Moei ibaiaren beste aldean

Myanmarko miseriatik, junta militarraren aginpidetik nahiz gatazka armatuetatik ihesi, asko dira Moei ibaia paperik gabe gurutzatu eta Thailandiara iristen diren birmaniarrak. Eskubidez urri, bertako nahiz nazioarteko oihalgintzarako eta nekazaritzarako esku-lan merkea.

Mae Sot hiriko zabortegian 120 familia inguru baldintza negargarrian bizi dira. Bizibidea zaborra birziklatzea dute, eta inolako segurtasun neurririk gabe aritzen dira gai toxikoen artean. ANGEL AMARGANT.
Angel Amargant - Marta Vilanova
Mae Sot
2015eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Birmaniarra da Uvai Lwin, eta 24 urte ditu. Myanmarren jaioa, duela bi urte erabaki zuen bere herritik alde egitea. Bizimodu hobe baten bila abiatu zen Thailandiarantz. Lana aurkitu zuen Mae Sot mugako hiriko oihal lantoki txiki batean. Baldintza gogorretan egiten du lan: hamabi orduko lanaldia, atseden egunik ez, eta hiru euroko soldata egunean. Lan asko dagoenean gau osoan egiten du lan. Hala eta guztiz ere, pozik dago Lwin. «Nire herrian oinetako fabrika batean egiten nuen lan. Ordu gehiago sartzen nituen, gutxiago irabazten nuen eta arduradunak gaizki tratatzen ninduen». Lantokiko jabeak ere uste du baldintza egokiak eskaintzen dituela: «Hilero-hilero Poliziari ordaindu behar izaten diot, birmaniar paperik gabeek hemen lan egin dezaten. Bestela, deportatu egingo lituzkete».

Ez da gertaera bakana. Myanmarko bi milioi lagun bizi dira ondoko herrialdean inongo dokumentaziorik gabe. Moei ibaia ilegalki zeharkatzen dute; hura da Myanmar eta Thailandia arteko muga naturala. Gatazka politikoagatik lekualdatzen dira gehienak. Myanmarko Gobernuaren eta talde etnikoen artean gatazka armatua dago, eta errepresio militar handia pairatzen dute. Beren ekonomia egoera aldatzeko asmoz ere alde egiten dute, batzuek. NBEren arabera, iazko urtarrilean 136.499 iheslari bizi ziren mugan. Bederatzi akanpaleku daude bi herrialdeen arteko mugan. Dena den, desplazatu gehienek egoera irregularrean egiten dute lan Thailandian.

Myanmarko etorkin eta ekintzaileekYCOWA Young Chi Oo Langileen Elkartea sortu zuten duela hamabost urte. Pertsonen trafikoa detektatzeaz eta langileei babesa eskaintzeaz arduratzen dira gehienbat. Langileen eskubideei buruzko formakuntza eskaintzen diete, eta horiek defendatzeko antolatzera animatzen dituzte. Baldintza gogorrenak nekazaritzan eta ehungintzan dituzte. Myo Zaw langileen elkarteko ordezkariak azaldu duenez, landa eremuetan lanaldi amaigabeak egiten dituzte, astelehenetik igandera, ikaragarrizko beroarekin eta egunean 2 eta 3,5 euro arteko lansariarekin. Thailandiako batez besteko soldata 7 eta 12 euro artean dago. Enpresariei, ordea, egoerak bere horretan jarraitzea komeni zaie. «Ehungintzan oso zaila da norentzat lan egiten duten jakitea, bitartekari ugari baitaude, eta ikerketa atzeratu egiten dute horiek». Elkartearen arabera, egoera hori «sustatzen» duten markak «bertakoak eta nazioartekoak» dira. Langile elkarteak 160 kasu baino gehiago irabazi, eta 2.100 myanmartar lagundu ditu. Etorkizun hurbilean sindikatu bihurtu nahi dute.

