Xuxurletatik lau haizeetara

Josu Okiñenak 'Xuxurlak' aurkeztuko du bihar Donostian, bi hamarkadako ikerketa baten ondoren mamitutako egitasmoa. Pianoan emango ditu azken urteetan berreskuratutako hainbat pieza

Josu Okiñena musika ikertzailea, atzo Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Pianoz lagunduta, kontzertua emango du bihar han. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Gorka Erostarbe Leunda.
Donostia
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
«Gizartearena dena gizarteari itzultzea». Hitz zehatzagoz esanda, euskal musika «idatzi eta landua» berreskuratzea eta molde desberdinetan ezagutaraztea, azaleratzea. Jardun horretan aritu da azken bi hamarkadetan JosuOkiñena musika irakasle, piano jotzaile eta ikertzailea. Euskal musikaren artxiboetan arakatu, eta bildu, interpretatu eta zenbait formatutan grabatu ditu hainbat pieza. Hori izan du muina Okiñenak gidatu eta ondutako Xuxurlak egitasmoak.

Proiektuak ez du etenik izango; nahi adina dago ikertzeko eta berrirakurtzeko, baina proiektuari ikusgarritasuna eta aterabide bat eman dio Okiñenak Sonny Classical konpainiak editatutako diskoaren grabaketarekin. 25 musika pieza izango ditu diskoak. Xuxurlak izenburupean plazaratuko dute, ekainaren 1ean. 1940. eta 1960. urteen arteko euskal konpositoreen eskuizkribuetatik jasotako piezak dira. Baita XVIII. mendeko euskal klabezinisten lanak ere, Aita Donostiak Arantzazuko santutegitik jasotakoak: «Lan erraza ez da izan, eskuizkribu askoren egoera ez baitzen ona. Hilabete askoko lana izan da topatu ondorengoa ere: haiek deszifratu, berrosatu eta garbira pasatu». Eta, gero, grabatu eta argitaratu ere bai.

Konposizioen izenburu gehienak euskara hutsean dira, eta Xuxurlak izenburuak badu bere azalpena ere, Okiñaren hitzetan. «Erreferentzia egiten die xuxurlei, hots, denboraren poderioz gure historiaren joanean ezkutaturik geratu ziren eta egun berreskuratzen ari garen abestioi. Lan honetan orain jaso ditugun kantu zaharrok xuxurletatik hitzetara pasatu ditugu; jada xuxurlatzen ez duten ahotsetara pasatu dira, euren musika abesten duten ahotsetara, alegia».

Okiñenak 2017ko udan ekin zion Xuxurlak-en nazioarteko birari: Ameriketako Estatu Batuak, Argentina, Uruguai, Txile, Suitza, Italia, Polonia eta Errumania bisitatu zituen, besteak beste. Orain, Euskal Herrian aurkeztuko du lana estreinakoz, zuzenean. Bihar izango da, 20:00etan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian; pianoz lagunduta emango ditu diskoan bildutako piezok. «Niretzat hunkigarria da nire herriko antzokian aurkeztea, eta hunkigarria da, bereziki, diskoko konpositore askorentzat leku berezia izan zelako Viktoria Eugenia antzokia. Beraz, oinarrizkoa iruditzen zitzaidan diskoa hemen aurkeztea».

Kanpoan ere ezagutarazi

Viktoria Eugenia antzokiarekin harreman zuzena izan zutenetako bat Aita Donostia izan zen (Donostia, 1886-1956). Eta haren Andante Doloroso pieza da Xuxurlak diskoak biltzen duen altxorretako bat. «Konposizioabangoardista bat da, kalitate itzelekoa eta bere garairako zinez berritzailea». Bela Bartoken eta Igor Stravinskiren konposatzeko molde berritzaileari jarraikizidatzi zuen obra —akorde handi-txikian—, 1955ean, gaixotu baino hilabete batzuk lehenago, hain zuzen ere. «Heldutasun betean zegoen orduan». Lekarotzen (Nafarroa) sinatua ageri da. Felix Lavilla musikari eta irakaslearen bidez iritsi zen Okiñenaren eskuetara: «Lagun handiak izan ziren Lavilla eta Aita Donostia; pianoa lau eskutara ere jotzen zuten. Eta Lavilla nire irakaslea izan zen».Pieza hori aurkeztu zuen jada iaz, Gipuzkoako Diputazioan. Foru aldundiarenaz gain, Eusko Jaurlaritzaren babesa eta laguntza izan ditu Okiñenak Xuxurlak egitasmoa aurrera eramateko.

Diskoan bildutako piezetatik, %70 sekula argitaratu gabeak dira. Aita Donostiaren Andante Doloroso-z gain, Tomas Garbizuren Seis danzas, Felix Lavillaren Seis piezas para jóvenes pianistas eta Aita Donostiak berak berreskuraturiko XVIII. mendeko hainbat klabezinistaren piezak dira nabarmentzekoak, Okiñenaren aburuz. Tartean dira Jose Bidaurre, Jose Larrañaga, Juan Andres Lonbide, Manuel Sostoa, Agustin Etxeberria eta Francisco Ibarzabalen piezak. «Honek guztiak adierazten du euskal musika idatzi eta landua ere izan dela; lan hau kanpoan aurkeztu dudanean, harritu ere egin dira. Folklorean oinarrituriko euskal musika ezagutzen da atzerrian, eta ezagutzen dira hemengo musika tresnak ere, baina ez horrenbeste gure musika idatzia, euskal musika klasikoa nolabait».

Horregatik, Donostian aurkezteaz bat, mundu mailako birari segida eman nahi dio Okiñenak, eta eman ere emango dio. Esaterako, New Yorken bihotzera eramango du euskal konpositoreen musika hori, Carnegie Hall aretoan joko baitu uztailaren 20an. Japonian izango da aurrez, eta Ottawa (Kanada), Hego Amerika (Argentina, Uruguai, Txile, Brasil...), Taiwan eta Italian ere aurkeztuko du Xuxurlak, urtea amaitu aurretik. «Ez hori bakarrik: oraingoz ezin ditugu aurreratu, baina Euskal Herrian ere izango dira emanaldi gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.