Erresuma Batuko 23 diplomazialari kanporatu ditu Errusiako Gobernuak

Britainiar Kontseilua desegin, eta Londresen San Petersburgoko kontsuletxeari irekiera baimena debekatu dio Moskuk. Mayk bilera bat iragarri du datorren asterako, «neurri berriak» adosteko

Laurie Bristow Erresuma Batuaren Errusiarako enbaxadorea, atzo, Moskuren erabakiaren berri jakin ostean. EFE.
ander perez zala
2018ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Dmitri Peskov Errusiako Gobernuko bozeramaileak herenegun iragarri zuen «laster» emango zutela Erresuma Batuaren aurkako neurrien berri, «ondo neurturiko erabakia» hartu ostean. Egun berean, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak adierazi zuen Mosku prest zegoela «diplomazialari britainiarrak bidaltzeko», eta atzo goizean baieztatu zuen neurria Errusiako Atzerri Ministerioak, ohar baten bidez: Erresuma Batuaren Moskuko enbaxadako 23 diplomazialari kanporatu ditu, eta persona non grata izendatu. Londresek neurri bera hartu zuen iragan asteazkenean, Moskurekin harremanak etetearekin batera; ordea, Errusiako Gobernua haratago joan zen atzo, eta iragarri zuen Erresuma Batuak San Petersburgon zabaltzeko zuen kontsuletxeari irekiera baimena debekatu diola. Horrekin batera, Britainiar Kontseilua desegiteko agindua eman du —kultura arteko harremanak sustatzeaz arduratzen da—; «probokazioen aurkako» erantzunak dira horiek guztiak, Ministerioak jakinarazi zuenez.

Errusiako Gobernuaren eta Erresuma Batukoaren arteko harremanak gaiztotu egin dira joan den asteaz geroztik. Martxoaren 4an, Sergei Skripal Errusiako espioi ohia eta haren alaba Julia konorterik gabe aurkitu zituzten Salisburyko (Ingalaterra) merkataritza zentro baten aurrean, banku batean botata; ikerketaren eta Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroaren arabera, pozoitu egin zituzten, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Sobietar Batasunean garaturiko agente nerbioso bat erabiliz. Skripalen alaba egun bat lehenago iritsi zen Londresera Moskutik, aita bisitatzeko.

Ikerketaren lehen egunetan Mendebaldeko estatuak zuhurtziaz aritu ziren arren, aste honetan Mayk Errusia jo zuen erasoaren erruduntzat, eta Vladimir Putin Errusiako presidentea jarri zuen jomugan, erasoa agindu zuelakoan; akusazio horren ostean, Alemaniak, Frantziak, Nazio Batuen Estatuak, Europako Batasunak, hainbat gobernu eta erakundek babesa adierazi zioten Londresi. Hitzok eta bere 23 diplomazialari kanporatzeak «probokaziotzat» jo zituen Moskuk, eta atzo jakinarazitako erantzuna prestatzen hasi zen. Erabakiak presidentetzarako hauteskundeen atarian iritsi dira: ezustekorik ezean, bihar herritarrek Putin hautatuko dute presidente, laugarrenez.

Harturiko neurriez gain, Errusiako Atzerri Ministerioak Londres kritikatu zuen atzo, egunotan izandako jarreragatik: «Frogarik gabe leporatu dio Errusiari erasoaren egilea izatea. Ikerketa bateratu bat egiteko proposamena helarazi genion Theresa Mayren gobernuari, baina erantzunik ez emateko erabakia hartu dute».

Arma kimikoa

Ustez erabilitako arma kimikoari buruz, Ministerioa argi mintzatu zen: «Joan den urtean, Errusiako Federazioak bere arma kimikoen erreserba guztiak suntsitu zituen, eta OPCWk [Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak] baieztatu zuen errealitate hori. Espioi ohia pozoitzeko erabili zuten arma kimikoa Mendebaldean sortu eta garatu zen».

Horren aurretik, Maria Zajarova Atzerri Ministerioaren eledunak ziurtatu zuen espioi ohia eta haren alaba pozoitzeko erabili zuten arma kimikoa Mendebaldean erabiltzen dela: «Novichok izeneko arma kimikoari buruzko ikerketarik ez da egin Errusian, ezta Sobietar Batasunean ere. Hemen ez dugu arma hori sortu».

Bere alderdiaren Udaberriko Foroan zegoela erantzun zion Mayk Errusiako Gobernuari: «Mota horretako erabakiak aurreikusiak genituen. Gure hurrengo pausoak eta neurri berriak datozen egunetan zehaztuko ditugu, gure aliatuekin batera».

Hala, Erresuma Batuaren Segurtasun Nazionalerako Kontseilua datorren asteko «lehen egunetan» elkartuko da, erabaki berriak hartzeko; aukeretako bat litzateke Errusiaren Erresuma Baturako enbaxadore Aleksander Vladimirovitx herrialdetik kanporatzea, baina oraingoz ez dute ezer baieztatu.

Bi gobernuen arteko tentsio politiko eta diplomatikoa areagotzen ari da egunak pasatu ahala, eta Londresek hartuko du hurrengo pausoa. Erabaki beharko du, besteak beste, tentsioa are gehiago areagotuko lukeen neurri bat komenigarria ote den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.