Kataluniako hauteskundeak. Berriemaile bereziak

Nazioartean, zalantza nagusi

Prozesuari erreparatu dioten Europako kazetariek uste dute ez subiranistek eta ez unionistek ez dutela ziurrenik gehiengorik lortuko, eta ez dute baztertzen berriro bozetara deitzea. Urriaren 1eko errepresioa gorabehera, Europaren jarrerak ez ditu ezustean harrapatu.

Hamaika kazetari, Carles Puigdemontek joan den urriaren 31n Bruselan egindako prentsaurrekoa hasi baino lehen. OLIVIER HOSLET / EFE.
Bidatz Villanueva
Bartzelona
2017ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesuak ikusmin handia sortu du nazioartean. Mundu osoko kazetariek kasu egin diote azken hilabeteotan gertatu denari, eta haien bidez iritsi dira berriak atzerriko publikora. Independentziaren aldeko manifestazioetan sarri egotzi zieten manipulazioa Espainiako hedabideei; batez ere, urriaren 1ean eginiko kontakizunarengatik. Poliziaren oldarraldien ostean, Kataluniako herritarren zati handi bat minduta eta haserre zegoen. Haien nahia, sarri, kazetariek «gertatzen ari dena» kontatzea zen. Kazetariak bezainbeste, askotarikoak dira lan egiteko moduak. Batzuek nahiago dute soilik kanpotik begiratu; beste batzuk analisi sakonagoak egitera ausartzen dira. Baina, oro har, ez daude alde batera edo bestera argiki lerraturik. Besteak beste, zalantza handiak dituzte hilaren 21eko hauteskundeetan zer gertatuko den.

FRANÇOIS MOUSSEAU

«Akzio-erreakziojoko bat da»

Frantziako Libération egunkariarentzat lan egiten du François Mousseauk (Frantzia, 1966). Badira hemezortzi urte Madrilen bizi dela. Gertutik erreparatu die irailetik hona Katalunian gertatutakoei. Abenduaren 21eko hauteskundeen berri ere emanendu.

Bien bitartean, katalanen iritziak biltzen ibili da. Duela gutxi Martorelleko bizilagun batzuk elkarrizketatu ditu. «Gertatu zena oso bortitza izan zen guztientzat. Jendearen sentimenduak bildu nahi genituen, denetariko zauriak sortu baitira: instituzionalak, politikoak eta familien artekoak, esaterako». Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa «akzio-erreakzio joko bat» dela uste du. «Egun gakoak irailaren 6a eta 7a izan ziren, independentzia gauzatzeko baliabideak ez zituztenez legea urratu zutelako».

Haren iritziz, Espainiako hedabideek jarrera argi bat dute auziaren inguruan: «Informazio oso partziala ematen dute; polarizazioa argia da. Baina jakinda nor dagoen hedabidearen atzean eta zein den lerro editoriala, ez dut hartu sorpresa handirik. ABC irakurrita, badakizu Mariano Rajoyren alde eginen duela modu itsuan». Gehitu du «Espainiako demokraziaren arazo orokor bat» dela.

Hauteskundeei begira, irizten dio boto emaileak oso fidelak zaizkiela beren alderdi politikoari, nahiz eta «gauza bortitzak» gertatu diren. Dena den, uste duboto emaileak batetik bestera igarotzea sustatu dutela alderdi berriek. «Fenomeno berri bat da». Iragarri du Podemek garesti ordainduko duela «batzeko ezintasuna», eta Ciutadansek, bere gain hartu duenez independentziaren aurkako aldarria, «babesgabe» sentitu omen direnen bozkak lortzeko aprobetxatuko duela. «Hori diote, gutxienez, inkestek».

MARTIN ROBERTS

«Gerra bat behar litzatekeEuropak esku hartzeko»

Nazioarteko hainbat telebista eta kazetarentzat egiten du lan Martin Roberts (Erresuma Batua, 1950) berriemaileak: The Guardian, The Times, The Telegraph eta Al Jazeera, besteak beste. Reuters agentzian hamasei urtez egon eta gero, enplegua erregulatzeko espediente baten ondorioz kaleratu zuten. Nazioarteko Prentsaren Klubak saria eman dio aurten, atzerriko berriemaile onenarena. Normalean ez du iritzirik ematen: «Gertaera zorabiagarrien jarraipena egiten ari naiz, eta hedabideetatik deitzen didatenean zer gertatzen ari den kontatzea nahi dute». Urriaren 1eko polizia oldarraldiak «harrigarriak» izan ziren, haren ustez. Horrek «leherrarazi» zuen gaia nazioartean.

