Durangoko 51. Azoka. Antzerki liburuak

Irakurtzeko idazten ez dena

Bereziki emankorra izan da aurten euskarazko teatro testuen argitalpena. Lau liburu argitaratu dituzte, eta urtero bi argitalpen kaleratzeko asmoa azaldu du Ehaze elkarteak.

Oier Guillan aktore eta antzerkigilea, Dejabu panpin laborategiko Urko Redondo eta Ainara Gurrutxagarekin. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Durango
2016ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Guretzat, testua batzuetan ez da ezta abiapuntua ere, baizik eta bidean sortzen den beste elementu bat gehiago bakarrik. Horregatik, gure lanen bat idatzita ikusten dugunean, beti iruditzen zaigu buruan daukagun obraren %20a dela hor dagoena». Hitz horiekin deskribatu du Ainara Gurrutxaga aktore eta Dejabu panpin laborategiko kideak beren antzezlan bat liburu bihurturik ikusten duten aldiro zer sentitzen duen. Poza, noski, argitalpenak oholtzan gertatutakoaren lekukotza bat jasotzen duelako, baina baita sentsazio arraro bat ere, lekukotza hori beti geratzen delako motz antzezlan osoaren aldean. Aurrez, Errautsak eta Gure bide galduak lanen testuak kaleratu dituzte Artezblai argitaletxean, eta nobela grafiko modura atera zuten Habiak. Arrastoak antzezlanaren testua argitaratu dute orain Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin.

Bereziki emankorra izan da urtea teatro testuentzat. Urtero bi liburu argitaratzeko asmoa azaldu du Ehazek. Sorkuntzazkoa bata eta ikerkuntzakoa bestea. Dejabukoena izan da, hain justu, aurten kaleratutako sormen lan hori, eta Karlos del Olmoren euskal antzerkigintzaren historiari buruzko Arestiren nazioa, antzerkia saiakera izan da bestea. Horrez gainera Gaizka Sarasolaren Erleak, satorrak, beleak, eta Oier Guillanen Mr. Señora lanak ere argitaratu dituzte Edo eta Txalaparta argitaletxeek, hurrenez hurren. Pozik azaldu da aurtengo uztarekin Jaime Valverde Ehazeko argitalpen taldeko kidea. «Normalean euskaraz bi liburu-edo argitaratzen dira urtean, eta espero dezagun aurtengoa zerbaiten hasiera izatea». Igartzen zuten hutsunea, eta publikazio ildo bat zabaltzea izan da horri aurre egiteko hautatutako bidea. «Memoriarena eta transmisioarena da euskal antzerkigintzak duengabezietariko bat. Belaunaldien artean ez dago transmisiorik, eta belaunaldi berriek ez dakite aurrekoek zer egin duten. Eten bat dakar horrek, eta eten horrek galarazten du garapen naturala. Argitalpenak dira transmisio hori garatzeko bideetariko bat. Ez da bakarra, eta, agian, ez da garrantzitsuena, baina hor dago».

Karlos del Olmo ikerlariak dioenez, hain justu, antzerkigintzari dagokiona da Arestiren alderik ezezagunena ere. Horregatik, alor hori ikertzeko idatzi du Arestiren nazioa, antzerkia saiakera. «Arestiren dramaturgia ahaztuta zegoen, baina bere lana idatzi zuenetik harago doa; hark zuen plan oso bat euskal kulturgintza eta antzerkigintza iraultzeko», laburbildu du ikerlariak. «Arestik nazioaz, kulturaz eta euskaraz zuen ikuspegia oso ongi islatuta dago bere literatura dramatikoan, eta uste dut zor handia dugula Arestirekin. Inoiz egongo balitz teatro konpainia nazional bat, eskaini beharko lituzke bere obra guztiak».

«Testukeria» gainditzeko

«Testukeria». Valverdek aipatu du hitza, eta antzezlan bat liburu bilakatzen denean dagoen arrisku bati egiten dio erreferentzia. Izan ere, oholtzarako pentsatutakoa paperera eramatean, galdu egiten dira antzezlanaren elementu asko, eta baliteke, desagerpen horren ondorioz, testuak antzezlanean izan ez zuen zentraltasun bat hartzea. Horixe, beraz, testukeria. Eta, hain zuzen ere, hori saihesteko txertatu dituzte dramaturgia oharrak Dejabu panpin laborategikoen argitalpenean. Espresuki libururako idatzi dituzte oharrok, eta sorkuntza prozesuaren inguruko gogoetak, apunteak eta erreferentzia literarioak bildu dituzte.

Sormen lanaren zentroraino darama irakurlea ohar horietariko batek, esaterako. Beren metodoa deskribatzen dute Dejabuko kideek. «Anarkia oso inportantea da guretzat. Behin hazia detektatuta, kaosa sortzen dugu haren inguruan». Entseguan pilatzen dituzte arropak, pertsonaiak, filmak, kantak, familia argazkiak... denetarik. «Dakigun bakarra norabidea da, intuizio oso indartsu bat». Hilabeteak ematen dituzte fase horretan, eta uneren batean zentzua hartzen hasten da dena. «Fase esperimental horretan murgiltzen gara. Kontua da momentu batean materiala elkartzen hasten dela, grabitate indarrak unibertsoan materia erakartzen duen moduan. (...) Gure parean unibertso txiki bat jaiotzen ikustea bezalakoa da. Objektuak, antzezleak, testua, txotxongiloak, musika, argia... denak batera orbitan hasten dira. Zoragarria da».

Transformazio etengabean deskribatu du testua Gurrutxagak. Pieza bizirik dagoen artean, bizirik daude haien testuak ere: «Emanaldiz emanaldi etengabe gabiltza testuak aldatu, moztu eta moldatzen». Eta irakurleari prozesu horri buruzko pistak helaraztea da horregatik dramaturgia oharren helburua. «Proposamen arkeologikoa da. Gure lanetan nabaritzen da beste nonbaitetik sortzen direla obrak, eta nahi izan dugu hori erakutsi». Alegia, irakurri ezin dena ere bihurtu nahi izan dutela irakurgarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.