Pertsonen trafikoa da immigrazioaren alderik ilunenetakoa, eta Thailandia behartutako lanaren gune nagusietakoa da munduan. Arrantzan, nekazaritzan, etxeko lanetan eta prostituzioan aritzen dira derrigortutako langile gehienak. Egoera horretan ez dago genero bereizketarik, ezta adin desberdintasunik ere. Emakumeak, gizonak eta haurrak bizi dira egoera horretan. Myanmartik ez ezik, Laostik, Txinatik, Kanbodiatik edo Vietnametik etorritakoek pairatzen dute egoera hori. Gobernuari, arduradunak zigortzeko neurri gogorrik ez hartzea leporatzen diote.

Tan Ook bere larruan bizi du egoera. YCOWAren harrera etxera iritsi berria, 44 urte ditu, eta elkarrizketatu baino bi egun lehenago lortu zuen etorkin trafikoaren saretik ihes egitea. Amesgaizto bat bizi izan du urtebetean. Beste myanmartar asko bezala, Mae Soteko zabortegian bizi zen, bere hiru seme-alabekin. Duela urtebete arrain haztegi batean lana eskaini zioten. Paperik gabe lanean hasi, Poliziak atzeman, eta 90 euroko isuna jarri zioten. Tan Ook, ordea, ez zuen hura ordaintzeko dirurik, eta Poliziak isuna ordaindu zuen Myanmarko emakume bati saldu zion gizona. Emakumearen itsasontzian aritu zen lanean sei hilabetez, soldatarik gabe, «isuna ordaintzeko». Egun osoko lanaldia amaitzean, etxean lotzen zuen jabeak. Azkenean ihes egin, eta Bangkokera joan zen. Elkartearen berri izan zuen han, eta berriro Mae Soteko zabortegian bizi da familiarekin.

«Mae Soten 30.000 thailandiar eta 60.000 birmaniar bizi dira, egoera irregularrean gehienak», dio udaleko kudeaketa buruak. Haren esanetan, «birmaniarrei lanerako baimenak errazteko politika ekonomiko berri bat» lantzen ari dira; noizko, ez dakite. Udaletik jakinarazi dute ez dutela polizia ustelkeriaren berririk eta hiriko zabortegiaren egoera ere ez dutela ezagutzen. 120 familia baldintza negargarrian bizi dira. Zaborra birziklatzea dute bizibide.

Sannar, 13 urteko neskatoa, han bizi da. Hamabi ordutik gora egiten du lan egunero. Kamioia iritsi orduko, lasterka joaten da bertako plastikoa hartzera. Eltxoak jira-biran dituzten zabor poltsatan sartzen du eskua; eskularrurik gabe, usteldutako janari eta likido toxiko artera. Egunean hiru euro irabazten ditu.

Haurrak, talde ahulena

Mae Sot hiriko eskualdean, 20.000 haur inguruk ez dute hezkuntzara sarbiderik. Colabora Birmania gobernuz kanpoko erakundearen zeregina horixe da, haurrak eskolaratzen laguntzea. Hala dio Javi Garciak, elkarteko kideak: «Haurrak gizarte talde ahulena dira, beraiek dute prostituzioan, laneko esplotazioan eta organo nahiz etorkin trafikoan erortzeko arriskurik handiena». Haurren eskolatzea da, hain zuzen, erakundearen zeregin nagusia. «Gutxieneko hezkuntza, babesa eta otordua bermatzen dizkiegu gure eskoletako haurrei».

Myanmarri diktadura garaian ezarri zizkion zigorrak arintzen eta berriro negozioak egiten hasi da aspaldian Mendebaldea, gobernua zoriontzeraino herrialdearen demokratizazioa egoki eramaten ari delakoan. Myanmar «zuzen» aurreratzen ari den bitartean, ehunka herritar Thailandian bizi dira baldintza penagarrietan eta eskubiderik gabe, nazioarteko eta bertako enpresek esplotatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.