Israelek Gaza hartu du palestinarren protesten aurkako jomugatzat

Hamaseko bi kide hil dituzte bonbardaketa batean. Hiru eguneko protestetan lau palestinar hil ditu armadak, denak Gazan. Mahmud Abbasek uko egin dio AEBetako presidenteordearekin elkartzeari

Gazako herritarrak, Israelek Beit Lahiya hirian herenegun bonbardatutako gunean, atzo. Gazako agintarien arabera, 25 zibil zauritu zituen. MOHAMMED SABER / EFE.
mikel rodriguez
2017ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
AEBek Jerusalemi buruz hartutako erabaki batek sortu du gatazka, baina, oraingoz, Gazan eragin ditu ondorio larrienak. Israelek Hamas alderdi islamistaren eraikin bat bonbardatu zuen atzo goizaldean, eta alderdi horretako bi kide hil zituen, Hamasek berak baieztatu zuenez. Israelgo armadaren arabera, Gazatik jaurtitako bi suziriri emandako erantzuna izan zen aire erasoa. Armadak herenegun bi manifestari hil zituen Gazan, mugaren bertzaldetik tirokatuta. Hamasek intifada bat prestatzeko eskatu zien herritar eta erakunde palestinarrei ortzegunean, eta, atzo, berriz egin zuen dei berbera. Atzo, hain zuzen, 30 urte bete ziren lehenbiziko intifada hasi zenetik.

Donald Trump AEBetako presidenteak asteazkenean jakinarazi zuen asmoa dutela Jerusalem Israelen hiriburutzat onartu eta enbaxada harat mugitzeko. Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak herenegun erran zuen erabaki hori mantenduz gero AEBak ezinen direla izan gatazka konpontzeko negoziazioen bitartekari. Atzo, Mike Pence AEBetako presidenteordearekin elkartzeari uko egin zion —hil honen bukaerarako hitzartua zuten bilera—. «Jerusalemi buruzko erabakiarekin Estatu Batuek marra gorriak gurutzatu dituzte», erran zion Majdi al-Khaldi PANeko aholkulariak atzo AFP agentziari.

Palestinarrek ortzegunean antolatu zituzten AEBen erabakiaren aurkako lehenbiziko protestak, eta, ordutik, Israelek lau herritar hil ditu; guztiak, Gazan. Herenegun bonbardaketa bat egin zuen lurralde horren iparraldean, armadaren arabera, suziri bat jaurti zutelako Israelerantz—25 herritar zauritu zituen, Palestinako Osasun Ministerioaren arabera—. Israelgo armadaren arabera, bertze bi suziri jaurtiketa egin dituzte Gazatik; bakarra ailegatu da Israelera, eta ez du inolako eraginik izan. Jaurtiketetako bat Saladin Brigadak izeneko taldeak hartu zuen bere gain, baina Israelek Hamas egin du erantzule, eta atzo goizaldean Gaza erdiko Nusseirat errefuxiatuen kanpamentua bonbardatu zuen. Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, goizean aurkitu zituzten Hamaseko bi kideen gorpuak, hondakinen artean.

Alderdi islamistak intifada antolatzearen alde egindako deiarekin indar batek bakarrik bat egin zuen atzo ere: Palestinako bigarren fakzio islamistak, Jihad Islamikoak. Aitzineko bi egunekin konparatuta, atzo protesta txikiagoak egin zituzten palestinarrek. Hala ere, hainbat liskar izan ziren. Larriena, berriz ere Gazan. AP agentziaren arabera, hegoaldeko Khan Yunis hirian, Israelgo mugan, herenegun hildako manifestari baten hiletaren ondoren jendetza mugarantz hurbildu zen protesta egitera; harriak jaurti zizkieten soldaduei, eta militarrek suzko armekin tirokatuta erantzun zieten. Emakume bat zauritu zuten balaz. Zisjordanian, berriz, hemezortzi manifestari gomazko balekin zauritu zituzten, Ilargi Gorriaren arabera.

«Baliorik gabeko» erabakia

AEBen erabakiak nazioartean ez du inongo babesik lortu. Arabiar Liga osatzen duten herrialdeetako Atzerri ministroek premiazko bilera egin zuten atzo Kairon, gaiaren inguruan jarrera bat adosteko. «Erabaki horrek ez du baliorik, eta haren ondorioak baliorik gabeak izanen dira», adierazi zuen Ahmed Abul Gheit idazkari nagusiak. «Jerusalemen estatusa ez da aldatuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.