Adimen artifizialaren gizarterat

1956an, ikertzaile talde batek marraztu zuen zientziak jarraitu beharreko bide deigarri berri bat: gizakiaren adimena imitatzea. Ordutik hona, pauso nabariak eman dira, informatikan zehazki.

Irudian, Nao robot humanoidea; pertsona-robot elkarrekintza lantzeko darabilte EHUn. AITZOL ASTIGARRAGA.
2015eko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Adimen artifizialak giza arrazaren amaiera ekar dezake». Garbi mintzatu zen Stephen Hawking zientzialari ezaguna abenduan, BBC telebista katean egin zioten elkarrizketa batean. Haren hitzetan, sistema artifizialak gizakiaren inteligentzia gaindituz gero, arriskuan egonen litzateke pertsonen eboluzioa, gailuek kontrola har dezaketelako eta birdiseina daitezkeelako. Zuzen aritu zen, eta hausnarketarako bidea zabaldu zuen; halere, egun, errealitatetik baino, zientzia fikzioko film bateko gidoitik gertuago daude Hawkingen hitzak.

Aspaldiko ametsa du gizakiak bizirik ez duten materiei bizia ematea. Historian zehar hamaika adibide aurkitu daitezke; horietan ezagunena da Frankestein, Mary Shelley idazleak 1818an sortu zuen pertsonaia. Adimen artifizialaren gaia zientziaren alor askotan lantzen da, baina bereziki informatikaren munduan eman ditu pauso nabarienak. 1956an, Dartmoutheko (AEB) Biltzar baten barruan sortu zuten hitza John MaCarthy, Marvin Minsky eta Claude Shanoon ikertzaileek. Oso etorkizun itxaropentsua marraztu zuten; antza, ahoz gora esan zuten gizakiaren adimena imitatzea izan behar zuela zientziaren eta teknologiaren helburuetako batek. Garai berri baten ateak zabaldu zituzten.

Aitzol Astigarraga informatikan lizentziaduna da, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa taldeko kidea. Oso ongi ezagutzen du gaiak zer bilakaera izan duen: «Hastapen horietan, Descartesen ikuspegiarekin bat egin zuten: gorputza eta adimena bi izate ezberdin gisahartzen zituzten; hots, adimena garunean gertatzen zen prozesu gisa hartzen zuten, gorputzetik bereizitakoa». Horiek horrela, beren helburua izan zen giza burmuina birproduzitzea, eta, horretarako, logikan oinarrituriko programak eta ikasteko gai diren sistemak sortu zituzten.

Oso bilakaera baikorra izan du ikuspegi horrek teknologien alorrean. Dena dela, pauso bat harago eman behar dela deritzote mundu horren barruan diharduten ikertzaile askok; finean, aldarrikatzen dute adimena burmuinetik at ere garatzen dela eta munduarekin harremanetan dagoela. Astigarragak azaldu duenez, apurka-apurka robotikan gertatzen ari da aldaketa hori, eta hurrengo erronka da gizakiarekin interakzioan ibiliko diren robotak sortzea, hau da, sentsoreen bidez inguruko informazioa jaso eta interpretatzeko gai izango direnak.

Adimen artifizialarekin askok irudikatzen duten etorkizun beltz horretatik oso urrun dago egungo errealitatea. Gizakiari planto egin beharrean, herritarren mesederako erabiltzen da; eta ongi errotzen hasia da. Etxe askotan aurkitu daiteke horren adibide ezagun bat: xurgagailu automatikoa. «Oso esaldi esanguratsua bota zuen behin Rodney Booksek, Roomba robot xurgagailua merkaturatu zuenak: 'Ez nau beldurtzen pentsatzeak gizakien pareko bihur daitezkeela robotak; beldurtu egiten nau, ordea, roboten gero eta antz handiagoa daukagula gizakiok'».

Hainbat bideo jokok ere erabiltzen dute adimen artifiziala, jokalarien mugimenduak ikasteko eta errepikatzeko, eta Google bilatzaileak adimen artifizialean oinarritzen ditu bilaketak. Medikuntzaren alorrean, halaber, gero eta leku nabariagoa du; Donostiako Poliklinikan, esaterako, gertuko adibide bat jartzearren, Da Vinci zirujau robota erabiltzen dute, zenbait ebakuntza txiki eta zehatz egiteko.

Adimen artifizialarekin egin nahi den erabileran dago gakoa. Japonia eta AEB Amerikako Estatu Batuak dira robotikaren munduan punta-puntan dabiltzan herriak. Astigarragaren hitzetan, pertsonen esku dago adimen artifizialari emango zaion erabilera; era batekoa izango da, edo bestekoa: «Japonian, esaterako, lau pertsonako robot bat dago. Gailuaren eta herritarren arteko elkarrekintzan dihardute. AEBetan, berriz, robot militarrak ari dira diseinatzen; oro har, defentsarako bideratzen ari dira, eta armak erabiliko dituzten robotak ari dira sortzen».

Egitasmo ugari

Etorkizunari begira, hamaika ikerketa alor daude martxan. Robotikan, esaterako, ikusmen artifiziala da eremu garrantzitsuenetako bat. Irudi digitalen bidez, gailuak informazio esanguratsua atera beharko du, hala nola pertsonak identifikatu, aurpegi ezberdinak ezagutu eta ezaugarri emozionalak jaso beharko ditu. Era berean, robotaren eta gizakiaren arteko elkarrekintza sortzea da beste erronka bat. Astigarragaren lantaldea, adibidez, Nao robot humanoidearekin ari da lanean, eta pertsona-robot elkarrekintzan ari dira.

2014an, pauso nabari bat eman zen, elkarrizketak sortzen dituen Eugene Goostman programak Turingen testa gainditu baitzuen —makina adimendun bat eta pertsona bat bereizteko metodoa—.Halere, urteek aurrera egin ahala, galderak indartuz doaz: noraino iritsiko dira makinak? Hawkingek aurreikusten duen gizartea izanen al da biharkoa? «Luzera begira, ez dakit non utziko gaituen; baina luze gabe, nik uste dut oso gauza onuragarriak lortzen ari garela», deritzo Astigarragak. Geroak du erantzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.