Felipe Eizagirre.
ARRAUN-MINEZ

Estrategiak

2014ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Kontxako Bandera erabat irekia geratu dela ematen duen arren, segundo bat eta pikoko tarte eskasak dirudien baino eragin handiagoa izango zuen San Juan eta Madalen ontzietako arraunlariengan datorren igandeari begira. Izan ere, bien arteko aldea jada ez dago uretan, neska horien burmuinetan baizik. Eta abantaila hutsala den arren, ezberdinak dira bi taldeei geratuko zitzaizkien gorputzaldiak, uretako alde ziztrinena mugatzar bilaka baitaiteke arraunlariaren buruan.

Batelerek nahikoa dute txanda irabaztearekin; errenteriarrek, ordea, ez. Eta alde handia da hori. Hibaikak San Juanen branka du aurreratu beharra, eta hori zaila izaten da sarritan. Zenbat aldiz ikusi izan ote dugu ontzi bat, aurrekoa harrapatzeko merituak egin, eta gero hura pasatu ezinean? Bada, zailagoa bihurtzen da kontua aurreko asteko altxortxoarekin ari den talde baten aurka; altxorra neurriz txikia izanagatik ere. Hibaikaren entrenatzailea banintz, nire estrategia irteeratik lehertzera irten eta lehenbailehen aurrea hartzen saiatzea litzateke. Orduan bilaka liteke segundo eta pikoa tarte txikia, eta banderarako aukerak dezente ireki. Irteeran dago datorren igandeko gakoa, nire ustez.

Gizonezkoetan, estrategiarako tarte gutxi utzi du Bermeok. Donostian luze bat 9.31n burutzea emaitza apala izan liteke goi mailako ontzi batentzat. Txo-ek saio berean egin dituzte, ordea, bi luzeak denbora horretan, atzekoak ia aukerarik gabe utziz. Iganderako itsaso berde baten alde otoitz egitea da orain aurkariei geratu zaien estrategia bakarra. Eta otoitzek fruitua emanda ere, zein aurkarik iraul lezake bermeotarrekiko desabantaila, haiek itsaso zakarrean, brankaz nahiz poparean hain ongi eta, gainera, moralez hain gainezka dabiltzala kontuan hartuta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.