martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Asmo katea

2014ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Iritsi zaigu euskaldunoi ere eskutik heldu eta mezu sendo bat, ikusi eta entzun nahi duenari, bidaltzeko ordua. Etxe barrura, eta kanpora.

Estonia, Letonia eta Lituanian 1989an hasitako 600 kilometroko bideari jarraitu zenioten katalanek, eta orain gure txanda da. Iruñea eta Durango bitarteko 123 kilometroak lotuko dituzte 100.000 lagunek baino gehiagok osatutako esku, asmo eta borondate katea.

Bi elementu garrantzitsu, bi zutabe nagusi, batzen ditu era horretako ekimen batek. Lehena mamia da, erabakitzeko eskubidea; bigarrena, metodologia.

Erabakitzeko eskubidearen formulazioa oso burutapen ona da; kanpoan geratzea zailtzen du,oso oinarrizkoa delako eskatu eta proposatzen dena. Hau da, izan nahi duguna aukeratzea, izateko edo ez izateko, egoteko eta ez egoteko, urrutira joateko edo bertan geratzeko. Zuen kasuan, jende askok bat egin zuen proposamen horrekin, baina Espainian geratu nahi duen jendeaz ari naiz, ez, noski, Kataluniarako estatu propioa nahi dutenez. Zuenean, arrakasta da geratu nahi dutenei entzutea, bozkatu nahi dutela, kontsulta ditzaten nahi dutela, helduak direla erabakitzeko eta ez dutela onartuko ariketa hori debekatzea. Zertarako? Espainian segitu nahi dutela erabakitzeko, baina herritarrei kontsulta eginda.

Gurean, oraingoz, rara avis dira horrelakoak.

Bigarren berezitasuna metodologia da. Sinbologia handiko metodoa da giza katearena, denok partaide egiten gaituena maila berean, denok era berean protagonista eta, airean barik, denok lurrean altura berean jartzen gaituena.

Jendetza bilduko da gaur Gure Esku Dago ekimenean, asko katean parte hartuz, eta beste batzuk herrietatik kanpo; haien borondatez edo haien borondatearen aurka. Giza kate mental asko egongo dira gaur batean eta bestean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.