Albistea entzun

Milaka lagunek ospatu dute Burundin estatu kolpe saialdia

Militar talde batek adierazi du Nkurunziza presidentea kargutik kendu duela.

Gobernuak, berriz, ziurtatu du kolpeak «porrot» egin duela
Nkurunziza, 2009ko irudi batean.
Nkurunziza, 2009ko irudi batean. ALESSANDRO DI MEO / EFE

Adrian Garcia -

2015eko maiatzak 14

Burundiko gatazkak Afrikako hainbat herrialdetan ohikoa izandako bidea hartu du: Godefroid Niyombare jeneralak estatu kolpea jo zuen atzo, eta Pierre Nkurunziza presidentea kanporatu duela esan zuen herrialdean gehien entzuten den irratian. Erantzuna luze gabe iritsi zen: gobernuak «txantxatzat» eta «fantasiatzat» hartu zuen estatu-kolpe saialdia, eta egoera «kontrolpean» zuela adierazi zuen ohar baten bidez. Presidentea Tanzaniako Dar es Salaam hirian zegoela egin zuten kolpistek boterea hartzeko saialdia. Hain zuzen ere, Burundiko gatazka konpontzeko nazioarteko bilkuran parte hartu zuen Nkurunzizak. Apirilaren 26an, presidenteak jakinarazi zuen hirugarren legealdira aurkeztuko zela, eta, ordutik, kaleak hartu dituzte milaka lagunek, haren hautagaitza konstituzioaren aurkakoa dela argudiatuta. Protestak utzi, eta estatu kolpearen iragarpena ospatu zuten milaka lagunek Bujumburan.

Militar kolpistek irrati eta telebista bat hartu zuten, eta jakinarazi zuten «salbazio batzorde bat» eratuko zutela gobernua ordezkatzeko. Armadako eta Poliziako jeneralek eta gizarte zibileko ordezkariek osatuko dute batzorde hori, «bake giroan hauteskunde justuak» antolatzeko. Ekainaren 26rako aurreikusita daude bozak.

Presidenteak ez zuen adierazpen ofizialik egin, eta nahasmen handia zegoen haren inguruan. Burundira itzultzekoa zela zioten iturri batzuek. Beste batzuek, ordea, Ugandara jo zuela. Dar es Salaamen jarraitzen zuela ere jakinarazi zuten. Edonola ere, Niyombare jeneralaren aldeko indarrek Bujumburako aireportua eta mugak itxi zituzten, eta gobernuaren aldeko Rema FM irratiaren konexioa eten zuten.

Halere, gobernua normaltasun itxura ematen saiatu zen, eta berretsi zuen Nkurunziza agintean dagoela. «Kolpeak porrot egin du, eta segurtasun indarrek kolpistak atxikiko dituzte». Afrika Ekialdeko Elkartea osatzen duten bost herrialdeek ere kolpea gaitzetsi zuten.

Apirila amaieratik, gutxienez, 22 lagun hil dira presidentearen aurkako protestetan. Nkurunziza bozetara hirugarren aldiz jarraian aurkeztuta konstituzioa urratu duelakoan daude. Konstituzioak hitzez hitz dio «zuzeneko sufragio unibertsal bidez» bi legealdi jarraian besterik ezin direla bete. Haatik, Nkurunzizak argudiatu du 2005ean ez zutela boto-emaileek zuzenean aukeratu. Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman zion presidenteari, baina erabaki horrek ez zuen egoera baretu.

Gerra zibila, hurbilegi

Gerra mamua hurbilegi dute Burundin, eta krisi politikoa gatazka etniko bihurtzeko arriskuaz ohartarazi dute nazioarteko eragileek. Izan ere, gehiengo hutuaren eta gutxiengo tutsien arteko tentsioa handia izan da urteetan. 1993an gerra zibilak eztanda egin zuen, eta hamabi urteko gatazka odoltsuan 300.000 lagun inguru sarraskitu zituzten. Su-etena ezartzea eta alderdi askotako hauteskundeak egitea adostu zuten 2000. urtean. Hutu matxino taldeko burua, Nkurunziza bera, izendatu zuten gerra osteko lehen presidentea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Helena Maleno, Caminando Fronteras taldeko bozeramailea, artxiboko argazki batean. ©ANGEL MEDINA G. / EFE

Marokoko Poliziak Espainiaratu egin du Helena Maleno ekintzailea

Arantxa Elizegi Egilegor

Caminando Fronteras taldeak salatu du inolako azalpenik eman gabe kanporatu dutela Maleno. Rabatekin elkarlanean aritzea egotzi diote Espainiako Poliziari
Guillermo Lassoren jarraitzaileak hauteskundeen bigarren itzulian lortutako garaipena ospatzen, igandean, Quiton. ©SANTIAGO FERNANDEZ / EFE

Eskuina correismoari gailendu zaio Ekuadorren, boto baliogabeez baliatuta

Julen Aperribai

Guillermo Lasso kontserbadorea izango da presidente, Andres Arauz UNESeko hautagaiari gailenduta. Baliogabe bozkatzeko deia egin zuen mugimendu indigenak, eta mesede egin dio horrek eskuineko hautagaiari
Natanz zentral nuklearra, artxiboko irudi batean. ©ABEDIN TAHERKENAREH / EFE

Iranek Israeli leporatu dio Natanz zentralari eraso egin izana

Iosu Alberdi

Teheranen programa nuklearreko gunerik garrantzitsuena da. Akordioaren aurkako «saiakera oro» gaitzetsi du EBk
Gazte bat Black Lives Matter mugimenduaren banderarekin, Minneapolis hirian. / ©Craig Lassig, EFE

Poliziak gazte afro-amerikar bat hil du tiroz Minnesotan

Arantxa Elizegi Egilegor

Errepideko kontrol batetik ihes egiten ahalegindu zela esan dute segurtasun indarrek. Protestak izan dira gauean tiroketa izan den tokian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.