Katalunia. Torra presidente

Quim Torra, «'caretaker president'»

Kataluniako presidente berriak Carles Puigdemonti bisita egin dio Berlinen, eta iragarri du kartzelan eta erbestean direnei karguak itzultzea duela lehentasun «lehengoratze gobernuak»

Danel Agirre.
Berlin
2018ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Prentsaurrekoak kazetaririk grinatsuenaren bokazioa zapuztu dezaketen trantze gogaikarri amorratuak dira. Atzo Quim Torrak eta Carles Puigdemontek Berlinen egin zuten agerraldiak, ordea, ariketa entretenigarria proposatu zien berriemaileei: saiatzea asmatzen nor ote den Generalitateko presidentea. Bata, bestea, biak —bakoitza zein portzentajetan— edo bietatik inor ez.

Horretarako, bikotearen hierarkia ikusezina detektatu beharra zegoen, protokoloa, protagonisten mintzaera —hitzez eta keinuz—, eta bakoitzak erantzun beharreko galderen zenbatekoa tentuz neurtuta. Ez zuen luzeegi jo ikerketak. Torrak etengabe bilatu zuen begiradarekin Puigdemont, hartzaile espliziturik ez zeramaten itaunei lehenbizi erantzuteko baimen bila. Kontrako bidean ez zen gertatu antzeko fenomenorik. Torrak sarri sorotsi zuen bere burua idatzizko oharrekin; totelka ere aritu zen batzuetan. Puigdemonten ahotsak, berriz, aretoa bete zuen, inprobisatzen ari zenean ere. Elkar «president» moduan agurtu bai, baina bizkor geratu zen argi bat bestea baino presidenteagoa dela —Puigdemont bi heren da presidente, gutxienez—. Berriemailearen pertzepzio subjektiboa Torrak berak berretsi zuen gainera.

Uharteetako futbolean, caretaker hitzarekin izendatzen da kaleratu berri duten edo gaixo dagoen entrenatzailearen hutsunea pare bat jardunaldirako betetzen duen klubeko teknikari esanekoa. Partidetara txandala jantzita azaldu ohi den tipo grisa izan ohi da, ordezkoa fitxatutakoan edo aulkiko maizterra sendatutakoan lehengo lan anonimoetara itzuliko dela barneratuta duena. Torrak Kataluniako «caretaker president» moduan, ingelesez, aurkeztu zuen bere burua atzo. Eta iragarri «lehengoratze gobernua» izango dela berea, benetako presidente legitimoa —Puigdemont— eta bere kontseilariak haien karguetara albait arinen itzul daitezen saiatuko dena.

Inbestitu bezain laster Puigdemontekin bildu gura zuela adierazi zuen Torrak, bere «leialtasun osoa eskaini» eta estradizio prozesuaren erdian dagoen kideari aholku eskatzeko. Erbesteratutako presidenteak konplizitatez erantzun zion: «Kataluniako Gobernua esku onetan geratu da. Torrak nire babes osoa izango du egoera zail honetan» Ondoren, hiru kartzeletan sakabanatuta dauden Generalitateko kontseilariei bisita egin nahi die. Eta berandu baino lehen, Mariano Rajoyrekin bilera egin nahi luke, «berak nahi duen orduan eta tokian, baldintzarik gabe», 155. artikulua desaktibatzea nahikoa izango ez dela ohartarazita. Espainiako presidenteak «Bai, noski» batekin erantzun zion Bulgariatik gonbitari, solasaldia «legearen barruan» dauden egitasmoei buruz jarduteko bada.

Finantzak, funtsezkoak

Puigdemontek eta Torrak atzo jakin zuten Espainiako Gobernuak zer plangintza izan lezakeen datozen hilabeteetarako: 155. artikulua baliogabetu bai, baina Ogasun Ministerioaren bitartez Generalitatearen finantzak zelatatzen jarraitzea. «Onartezintzat» jo zuten aukera hori biek.

Nazioarteko berriemaileen arreta gehien bereganatu zuen afera izan zen Kataluniako Gobernuaren burujabetza ekonomikoa. Gobernu berriaren osaketaz —laster iragarri nahi du Torrak— edo herenegun iragarri zuen Europako Espazio Askeaz baino askoz gehiago galdetu zioten. Presidente berriak eta erbesteratuak berretsi zuten lehentasun berbera dutela: «funtsezkotzat» jo zuten biek Generalitatearen kontabilitatearen kontrola berreskuratzea.

Kazetari espainiar batek duela urte batzuk prentsan argitaratutako bere zutabeen afera freskatu nahi izan zion Torrari. Kargua onartzeko hitzaldian, hainbatek xenofobotzat jotako pasarteengatik barkamena eskatu zuen Generalitateko presidente berriak. Idatzitakoaz iritzia aldatu ote zuen galdetuta, gaiarekin inongo harremanik ez zuen Francesc Maciàri buruzko kontakizun bati ekin zion Torrak. Jakin nahi zuenetik urruntzeagatik kargu hartu ziotenean, agerraldia koordinatu zuen prentsa arduradunak beste berriemaile baten itaunari pasatu zion txanda, zorrotz.

Seigarren astea du Puigdemontek Berlinen, eta lekukotu dira bai bera eta bai bere laguntzaileak hiriburuan. Ailegatu zenean, Kreuzberg auzoko kultur areto komunitario batera deitu behar izan zituen kazetariak, guztientzat tokirik gabe, alternatiba hobeen faltan. Atzo, Charlottenburg burgeseko lau izarreko hotel moderno bateko konferentzia gelan, aulki, entxufeak eta wifia eskaini zitzaizkien berriemaileei. Kartzelatik irten berritan eskaini prentsaurrekoan, «El nostre president!» deiadarrekin hartu zuten bere jarraitzaileek. Haietatik batzuk bertaratu ziren atzo ere, baina ez zituzten garrasiak errepikatu. Caretaker president-ari begiruneagatik, ziur aski.

Sanchezek 155.a aplikatzeko babes osoa eman dio Rajoyri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.