Kongresuak Juan Carlos Borboikoa forudun egitea babestu du

PP, UPN eta Foro Asturiasen botoekin onartu du forudun egitea.Senatuaren oniritzia baino ez da falta errege ohiari lege babesa emateko

Erredakzioa
2014ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Aurreikusitako gidoia bete da, eta Kongresuak babestu egin du Juan Carlos Borboikoa, Espainiako errege ohia, forudun egitea. Denbora gutxian eta ezohiko prozedura erabilita egin du, gainera. PP, UPN eta Foro Asturiasen botoekin onartu dute errege ohiari foru berezia ematea. Lege babesak, Juan Carlos Borboikoari ez ezik, Sofia erregina ohiari, Letizia erreginari eta Leonor Asturiasko printzesari ere eragiten die. PSOEk, CIUk eta Koalizio Kanariarrak abstentziora jo dute, eta gainerako taldeek forudun egitearen aurkako botoa eman dute: EAJ, Izquierda Plural, UPD, Amaiur, ERC, BNG, Compromis, Nueva Canarias eta Geroa Baik.

Kongresuaren oniritzia lortuta, Senatuaren babesa besterik ez da falta errege ohia eta haren familiako kideak forudun egiteko. Onartzen bada, Espainiako Auzitegi Gorenean soilik epaitu ahal izango dituzte. Gainera, auzitegiren bat haien aurkako auziren bat ikertzen ari bada, legea, indarrean sartzen denetik, bertan beherageratuko da, eta Gorenera bidali beharko da.

Kongresuan jarraitu den prozedura azkarra izan da oso. Izan ere, PPk oso denbora gutxian egin ditu Espainiako errege ohiari lege babesa emateko tramite guztiak. Lehen urratsa joan den astean egin zuen: Botere Judizialaren lege organikoa partzialki berritzeko aukera baliatuta, Juan Carlos Borboikoa forudun egiteko bi zuzenketa sartu zituen. Ondoren, Kongresuko Justizia Batzordeak babestu zuen.

Senatuan ere premiazko prozedura erabiliko dute, asmoa baita forua emateko legea uztailaren lehen hamabostaldian aurrera ateratzea. Ohiko tramiteak beteko balira, ordea, irail arte ez lukete eztabaidatuko Kongresuaren lege erreforma.

Oposizioko alderdiak oso kritiko agertu dira PPk aukeratutako prozedurarekin, eta gehienak errege ohia forudun egitearen aurka azaldu dira. EAJtik, Emilio Olabarriak salatu du legez kanpokoa izan daitekeela PPk erabilitako ezohiko tramitea, eta galdetu du zerbait «ezkutatu» nahi ote duten presazko bidea erabilita. «Zer dela-eta hainbesteko presa? Uste dut herritarrengan susmoren bat barneratzen ari dela». Geroa Baiko diputatu Uxue Barkosek ere gaia «ezkutuan» eztabaidatzea leporatu die PPko ordezkariei.

Amaiurreko diputatu Onintza Enbeitaren hitzek, berriz, iskanbila sortu dute bilkuran, eta, eztabaida amaitzean salatu duenez, bere buruaren aurkako irainak ere entzun ditu hainbat eserlekutatik. Atrila utzi duenean «putakumea» deitu diotela idatzi du Twitterren. Juan Carlos Borboikoaren ibilbideaz hitz egiten hasi denean sortu da zalaparta aretoan. Enbeitak gogoratu du estatuburua zenean «GALek torturatu, bahitu eta hil» egiten zuela eta ez zuela hitzik esan Josu Muguruza erail zutenean. «Gero eta arrazoi gehiago ditugu Espainiatik joateko».

Isuna Odon Elorzari

Hilaren 11n abdikazio proiektua bozkatu zuenean, Odon Elorza PSEko ordezkariak ez zuenPSOEren agindua bete, eta abstenitu egin zen. Hori dela eta, albiste agentziek jakinarazi dutenez, PSOEk Elorzari 600 eurora arteko isuna jartzea erabaki du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.