«Bahituen» agonia luzatzen

'Open Arms'-etik 27 adingabe ebakuatzea onartu du Salvinik, «gogoz kontra». GKEarentzat, ontziko egoera «kontroletik kanpo» dago. Kostazainek ez dute ikusten etorkinak lehorreratzeko «oztoporik»

107 migratzaile daude Open Arms-en. Argazkian, horietako batzuk, atzo. Txosten baten arabera, ontziko osasun egoera «ezin txarragoa» da. FRANCISCO GENTICO / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Open Arms ontziaren eskifaiako kide da Alessandro Di Benedetto psikologoa, eta, atzo nabarmendu zuenez, barruan dauden migratzaileen artean geroz eta handiagoa da etsipena eta nahigabea, eta horrek geroz eta ohikoagoak bihurtu ditu borrokak eta eztabaidak. Lampedusa uhartea (Italia) ikus dezakete ontzitik —han daude ostegun goizaldetik—, eta ikusten ari dira, gainera, nola ari diren migratzaileak «tantaka» ebakuatzen. Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak eskatuta, 27 adingabe ebakuatu zituzten, atzo. Psikologoak adierazi zuen 16-17 urte dituztela, eta Eritrea, Sudan, Nigeria, Txad, Ganbia eta Malikoak direla. 107 etorkin daude oraindik ontzian. Barruan daudenak, errefuxiatuak eta hemeretzi laguneko eskifaia, «bahiketa baten biktima» direla leporatu zion Oscar Camps ontziari izena ematen dion GKE gobernuz kanpoko erakundearen sortzaileak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari —Espainiako bandera du OpenArms-ek—.

Eta errefuxiatu horien agonia luzatzen ari dira agintariak—misio honetako lehen erreskatea hilaren 1ean egin zuen ontziak—. Contek ostegunean jakinarazi zuenez, migratzaileak hartzeko prest daude Errumania, Frantzia, Alemania, Portugal, Espainia eta Luxenburgo. Baina Matteo Salvini Italiako Barne ministroak ez dio ematen lehorreratzeko baimenik ontziari. Adingabeak ebakuatzeko eskaera onartu du, baina eskuin muturreko agintariak argi utzi nahi izan du «gogoz kontra» onartu duela.

Bien bitartean, Campsek agintariei jakinarazi nahi izan zien GKEa ez dela sentituko «aurrerantzean» ontzian gerta daitekeenaren «erantzule», eta ezin izango duela bermatu barruan daudenen «segurtasuna». «Ontzi barruko egoera kontroletik kanpo dago; gure gaitasuna gainditu du», nabarmendu zuen ontzi barruan egindako bideo batean. Adierazi zuen, gainera, egoeraren berri eman diela Sanchezi, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrari, Emmanuel Macron Frantziako presidenteari, David Sassoli Europako Parlamentuko buruari eta Italiako agintariei.

Open Arms GKEaren eskaera bati erantzunez, Agrigentoko Fiskaltza (Sizilia, Italia) pertsonak baihitu ote dituzten ikertzen ari da herenegundik. Ikerketa ez da, zehazki, inoren kontrakoa. Ontziarekin loturiko dokumentu guztiak ikertzen ari da fiskaltza, baita Italiako kostazainek Salviniri bidalitako mezu bat ere. Horren arabera, kostazainek eskatu diote Barne ministroari «urgentziaz» emateko irtenbide bat ontziari, eta arrazoitzen dute ez dagoela «inongo oztoporik» itsasontzia porturatzeko.

Fiskaltzak ikerketan sakontzeko atzo hartutako neurrietako bat izan zen ontzian osasun ikuskatze bat egitea,migratzaileak osasunez nola dauden jakiteko. Italiako Polizia Judiziala eta Osasun Ministerioko bi mediku ziren ikuskaritza egitekoak. Azken bi egunetan ontzian egon diren bi mediku italiarrek osatutako txosten batek dioenez, ontziko osasun egoera «ezin txarragoa» da. Ansa berri agentzia italiarrak argitaratu zuen txostena, eta, horren arabera, «migratzaileak pilatuta daude, ez dute mugitzeko aukerarik, bi bainugela bakarrik daude, eta, sarritan, jateko eta lo egiteko darabilten toki berean egin behar izaten dituzte beren behar fisiologikoak».

'Ocean Viking' ontzia, zain

Mugarik Gabeko Medikuak eta Sos Mediterranee GKEen Ocean Viking itsasontzia Libiako uretan dude. Barruan daramatza 356 migratzaile erreskatatu, eta porturatu ahal izateko baimenaren zain daude oraindik ere. Sophie Rahal Sos Mediterraneeko arduradunaren arabera, Italiak ez dio erantzun hari egindako eskaerari, eta Maltak adierazi die, bestalde, ez dagokiola berari ontziaren ardura hartzea, argudiatuta erreskateak ez zituztela Maltako uretan egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.