Tentsio iturri amaigabea

Iranek Persiar golkoko Ormuzko itsasartean Erresuma Batuko petroliontzi bat atxiki ondoren, Londresek ohartarazi dio «ondorio larriak» izanen dituela, nahiz eta baztertu duen erantzun militarra

Erresuma Batuko Stena Impero petroliontzia, atzo, Irango Bandar Abbas portuaren parean. TASNIM NEWS AGENCY / EFE.
mikel rodriguez
2019ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Persiar golkoa tentsio militarren eta politikoen iturri amaigabea izan da 1980ko hamarkadaz geroztik. Munduko petrolio esportazioen %20 ateratzen dira golkoaren sarrera eta irteera den Ormuzko itsasartetik; bertze inon ez dago halako trafikorik. Gainera, herrialde etsaituak daude kostaren bi aldeetan; nagusiki, Saudi Arabia eta Iran. AEBen presentzia militar handiak borobiltzen du ekuazioa. Donald Trump AEBetako presidenteak iazko maiatzean Irango akordio nuklearra uztea erabaki zuenetik, tentsioa berriz ere etengabe hazi da itsasarte horretan. Azken hilabetea bereziki gatazkatsua izan da, eta herenegungo gertakariak soka luzatu eginen du. Iranek Erresuma Batuko petroliontzi bat atxiki zuen, eta Londresek atzo baztertu egin bazuen ere militarki erantzutea, «ondorio larriak» izanen dituela ohartarazi zion Teherani.

Stena Impero petroliontzia Irango Bandar Abbas portura eraman dute, eta han dituzte atxikita tripulazioko 23 kideak. Hormozgan probintziako Portuen eta Nabigazioaren Erakundeko zuzendari Alahmorad Afifipurrek Iranen ekintza justifikatzeko hainbat arrazoi eman zituen atzo: Stena Impero-k arrantzontzi bat jo zuela, eta ez ziela jaramonik egin alarma deiei. Irango Tasnim agentziak motibo gehiago aipatu zituen, hala nola Stena Impero-k GPSa itzali zuela, eta hegoaldeko itsasbidetik ari zela sartzen Persiar golkora —ateratzeko bidea da hegoaldekoa, eta sartzekoa, berriz, iparraldekoa—.

Erresuma Batuak ez ditu onartu Iranen azalpenak, eta Penny Mordaunt Defentsa ministroak «ekintza erasokor» deitu dio ontzia atxikitzeari. Jeremy Hunt Atzerri ministroak, berriz, Teherani ohartarazi dio auzia «lehenbailehen» konpondu ezean «ondorio larriak» izanen dituela, baina ziurtatu du bide diplomatikoak erabiliko dituztela.

Tom Tugendhat Komunen Ganberako Atzerri Gaietarako Batzordeko buruak ere Irani eraso egiteko aukera uxatu nahi izan du: «Bandar Abbasera eraman badute [ontzia], portu militar inportante bat da hori, eta uste dut aukera militarrak ez liratekeela batere burutsuak izanen», adierazi dio BBC kateari. Gainera, Tugendhaten ustez, Erresuma Batuak ez luke Irango enbaxadorea kanporatu behar. Atzo, Erresuma Batuko Atzerri Ministerioak Iranen Londresko negozioetarako arduraduna deitu zuen, azalpenak eskatzeko.

Ormuzko itsasartea tentsio aldi larrian murgilduta dago aspaldian, baina Iranen eta AEBen artekoak izan dira orain arteko gertakari gehienak. AEBek akordioa hautsiko zutela erran zutenetik, Erresuma Batuak aliatu anglosaxoiaren bertzelako jarrera bat defendatu du; bat egin du EB Europako Batasuneko bertze bi aliatuekin —Frantziarekin eta Alemaniarekin—, eta 2015eko ituna mantendu eta Iranekin harreman ekonomikoak ezartzeko bideak aztertzearen alde egin du.

Hala ere, hilaren 4az geroztik anitz okertu dira Londresen eta Teheranen arteko harremanak. Arrazoia: Erresuma Batuak Irango petroliontzi bat atxiki zuen Gibraltarren, eta, herenegun, beste hilabetez hala mantentzea erabaki zuen. Siriara petrolioa garraiatzea leporatu zion, eta EBk debekatua du hori. Iranek ukatu egin du ontzia Siriara zihoala: «Gibraltargo itsasarteko pirateria ekintzak ez bezala, guk nazioarteko itsas arauak defendatu ditugu Persiar golkoan», adierazi zuen atzo Mohammad Javad Zarif Irango Atzerri ministroak. «Erresuma Batuak Estatu Batuen terrorismo ekonomikoaren konplize izateari utzi beharko lioke».

AEBak eta Saudi Arabia

Hain zuzen, azken ekintzek adierazten dute Iranen eta AEBen arteko arrakala ezinbertzean haziz joanen dela. Saudi Arabiako SPA agentziak herenegun jakinarazi zuen herrialde horrek AEBetako bostehun soldadu hartuko dituela, eta ondoren Pentagonoak berak berretsi zuen berria. AEBek Iraken aurkako Golkoko gerran (1990-1991) eraman zituen lehenbiziko aldiz soldaduak Saudi Arabiara, eta 2003ra arte egon ziren han. Hori izan zen arrazoietako bat Osama bin Laden muturreko islamistak saud errege etxearekin hautsi, eta haren Al-Qaeda erakundea Mendebaldearen aurka hasteko. Iranen eta Erresuma Batuaren artean sortu den tentsioa baliatuta, AEBen armadaren aginte zentralak (Centcom) herenegun jakinarazi zuen operazio militar bateratu bat egitea eskainiko diela Europako, Ekialde Hurbileko eta Asiako herrialdeei Persiar golkoan «nabigazio librea» bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.