Puigdemontek Rajoyri eskatu dio «Europaren aitzinean» zuzentzeko

Kataluniako presidente gisa urte bukaerako hitzaldia egin du Bruselatik buruzagi independentistak. Puigdemontek ez du argitu Kataluniara itzuliko ote den, ezta inbestidurarekin zer eginen duen ere

Carles Puigdemontek Kataluniako presidente gisa atzo Bruselatik egin zuen urte bukaerako mezu instituzionalaren irudi bat. BERRIA.
mikel rodriguez
2017ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak konstituzioaren 155. artikulua aplikatzen duenetik presidente autonomorik gabe dago Katalunia, baina Carles Puigdemontek Generalitateko presidente gisa urte bukaerako hitzaldi instituzionala egin zuen atzo, Bruselatik, eta Internet bidez. Ikusmina sortu zuen, duela hamar eguneko hauteskundeen ondoren sortu diren bi galdera nagusiei erantzunen bat emanen ote zien: Kataluniara itzuliko ote den, eta zer eginen duen inbestidura saioarekin. Hala ere, urteroko mezuaren kutsu instituzionalari eutsi zion, eta ez zuen argibiderik eman. Mariano Rajoy Espainiako presidenteari mintzatu zitzaion gehienbat. Hauteskundeetan PPk jasandako galeraren ondoren, eskatu zion orain arte egindakoa «Europaren aitzinean» zuzentzeko.

Kataluniako banderaren ondoan EB Europako Batasunekoa zuela grabatu zuen hitzaldia Puigdemontek, eta aipamen anitz egin zizkion Europari, baina EBko erakundeei ez zien ez kritikarik, ez eskaririk egin. Azken egunetan egin bezala, Rajoyri eskatu zion orain arteko norabidea zuzentzeko, «eragindako mina» konpontzeko, eta «katalanen baimenik gabe kendu duten guztia» berriz paratzeko. Horrekin batera, «gobernu legitimoarekin» negoziatzeko eskatu zion.

Goizean, Elsa Artadi Junts Per Catalunyako kanpaina zuzendaria mintzatu zen presidentegaiaren auziaz. Baztertu egin zuen Oriol Junqueras ERCko zerrendaburua izendatzeko aukera. «Generalitateko presidentea badaukagu. Hauteskundeen emaitzak argiak dira. Ez litzateke zintzoa gure mezua aldatzea hauteskundeetatik astebete bakarrik igaro ondoren. Gure proposamena da Puigdemontek jarraitzea, eta presidenteordea [Junqueras] karguan mantentzea». ERCko hainbat ordezkarik azken egunotan zalantzak agertu dituzte Puigdemontek gobernua erbestetik zuzentzeaz, eta alternatibatzat Junqueras proposatu dute, nahiz eta espetxean egon —ortzegunean aztertuko du Auzitegi Gorenak hura libre utzi ala ez—. JPCk 34 parlamentari lortu zituen, ERCk baino bi gehiago. CUPen laurak gehituz gero, gehiengo osoa dute independentistek.

Ciutadansek, berriz, nahiz eta bozak irabazi, ez du behar adina babes gobernatzeko. Ines Arrimadas hautagaiak estrategia aldaketa bat egin zuen atzo: «Parlamentuko mahaiko presidentetza nahi dugu, ez dadin berriz egon independentisten menpe».

Joan dira poliziak

Espainiako Gobernuak iragan asteartean jakinarazi zuen independentzia prozesua eragozteko Koperniko operazioa bukatutzat emanen zuela, eta, agindu horri jarraikiz, atzo joan ziren Kataluniatik irailean eramandako milaka polizia eta guardia zibilak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.