Ez du harritzen Europak Katalunian esku hartu ez izanak. «Ez da nik uste dudana edo ez; Europak ez du eskua sartuko. Jugoslaviako gerraren moduko zerbait beharko litzateke Europak esku hartzeko. Noski, espero dugu halakorik ez izatea. Ez du parte hartu Euskal Herriko gatazkan, ezta Irlandako iparraldekoan ere, eta horiek askozaz bortitzagoak izan ziren»

Hauteskundeen aurreikuspenei dagokienez, galdetegietan oinarritzen dela dio. Ez du uste gehiengorik aterako denik, eta iruditzen zaio zaila izanen dela itunak egitea. «Badirudi independentistak ez direla oso ongi moldatzen azkenaldian. Ciutadans, PSC eta PP ere ez ditut elkarrekin gobernatzen ikusten». Ez du baztertzen beste boz batzuk egon daitezkeenik.

DANIELA SANTIAGO

«Espainiaren aldeko manifestazioan osobortitza zen diskurtsoa»

Katalunian gertatu denari 2015etik erreparatu dio Daniela Santiago kazetariak (Portugal, 1974), RTP Portugalgo Irrati-Telebista publikoarentzat. Hauteskundeetarako itzuliko da.

«Portugalen zoramena dela uste dute batzuek. Hemen bezala, bi alde daude; baina ez hain muturrekoak. Handik ikusten da historiara iraganen diren gertakizunak direla. Kalean iraultza moduko bat ikusi dute», azaldu du Santiagok.

Atxiloketak neurriz kanpokoak iruditu zitzaizkien herritarrei. «Hain arazo handia badago eta jendearen amorrua eta gorrotoa kudeatu behar badira, zergatik hartzen dituzte halako neurriak?». Dena den, Justiziaren epaiei buruz ez du analisirik egin, «erabaki horiek estatu bakotzari dagozkio eta».

«Gauza bat galdeketak dira, eta beste bat gertatuko dena», ohartarazi du bozei dagokienez. Galdeketei erreparatuz, maiz aipatzen dituzte bigarren hauteskundeak, baina, Santiagok dioenez, bozka presioa eragiteko izan daiteke. Zer bozkatuko duten inork ez daki, haren esanetan.

Independentziaren aurkakoen jarreraz mintzatu da. Enpresariak, esaterako, «oso berandu atera dira zerbait nahi baldin bazuten. Oso eroso zeuden, eta guztiak eztanda egin duenean azaldu dira bakarrik». Gogoratu du Kataluniako independentzia prozesua ez dela berria: «2015eko programan zegoenaren bidetik joan dira, eta nik hori azaltzen diot Portugali. Ezezkoaren aldekoek, kalera irteteko, erreferenduma baino hiru egun lehenago arte itxaron behar dute?». Leporatu diote independentismoaz soilik hitz egitea. «Noski, independentismoa albiste zen, kalera irteten ziren milaka katalan, eta, gainera, besteen ikuspegia lortzea oso zaila zen».

Independentziaren aldeko manifestazioetan ez da jazarria sentitu. Zenbait kazetarik kexak aurkeztu dituztela aipatu du: «Kazetariak bagara eta tentsio handiko egoeran bagaude, gure aurka ere azaldu daitezke, eta hori ere kudeatzen jakin behar da». Bestalde, aipatu du Espainiako batasunaren aldeko manifestazioak gogorrak izan zirela: «Diskurtsoa oso bortitza zen; arazoak zeuden».

