015az geroztik, sufragio unibertsalak irabazteko bidea eman digu boz guztietan, baina Estatuaren jarrera ez da sekula izan orain bezain lausoa. Nolanahi ere, hautetsiek sostengua eman digute. Frantziako eskualdeek begi onez hartu dute gu hautatu izana, eta «gertakari politiko garrantzizkotzat» jo dute. Parisko komunikabideetako editorialistek galdea egin diote Macron presidenteari bidea zabal dezan Korsikarekin taburik gabe mintzatzeko. Kalean, frantsesek begi onez ikusten dute Korsikaren alde dugun engaiamendua, bai baitakite ez garela Frantziaren kontrakoak. Kontua ez da Frantziarekin lotzen gaituen esteka haustea, baizik eta bestelako loturak sortzea gure auzolagun euromediterraneoekin, erreziprozitatean.

Alde horretatik, erabakigarria izango da Errepublikako presidentea otsailaren 6an eta 7an Korsikara egitekoa den bisita. Errepublikako presidente batek ez du inoiz halako bidaiarik egin hain egoera egokian. Korsikarrek, zeinak garai batean zatikaturik baitzeuden eta bortitzak izatea leporatzen baitzieten, atzean utzi dute klandestinitatea, eta gehiengo handi bat eman digute. Luzaroan zain egon dira Estatuak noiz beteko presoak hurbiltzeko legea. Eskubide bat da, eta promes bat ere bai, Estatuaren ordezkariek aldian-aldian berritua hamabost urtez. Hamar kasu ere ez dira. Korsikarrak horren esperoan daude, eta iruditzen zaie hori atari egokia litzatekeela gero elkarrizketa lasai bat izan dadin eta gure uhartearen singulartasuna onar dadin, beste lurralde askorena bezalaxe. «Mendia itsasoan», demografia ahul bat, kultur nortasun berezkoa: halakoxea da Korsika, eta, Europako zuzenbidearen arabera, modua izan behar luke arau komunen salbuespenez baliatzeko. Berezitasun horiek kontuan hartuko badira, ezinbestekoa da Korsika Konstituzioan aipatu eta onartzea, Frantziako doktrina indarrik gabe utzi ahal izateko hizkuntzaren, zergen eta higiezinen alorretan. Frantziako Errepublikak ez du zertan beldurtu 330.000 biztanleko uharte batean korsikera koofizial bihurtzeagatik. Zilegi ote zaio, bada, berdintasunaren printzipioaren izenean arau berberak ezartzea aberastasunaren pilaketaz eta jendeen joan-etorriez gozatzen diren lurraldeetan eta basamortu medikoak, prekaritatea eta langabezia nagusi diren lurraldeetan? Munduko uharterik ederrenak pairatu ote dezake, bada, bere ospearen eta etxe merkatu librearen ondorioz hemengo gazteentzat ezinezkoa izatea etxerik aurkitzea prezio arrazoizko batean, hemen familia bat sortu nahi dutenean?

Egitate demokratikoa ez errespetatzeak arrisku bat dakar: korsikarrek nahi ez dugun gatazka bat piztea berriz. Frantziak kasu egin behar dio sufragio unibertsalaren bidez adieraziriko herri borondateari, eta arrazoiak eman demokrazian sinesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.