Hondurasen etxeratze agindua jarri dute, liskarrak kontrolatzeko asmoz

Gobernuaren bozetako iruzur susmoak sortu du haserrea herritarren artean. Zelaya presidente ohia lehen lerrora itzuliko litzateke, oposizioko aliantzak irabaziz gero. Bost pertsona hil dira protestetan

Oposizioaren jarraitzaileak kalean, protestan, herenegun, Tegucigalpan. GUSTAVO AMADOR / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Hondurastarrak ezingo dira etxetik atera arratsaldeko seietatik goizeko seietara, hamar egunean,etxeratze agindua ezarria baitago herrialde osoan. Hala agindu du Juan Orlando Hernandez jarduneko presidenteak, herritarren protestak kontrolatzeko asmoz. Manifestazioak, errepide mozketak, arpilatzeak, eta bankuen eta eraikin instituzionalen kontrako ekintzak areagotu egin ziren ostiralean, eta gauerdian jarri zuen gobernuak indarrean salbuespenezko neurria. Ordurako gutxienez bost pertsona hil ziren, eta hogei bat zauritu. Ehun baino gehiago, berriz, atxilo eraman dituzte. Atzo goizean supermerkatuak hustu zituzten herritarrek, egoera berriari aurre egiteko, eta ilara luzeetan egon ziren gasolindegietan, erregaia urritzen ari baita. Oposizioko jarraitzaileek, ordea, protestan jarraituko dute. Gaurko deialdia egin du Manuel Zelaya presidente ohiak.

Igandean hauteskundeak egin zituztenez gero, Orlando Hernandez eta Salvador Nasralla bi presidentegaiek jo dute irabazletzat beren burua. Astelehenean argitaratutako lehen datuen arabera, Nasrallak bost punturen aldea zuen, baina, zenbakiak eguneratzen zituen sistema gelditu egin zen 36 orduz, eta, berriz martxan ezarri zutenean, abantaila hori desagertuz joan zen, eta egungo presidenteak hartu zion aurrea. Botoen %94,35 zenbatuta, Orlando Hernandezek %42,92 eskuratu ditu, eta Nasrallak, %41,42. Hauteskundeen Auzitegi Gorena, boto kontaketaz arduratzen dena, kontaketa berezia egiten hastekoa zen atzo, oposizioak hala eskatuta, baina 1.000 bat akta kontatuko zituela esan zuen, eta oposizioak gutxienez 5.200 akta kontatzea eskatu du. Nasralla presidentegaiaren arabera, «1.000 aktaren kontaketa berezia egiteak ez du ezer konponduko, 18.000 aktarekin baitago arazoa». La Paz, Intibuca eta Lempirako emaitzak berrikusi nahi dituzte, eta ohartarazi dute, hori egin ez eta Orlando Hernandez jotzen badute irabazletzat, emaitzak ez dituela onartuko.

Prozesu susmagarria

Manuel Zelaya presidente ohia bota egin zuten gobernutik 2009an. Kolpe haren bultzatzaile nagusietako bat izan zen Juan Orlando Hernandez jarduneko presidentea, eta, orain, Diktaduraren Kontrako Oposizioaren Aliantzako koordinatzaile postuan, Nasrallaren alboan dihardu. Nasrallak irabaziko balu, Zelaya politikaren lehen lerroan ezarriko litzateke berriro, eta hori saihestu nahian dabilela leporatu dio Zelayak berak Orlando Hernandezi.

Hainbat arrazoik egin dute susmagarri prozesu osoa. Polemikaren jatorria Auzitegi Gorenaren 2015eko erabaki batean dago—berez konstituzioaren erreforma bidez egin beharko litzatekeena—: hautagaiak behin bakarrik aurkez daitezkeela dioen artikulua konstituzioaren aurkakoa zela erabaki zuen, eta, beraz, hautagaiek behin baino gehiagotan aurkezteko aukera dutela. Hain justu, Orlando Hernandezek gidatzen duen Alderdi Nazionalak horixe bera leporatu zion Zelayari 2009an, boterean betikotu nahi zuela, baina orain, gobernukideek diotenez, Hondurasko demokraziaren heldutasunaren seinale da, eta oposizioak erabiltzen duen aitzakia da haren kontrako kanpaina egiteko.

Baina demokraziaren heldutasuna nekez sumatzen da Hondurasen, Amerikako herrialderik bortitzenetakoan. Indarkeria gutxitu egin dela argudiatzen du egungo gobernuak bere jarraipena justifikatzeko, baina, oposizioak dioenez, Alderdi Nazionaleko gero eta kide gehiagok dute harremana krimen antolatuarekin. Kasu entzutetsuenetakoa da Porfirio Lobo presidente ohiaren semearena: kokainarekin trafikatzeagatik epaitzen ari dira New Yorken. Orlando Hernandezen anaia ere ikerketapean dago Los Cachiros bezala ezagun den narkotrafikatzaileen taldearekin harremana izateagatik.

Horrez gainera, ekintzaileen eta indigenen hilketak areagotu egin dira nabarmen lau urteotan, eta lurretatik bota dituzte asko, multinazionalen mesederako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.