MATHIEU DE TAILLAC

«Ez da geure gerra»

«Krisi historikoa» dela deritzo Mathieu de Taillac (Frantzia, 1982) Le Figaro eta Radio Franceko kazetariak. Haren arabera, Frantzian interes handia sortzen du gaiak: «Asko komentatzen dira Kataluniako berriak; gehien irakurritakoen artean daude». Gizartearen jarrera «askotarikoa» da, haren ustez. Gehiengoa independentziaren aurka lerratzen bada ere, eskualdearen arabera iritziak aldatzen direla esan du. Oro har, uste du frantziarren jarrera ulertzeko kontuan hartu behar dela «herrialde jakobinoa» dela.

Kataluniako eta Espainiako prentsa alde batera edo bestera lerratzen da, Taillacen aburuz. «Finean, ez da geure gerra», aipatu du, nazioarteko hedabideei erreferentzia eginez. Ikusten duena helarazten saiatzen da, «distantzia batekin», betiere. Artur Mas eta Carles Puigdemont elkarrizketatu ditu, adibidez, baita Espanian jarraitzearen alde dauden herritarrak ere. «Gutxiago lerratzen gara, eta, horregatik ere, kritikak egiten dizkigute bi aldeetatik. Nik, ordea, argi dut publiko frantses batentzat idazten dudala». Espainiako prentsari ez bezala, ez diote inoiz leporatu manipulatzen duenik. Katalunian gertatzen ari dena Frantziara helarazteko eskatu ohi diote herritarrek.

Bozen harira, inkestei erreparatuta, uste du abenduaren 22an inork ez duela jakinen nork gobernatuko duen Katalunian. «Konplikatua» izan daiteke, haren iritziz, gehiengoa lortzea. «68 diputatu baino gehiago baldin badaude ERC, CUP eta Junts Per Catalunyaren artean, gobernua osatuko dute». Aldi berean, ez du imajinatzen independentziaren aurkako gehiengoa. Beste hauteskunde batzuk ere egon daitezkeela aurreikusten du. «Uste dut zalantzazko egoera batean egonen garela».

JULIA MACHER

«Itxaropen handiajarri zen nazioarteko prentsan»

Kataluniako prozesuari 2009tik erreparatu dio Julia Macher (Alemania, 1975) berriemaileak. Besteak beste, DeutschlandFunk irratiarentzat eta ARD telebista katearentzat egiten du lan. Denbora luzez nazioarteko 4. eta 5. orrialdeak okupatu ditu Kataluniako auziak, baina benetako interesa urriaren 1etik aurrera sumatu zuen, oldarraldiak egon ziren egunetik. «Alemaniako ikuspegia zen gatazka bortitz bat bihur zitekeen krisi handi batean geundela, eta hedabide batzuek uste zuten Maidan plazako jokaleku bertsua sor zitekeela», aipatu du. Katalunian bizitzen, ordea, ez zuen halako sentsaziorik, manifestazioak gehienbat baketsuak izan direlako, haren ustez. Halere, azaldu duenez, bere lankide askok uste dute urriaren 1ean norbait hil izan balute bestelako jokaleku batean leudekeela Katalunian.

Kaleko berri eman zuen zabal, oro har, eta Espainiako hedabideen aurkako jarrera agerikoa zela deritzo. «Atxiloketak gertatu zirenean, itxaropen handia jarri zen nazioarteko prentsan», azaldu du. Horrek lagun zezakeen, Macherren aburuz, gaia nazioartera eramaten eta bitartekaritza bat ezartzen. Baina urriaren 27az geroztik, Carles Puigdemont eta beste kontseilariak Bruselara joan zirenetik ikusirik ez zela bitartekaritzarik egonen, nazioarteko hedabideekiko jarrera era pixka bat aldatu zen».

Alemanian bi ikuspegi sumatzen ditu. Jende asko dago, bere ustez, ez duena ulertzen independentismoak Auzitegi Konstituzionalaren esanei muzin egin izana. Halaber, urriaren 1etik aurrera «sinpatiaz» begiratu zen Kataluniarantz, «oldarraldi oso bortitzak izan zirelako». Independentzia aldarrikatu zutenean, ordea, «sinpatia» hori galdu zen, haren ustez.

Ez du gehiengo argirik ikusten, eta ez du baztertzen beste hauteskunde batzuk egotea. Gobernu bat sortuko balitz, gutxiengo batekin eta beste talderen baten noizbehinkako babesarekin izanen litzateke, haren iritziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.