Depresioarentzat, elektrizitatea

Zenbait adituk elektrizitatea darabilte depresioak tratatzeko; horretan ari da, esaterako, Bilboko psikiatria zentro bat. Diotenez, bide egokia da botikak hartzerik ez duten pazienteei laguntzeko.
Pertsona bat tratamendurako txano elektrododuna jarrita, Bilboko Hara Albia psikiatria zentroan.
Pertsona bat tratamendurako txano elektrododuna jarrita, Bilboko Hara Albia psikiatria zentroan. MONIKA DEL VALLE / ARP

Arkaitz Almortza Muro -

2015eko martxoak 8

Ongi errotu ditu sustraiak gaurko gizartean. Depresioa ohiko gaixotasun bilakatu da, eta, osasun erakundeen datuen arabera, hamar pertsonatik batek depresio pasarte bat izango du, gutxienez, bere bizitzan. Nerbio sisteman dago gaixotasunaren iturria; aitzitik, ez da ezaguna zerk sortzen duen. «Garrantzitsua da jakitea depresioa ez dela beti agertzen arazoak, zailtasunak edo kezka jakinak dituzten pertsonen artean; ageriko eragilerik gabe ere azal daiteke», nabarmentzen da Osakidetzak gaiaz informatzeko ateratako eskuorri batean. Gaixoak hodei beltzen azpian sartzen dira, eta kostata ikusten dituzte argi izpiak: «Beren buruaz beste egiten dutenen ehuneko handi batekin lotzen da». Ez da gozoa gaixotasunarekin bizitzea; alabaina, eragina arintzeko tratamendu bereziak badira; botikekin eta psikoterapiarekin, gehienetan. Dena den, arrazoi ugari direla medio, gaixo guztiek ezin dituzte botikak hartu; horregatik, badira bestelako bideak urratzen ari diren medikuak. Bilboko Hara Albia psikiatria guneak, esaterako, elektrizitate bidezko estimulazioa erabiltzen du, eta lortzen duten emaitza eraginkorra dela deritzote; izan ere, neuronen egonkortasunean eta garunaren plastikotasunean aldaketak sortzen dituzte.

Beharbada, tratamenduaren izena ez da erakargarria izanen askorendako; haatik, lortzen dituen emaitzek bermatzen dute erabiltzen duten teknika, Loreto Brotons psikiatraren aburuz. Hara Albia zentroan dihardu, Ivan Ruiz eta Marta Torreblanca doktoreekin batera. «Garuna organo elektriko baten antzekoa da. Horrela, esan genezake deskarga txikiek neurotransmisoreen bibrazioaren rola hartzen dutela. Hargatik, neuronen karga elektrikoa moldatuz, deskargatzeko, martxan jartzeko edota deuseztatzeko gaitasuna handitzea lortzen dugu; hau da, garunaren konexio gaitasuna edo funtzionamendua handitzeko edota txikiagotzeko modua izango genuke», azaldu du. Orain dela bi urte hasi ziren teknika horrekin lanean. Gaixoari txano berezi bat jartzen diote buruan. Lehenik, elektrodoak gatz serumean bustitzen dituzte konexioa hobetzeko, eta, ondoren, txanoarekin lotzen dituzte, buru azala zeharkatuz, energia garunera iritsi ahal izan dadin.

Dosi txikiak

Oso dosi txikiak erabiltzen dituzte: bi miliampere gehienez. Brotonsek azaldu duenez, depresioak jota dagoen gaixo baten garuna aztertuz gero, hemisferioen arteko asimetria ikus daiteke. Ezkerreko aldea inhibituta egoten da eskuinekoarekin alderatuta, eta hori aintzat hartzen dute tratamenduan. «Hori dela eta, ezkerreko hemisferioan korronte positiboa ipintzen dugu, eta eskuineko aldea inhibitu; horrela, alterazioa orekatzen dugu», esplikatu du.

«Teknika oso eraginkorra da, neuronen egonkortasuna handitzen edota txikitzen baitu». Urte hauetan hainbat gaixotasun landu dituzten arren, depresioarekin lortu dituzte emaitza hoberenak. Antza, zenbaitetan, gaixotasuna desagerraraztea lortu dute. «Ongi dakigu non estimulatu behar dugun, baita garunaren funtzionamenduko zein atal hobetu nahi dugun ere, edota zein inhibitu behar dugun», azaldu du. «Gaixo askori botikek ez diete behar bezala eragiten; beraz, tratamendua egokia izan daiteke haiendako». Askotan, gainera, depresioa izaten duten lagun askok kostata hartzen dituzte botikak, sor ditzaketen albo ondorioengatik.

20-30 saio

Depresioaren iraupenak alde handiak izaten ditu pazientetik pazientera, baina, oro har, osasun erakundeek erabiltzen dituzten datuen arabera, gehienak hobeto sentitzen hasten dira 4-6 hilabetera. Elektrizitate bidezko tratamenduak 20 eta 30 saio ditu, eta prozesuak 30 minutu irauten du bakoitzean. Oro har, gaixoen garunak ongi egokitzen dira egoera berrira; dena dela, pertsona bakoitza mundu bat den neurrian, gaixo bakoitza ere bere moduan egokitzen da tratamenduak dakarren aldaketara. «Zenbaitetan, sendatzen diren arren, berriro gaixotzen dira; izan ere, garunak memoria du, eta aurreko egoera batera itzultzeko gaitasuna», esplikatu du Brotonsek.

Neurofisiologiaren eskutik hasi ziren elektrizitatearen bidezko tratamenduarekin lanean Bilboko aditu horiek. Teknikaren argazkiak atentzioa ematen duen arren, psikiatrak dio ez dagoela kezkatzeko motiborik, ez baitu minik sortzen eta segurua baita erabiltzen duten pazienteentzat. Aurrera begira, tratamenduarekin lanean jarraitzea dute helburu, sortzen diren teknika berriak eta hoberenak aplikatuz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Auzotarrak eta polizia, okupatutako eraikinaren aurrean. / ©Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Okupatutako etxe bateko bizilagunak kaleratzear dira Gasteizen

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Eraikina hutsik egon da hamar urtez, eta, uztailean, «etxebizitza lortzeko beste aukerarik ez zuten» 30 lagun sartu ziren bizitzera.

Birusa atzemateko probak Agurainen, urtarrila erdialdean egindako baheketan. ©Raul Bogejo, FOKU

Positiboen ehunekoa %8 da Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz

Osasunbideak beste 239 COVID-19 kasu atzeman ditu foru erkidegoan. 3.000 proba egin dira, eta horien %8k eman dute positibo.

. ©Iñigo Uriz / FOKU
Miren Gorrotxategi, Pilar Garrido eta Isabel Salud, atzoko agerraldian, Gasteizen ©Elkarrekin Podemos - IU

EP-IUk uste du «trama bat» egon daitekeela txertaketa irregularren atzean

Edurne Begiristain

Goi kargudun gehiago tartean egon daitezkeela uste du, eta Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat eratzea proposatu du. CCOOk ere esan du «larria» dela jazotakoa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.