Errusiarentzat, ez dago frogatuta AEBetako bozetan esku hartu zuenik

Sergei Lavrov Atzerri ministroaren esanetan, hamahiru errusiarren aurkako akusazioa «hitzontzikeria» da. Mendebaldeko demokraziak «zulatu» nahi dituela leporatu dio Washingtonek Moskuri

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa, atzo, Munichen, segurtasun konferentzian hitz egiten. RONALD WITTEK / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Errusiako Gobernuak 2016ko presidentetzarako hauteskundeetan esku hartu ote zuen ikertzen ari da Robert Mueller fiskal berezia, AEBetako Justizia Departamentuak hala eskatuta. «Gerra informatibo bat» hauspotu nahi izana egotzita, hamahiru errusiar eta Errusiako hiru enpresa akusatu ditu formalki Columbia distrituko epaimahai federal batek, baina kaleratu duen txostenak ez ditu horiek eta Errusiako Gobernua zuzenean lotzen. H. R. McMaster Etxe Zuriko Segurtasun Nazionalerako aholkulariak, halere, Kremlinen kontra egin du, eta Mendebaldeko demokraziak «zulatu» nahi dituela leporatu dio. Haren esanetan, Errusiaren esku hartzearen berri ematen duten frogak «ukaezinak» dira. Municheko Segurtasun Konferentzian egin zituen adierazpen horiek, atzo. Han zegoen Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa. Beste ekitaldi batean, baina, nabarmendu zuen akusazioak «hitzontzikeria» direla horretarako«frogarik» ez dagoen bitartean.

Mueller iazko maiatzetik ari da ikertzen ea Errusiak esku hartu zuen bozetan, eta ea ba ote zegoen loturarik Moskuren eta Donald Trump orduan presidentegaiaren kanpainaren artean. 37 orrialdeko akusazio txostenaren arabera, inputatuak saiatu ziren «liskarrak» sortzen AEBetako sistema politikoan, eta bi asmo «estrategiko» zituzten: gizartea bera banatzea eta bozetan eragitea. Txostenean diote, besteak beste, akusatuen ekintzek helburu zutela «Trumpen kanpaina babestea [...] eta Hillary Clinton gutxiestea». Trumpen kontrario demokrata izan zen Clinton bozetan.

Ikerketaren harira, orain arte lau pertsona eraman ditu auzitara Muellerrek, eta laurak harremana zuten Trumpekin. Oposizioak Trumpi leporatu dio ikerketa oztopatzeko ahaleginak egiten dituela, baina Etxe Zuriko maizterrak akusazioak ukatu ohi ditu. Herenegun, akusazioa kaleratu zutenean, presidenteak eskuak garbitu zituen, gainera. Izan ere, txostenak ez du ezer zehazten Trumpen kanpainaren eta auzipetuen arteko loturez, eta «gerra informatiboa» 2014an hasi zutela nabarmendu du. «Errusiak 2014an hasi zuen kanpaina, nik nire hautagaitza iragarri aurretik. Ez zioten eragin hauteskundeen emaitzei. Trumpen kanpainak ez zuen ezer egin. Ez da kolusiorik egon», idatzi zuen Trumpek, Twitterren.

Auzipetutako errusiarrei zortzi kargu leporatzen dizkie epaimahai federalak, eta denei, hamahiruei, eragiten die AEBak engainatzeko konspirazio delituak. Hamahiru auzipetuek, ustez, estatubatuarrarenak eginez ireki zituzten kontu faltsuak sare sozialetan, erosi zuten publizitatea, sistema informatikoak sortu zituzten eta antolatu zituzten bilera politikoak. Fiskal bereziak txostenean dio milioi bat euroko aurrekontua zutela hilero, eta «ehunka pertsonak» lan egiten zutela egoitza, berez, San Petersburgon zuten hiru enpresarentzat.

Akusatuetako bat da Jevgeni Prigozhin. Vladimir Putin Errusiako presidentearen laguna da, eta ukatu egin du hauteskundeetan esku hartu zuela. «Estatubatuarrak pertsona oso sentiberak dira, eta nahi dutena ikusten dute...», adierazi zion Ria Novosti Errusiako berri agentziari, herenegun. «Ez nau molestatzen zerrendan egoteak. Deabrua ikusi nahi badute, ikus dezatela».

Mehatxuaren mitoa

Lavrov, berez, ez zen auziaz hitz egitekoa. Galdetu ziotelako erantzun zuen. Horren harira gehitu zuen Mike Pence AEBetako presidenteordeak berak zalantzan jarri duela Muellerren ikerketa. Bestela, emandako diskurtsoan salatu zuen Mendebaldean azken urteotan zabaltzen ari dela «mehatxu errusiarraren mito irrazionala», eta ikusarazi nahi dela Kremlinen eskua edozein gertaeratan: «Hasi brexit-arekin eta bukatu Kataluniako erreferendumarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.