Bizilagunen krisi politikoa

Perun eta Ekuadorren ezegonkortasun egoera handia sortu da aste honetan. Perun presidentearen eta Kongresuaren arteko legitimitate lehia bat piztu da. Ekuadorren salbuespen egoera ezarri dute

Bizilagunen krisi politikoa.
mikel rodriguez
2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Venezuelako ezegonkortasun politikoak Latinoamerika osoaren agenda markatu du aspaldian. Hugo Chavez presidentea hil zenetik (2013) krisi politiko kronikoa pairatu du, eta egoera muturreraino gaiztotu da joan den urtarrilaz geroztik, Nicolas Madurok agintaldi berria hasi, eta dozenaka herrialdek haren legitimitatea ez zutela onartuko erran zutenetik. Horien artean daude Hego Amerikako bertze bi herrialdetako, Ekuadorko eta Peruko bizilagunak. Aste honetan krisi politiko larriak piztu dira bi herrialde horietan. Venezuelakoaren izaera eta arrazoi ezberdina duten krisiak, eta haren dimentsio geopolitikoa hartu ez dutenak, baina erakusten dutenak Hego Amerikan ezegonkortasun politikoa ez dela Venezuelaren arazo esklusiboa.

Izatez, Peruko eta Ekuadorko krisiek ere ez dute elkarren antzik. Perukoa estatuko erakundeen arteko legimitate gatazka batek eragin du, eta Ekuadorkoa, berriz, gatazka sozioekonomiko klasiko bat da. Perun joan den astean piztu zen krisia, Auzitegi Konstituzionalaren inguruko eztabaida baten ondorioz. Oposizioak, FP Herri Indarra alderdi fujimorizalea buru zuela, prozedura bat abiarazi zuen Auzitegi Konstituzionalean aldeko epaileak izendatzeko. Gobernuak konfiantza mozio bat aurkeztu zuen gobernua babestu ala ez bozkatzeko, eta, horrekin, oposizioaren prozedura geldiarazteko.

Pedro Olaechea Kongresuko presidenteak, ordea, Auzitegi Konstituzionaleko presidentea aukeratzeko bozketa egitea baimendu zuen joan den astelehen goizean. Gainera, egoera gaiztoaren adierazgarri, Salvador del Solar lehen ministroari Kongresuko ateak itxi zizkioten, egiatan. Olaecheak arratsaldean deitu zuen konfiantza mozioaren osoko bilkurara; gobernuak bozketa irabazi zuen, baina Manuel Vizcarra presidenteak ondorioztatu zuen aitzineko gertaerengatik Kongresuak konfiantza kendu ziola gobernuari, eta ganbera desegin, eta hauteskundeetara deitu zuen.

Horren guztiaren ondorioz, herrialdean agintzeko legitimitatea nork duen zalantzan paratu da, Venezuelan bezala. Oposizioak gehiengoa du Kongresuan, eta Vizcarrak ganbera desegin ondoren, ez zuen erabaki hori onartu, eta oposizioko ordezkariak eraikinean gelditu ziren. Kongresuak jardunean segitzeko legitimitatea duela aldarrikatu zuten, eta erabaki bat hartu: Vizcarrari presidentetza etetea, eta Mercedes Araoz presidenteordea izendatzea behin-behineko estatuburu.

Araozek karguaren zina egin zuen astelehenean bertan, baina 24 orduren buruan dimisioa eman zuen. Tartean, armada mintzatu zen, eta babes osoa eman zion Vizcarrari. Karrikan, egunotako mobilizazio bakarrak Vizcarraren aldekoak izan dira. «Azken aste honetan nahiko erabaki garrantzitsuak hartu ditugu, eta berresten dugu denak hartu ditugula gure demokrazia eta gure konstituzioa zorrozki errespetatuta», erran zuen Vizcarrak herenegun, Pucallpa hiriko ekitaldi batean.

Vizcarrak botereari eutsi

Kongresurako bozak urtarrilaren 26rako deitu dituzte, eta FP buru duen oposizioak onartzen ez badu ere, errealitatea da Vizcarrak botereari eustea lortu duela. Auzitegi Konstituzionala heldu den ortzegunean elkartzekoa da presidenteak hartu zuen erabakia legezkoa den ala ez erabakitzeko.

Alberto Fujimorik 1992an Kongresua baliogabetu eta estatuko botere osoak lortu zituenetik Peruk izan duen legitimitate krisirik larriena izan da, nahiz eta egoera hagitz ezberdina den orain —errepresio eta indarkeria politiko handiko giroan gertatu zen 1992koa—.

Ekuadorren, berriz, gobernuaren eta karrikaren artekoa da gatazka, eta Lenin Moreno presidenteak salbuespen egoera ezarria du joan den ortzegunaz geroztik. Protesten arrazoia izan dira Morenok NDF Nazioarteko Diru Funtsaren kreditu bat eskuratzeko ezarri dituen neurri ekonomikoak. Bertzeak bertze, erregaiaren subsidioa kendu du, eta lan erreforma bat egin du —langile publikoei opor egunak murriztea, gehieneko soldata jaistea eta kaleratze sorta bat egitea onartu du, eta arlo pribatuan 40 orduko lan astea enpresei nahieran antolatzeko ahalmena eman die, baita kontratazioa «malgutzeko» neurriak hartu ere—. Zerga sisteman ere aldaketak egin ditu, bertzeak bertze, gai teknologikoen inportazioei zergak murrizteko.

Mobilizazio «mugagabea»

Morenoren neurrien kontra mobilizatu dira sindikatuak —garraioaren arlokoak bereziki—, ikasle taldeak eta Conaie Ekuadorko Nazionalitate Indigenen Konfederazioa. Grebak egin dituzte, errepideak itxi, eta gobernuak berak eskolak itxi zituen joan den ortzegunean. Quito hiriburuan eta herrialdeko bertze eremu anitzetan liskar gogorrak izan dira manifestarien eta estatuko indarren artean. Herenegun 350 ziren atxilotuak, Maria Paula Romo Barne ministroaren arabera —horietako 159 Guayaquilen, eta 118 Quiton—. Manifestazioak ez dira eten, baina Ekuadorko hedabideen arabera, herenegun eta atzo jada txikiagoa izan zen horien eragina. Garraio arloko greba bertan behera utzi zuten, baina bai Quiton, bai bertze hirietan atzo zerbitzu publikoak ez zuen normal jardun. Jaime Vargas Conaieko presidenteak garraiolariek greba bertan behera utzi izana kritikatu zuen atzo, eta iragarri zuen Conaiek «mobilizazio nazional mugagabea» eginen duela gobernuaren neurrien aurka. Morenok, ordea, herenegun Guayaquilen egin zuen agerraldi batean erran zuen ez duela gibelera eginen. «Garbi gera dadila subsidioa kendu dela, bukatu dela alferkeria, eta hemendik aitzinera guztiok desio dugun Ekuador berria eraikiko dugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.