Orainari aurre egiteko aukera

Kanadako Gobernuko batzorde batek ikerketa batean ondorioztatu du «genozidio» izan direla emakume indigenek 1980ko hamarkadatik gaurdaino pairatu dituzten hilketak eta desagerrarazteak
Trudeau lehen ministroa, hildako eta desagerrarazitako emakume indigenei buruz hizketan, 2016an, Ottawan.
Trudeau lehen ministroa, hildako eta desagerrarazitako emakume indigenei buruz hizketan, 2016an, Ottawan. DELUSION23

Mikel Rodriguez -

2019ko ekainak 2
Joan den martxoan eztabaida handia sortu zen Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidentearen eskutitz bat filtratu ondoren. Gutun horretan, Espainiari galdegin zion Amerikan indigenen aurkako «genozidioa» egiteagatik barkamena eskatzeko. Liskar diplomatiko labur bat eragin zuen horrek, Espainiak haserre erantzun baitzuen. Europako erresuma horrek XV. mendean hasi zuen inbasioak ireki zituen hondamenerako ateak Amerika osoko indigenentzat. Eskutitzean hain ezagun egin ez zen pasarte batean, ordea, Mexikoko presidenteak Amerikako gaur egungo estatuei ere eskatu zien erantzukizuna hartzeko, kolonizatzaileen gehiegikeriei jarraipena eman zietelako. Erantzukizuna har lezakeenetako bat izan liteke Kanada, gobernuaren batzorde batek adierazi baitu indigenek «genozidioa» pairatu dutela herrialde horretan. Baina batzorde hori ez da kolonialismo edo independentzia aroaz mintzatu, 1980ko hamarkadatik gaurdainoko garaia aipatu baitu.

Hildako eta Desagertutako Emakume eta Neska Indigenei buruzko Ikerketa Nazionalak bi urte eta erdi egin ditu gobernuak agindutako ikerketa batekin, eta bihar da emaitza ofizialki jakinaraztekoa. Kanadako CBS News telebista kateak, ordea, ikerketaren kopia bat eskuratu, eta herenegun argitaratu zuen. Batzorde horrek ez du indigenen aurkako indarkeria orokorrean ikertu; emakumeek pairatu duten indarkeriarik muturrekoena aztertzeko sortu zuten, baina atera duen ondorioa erabatekoa izan da: «Badakigu gaur arte milaka emakume, neska eta 2SLGBTQQIA [bi espirituko, lesbiana, gay, bisexual, transgenero, queer, zalantzadun edo zehaztugabe, intersex eta asexual] indigena galdu direla Kanadako genozidioan», adierazi du —bi espiritukoak Ipar Amerikako herri indigena batzuetan hirugarren genero bat aukeratzen duten herritarrak dira—.

Hau da, batzordeak ondorioztatu du erasotzaileek biktima horiek aukeratu zituztela emakume eta indigena zirelako. Ikertzaileek ezin izan dute zehaztu hildakoen eta desagerrarazitakoen kopurua; Kanadako Zaldizko Poliziaren datu bat aipatu dute, azken lau hamarkadatan 1.200 izan litezkeela, eta bertze kalkulu batzuen arabera 4.000 direla. 2016ko erroldaren arabera, herritarren %5 dira indigenak; 1,7 milioi biztanle inguru. «Jatorrizko herriak, inuitak eta metisak oraindik hemen egoteak eta haien populazioa hazi izanak ez luke gutxietsi behar genozidio kargua», zehaztu nahi izan dute.

Estatuaren erantzukizuna

Halaber, ukatu egin dute Stephen Harper lehen ministro kontserbadorearen gobernuak (2006-2015) 2014an erran zuena; hau da, erasotzaile gehienak gizonezko indigenak izan direla. «Genozidioaren» erantzukizuna estatuari egotzi diote, «kolonialismoan eta ideologia kolonialetan oinarrituta dauden ekintzengatik eta ekintzarik ezarengatik». Horien artean aipatu dituzte ikasle indigenentzako egoitzak, adopzio behartuak, antzutze behartuak eta estatuko zerbitzuek adingabeei emandako tratua. «Emakume eta neska indigenen aurkako indarkeriak eta homizidioak joera horren parte izan dira, eta gobernuak herri indigenekin batera hori gelditzeko lan egin behar du berehala». 230 gomendio egin dizkiote gobernuari; tartean, hizkuntza indigenei ingelesaren eta frantsesaren estatusa onartzea.

Erantzuna, bihartik aitzinera

Herri indigenetako erakundeek eta ekintzaileek aspaldi exijitu zioten estatuari gaia ikertzeko eta esku hartzeko. 2015eko hauteskunde orokorretan hainbat alderdik programan bildu zuten ikerketa bat egiteko asmoa. Justin Trudeau liberalak irabazi zuen, eta 2016an agindu zuen lana hasteko. Gobernuak adierazi du ez duela iritzia emanen ikerketa ofizialki argitaratu arte. Ikertzaileek ohar bat argitaratu zuten herenegun filtrazioa kritikatzeko, eta ez zuten berretsi nahi izan CBS Newsek argitaratu zuena. Kanadako hedabideetan elkarrizketatu dituzten ekintzaileak eta biktimen senideak pozik agertu dira, ezkutuan mantendu den errealitate bat azaleratzea lortu baitute. Horietako bat, Naomi Sayers abokatua, zuhur mintzatu zen CBS Newsen kameren aitzinean: «Gobernua zalantzati agertuko da genozidioa dela onartzeko»

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: