Egun beltza, urtemuga beltza

Israelek hiru palestinar hil eta ehunka zauritu ditu Itzuleraren Martxa Handiaren urtemugan. NBEren arabera, armadak 195 palestinar hil ditu urtebetean ostiraleko protestetan, tartean 52 adingabe

Palestinar bat, atzo, Ramallah hirian. Zisjordanian ere enfrentamenduak izan ziren. ALAA BADARNEH / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Nakba egun beltza da palestinarrentzat, hondamendiaren eguna, jaioterria utzi eta erbestearen bidea hartu zutena, errefuxiatu egin dituena. Israelek Palestina historikoaren %80 inguru okupatu zuen egun horrekin, 1948an, estatu judua eratzeko, 500 herri arabiar suntsituz eta 750.000 palestinarren exodoa eraginez. Iaz, okupazioaren 70. urtemugaren atarian, jaioterrira itzultzeko eskubidea aldarrikatzeari ekin zioten palestinarrek. Itzuleraren Martxa Handia erresistentziaren sinbolo bihurtu da orduz geroztik, izan ere, lehen protesta egun hura beltza izan zen. Israelek, egun bakar batean, hamasei palestinar hil eta beste 1.400 zauritu zituen; horietako 773, balaz. Ordutik ostiralero egin dute protesta, eta urtemuga ere beltza izan da. Israelgo armadak hiru palestinar hil zituen atzo, balaz tirokatuta, eta 300 baino gehiago zauritu zituen, 64 munizioarekin. Bederatzi oso larri daude.

Gaza izan zen beste behin ere protesten epizentroa. Palestinako ikurrak astinduz eta ereserki nazionalak kantatuz, milaka eta milaka lagunek egin zuten bat itzulera aldarrikatu eta blokeoa salatzeko protestarekin. Palestinako hedabideen arabera, milioi bat lagun; Israelgo iturrien arabera, 40.000. Guztira, bost kanpaleku ezarri zituzten, mugatik urrun, baina izan ziren hesira gerturatu eta, pneumatikoak erre ostean, harriak eta lehergailuak bota zituztenak palestinarrak ere. Israelek tiroekin eta negarra eragiteko gasarekin erantzun zien. Hesiaren perimetroan alerta egoera ezarri zuen armadak. Aviv Kohavi Israelgo armadako buruak plan berezi bat jarri zuen martxan, eta palestinarrei hesitik 300 metrora ez gerturatzeko deia egin zien.

Adingabeak

Palestinako Ilargi Gorriaren arabera, aurpegian eta bularrean jasotako tiroen ondorioz hil ziren hiru gazteak: Adham Nidal Skar, 17 urtekoa, Mohamed Yihad Saad, 20 urtekoa, eta Abu Jair, 17 urtekoa.

Iaztik hil dituzten dozenaka palestinarren zerrendan azkenak dira hiru gazteak. Nazio Batuen Erakundearen arabera, urtebetean 195 palestinar hil dituzte ostiraleko protestetan; tartean, 52 adingabe eta hiru emakume. Beste 76 palestinar bestelako ekintzetan hil dituzte. Zaurituak berriz, 29.170 izan dira; horietatik, 8.000 inguru balekin zauritu dituzte, eta 6.000 inguru adingabeak dira. Denbora berean, palestinarrek bi israeldar hil dituzte.

Lurraren Eguna ere gogoratzen dute Itzuleraren Martxa Handiarekin. Israelek 1976ko martxoaren 30ean, lurren konfiskatzea salatzen ari ziren sei lagun hil zituen, eta, palestinarrek urtero gogoratzen dute egun beltz hura, bereziki Gazan.

Han bi milioi palestinar bizi dira eta horietatik 1,3 dira sorterritik ihes egindako errefuxiatuak. Hamabi urteko blokeoak bizi baldintza ankerretara kondenatu ditu palestinarrak; milioi bat lagun pobrezian bizi da, langabezia tasa %50ekoa da, gazteena %70ekoa, soilik sei orduz egunean dute argindarra, eta uraren %90 kutsatuta dago.

Hamarkada beltz baten laburpena da. Israelek 2007an ezarri zuen blokeoa, airez, lurrez eta itsasoz, eta ordutik bakartuta bizi dira palestinarrak munduko kartzela libre handienean. Hamasek bozak irabazi eta boterea eskuratu izanaren ondorioa da.

Hiru gerra

Urteotan Israelen eta Hamasen arteko hiru gerra izan dira, eta zortzitan izan dira borrokak soldaduen eta milizien artean, azkenekoa aste honetan. Palestinako milizianoek suziriak bota zituzten hesiaren beste aldera, eta sei lagun zaurituz, eta armadak egun oso batez bonbardatu zuen airez Gaza.

Nazio Batuen Erakundeak lasaitasuna eskatu zien atzo bi aldeei, «hildako gehiago» egon ez zedin. Nazioarteko erakundeak otsailean egindako ikerketaindependente baten arabera, litekeena da Israelek urteotan «gerra krimenak» egin izana. Itzuleraren Martxa Handian soldaduek giza eskubideak urratu eta gizateriaren kontrako krimenak egin zituztela iradoki zuten ikerlariek. Zeid Raad al Hussein NBEko Giza Eskubideen Goi Mandatariaren arabera, betiere, «neurri gabeko indarkeria» baliatu du Israelek.

Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak ere gogor gaitzetsi du armadaren jarrera. Israeli arma bahimendua ezartzea premiazkoa dela aldarrikatu du erakundeak, ankerkeriatzat jo baitu zibilei berariaz eragindako samina.

Israelek, ordea, bereari eutsi dio, eta mugako segurtasun neurriak gogortu ditu militar gehiago bidaliz. Armadak berak ohartarazi zuen «muga zeharkatu eta beste aldean dauden familiengana heltzea» zela manifestarien helburua, eta hori «ekiditea», berriz, militarrena. «Gu hemen ez bageunde, hesia igaroko zuten».

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa botoak bilatzeko estrategia militarra jarri du praktikan. Apirilaren 9an dira hauteskundeak; izan ere, azaroan gobernu koalizioan izandako krisiak bozak aurreratzera behartu zuen, eta ustelkeria akusazioak tarteko haren garaipena kolokan dago. Kanpainan eskuineko diskurtso irmoa egiten ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.