Letretatik, musika eta bertsoa

Kantagintzaren eta bertsolaritzaren arteko harremanaren bueltan egin da aurtengo Bertso Eguna. Aurrenekoz, Donostiatik atera dute: Mungian aurkitu dute plaza.

Martinez eta Telleria aktoreak, Rekondo gai jartzailea eta Iturriaga, Egaña, Arzallus, Agirre eta Bartra bertsolariak, atzo, Bertso Egunean. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Ibai Maruri Bilbao.
Mungia
2018ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Telleria eta Martinez doktoreek ikerketa zientifikoa egin gura izan dute. «Voltairrek esan zuen euskaldunona Pirinioen alde bietan dantzan eta kantuan egiten duen herria dela. Hala den frogatu behar dugu». Hala azaldu dio Patxo Telleriak Mikel Martinezi biek defendatuko duten doktorego tesia. Horretarako, Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Manex Agirre eta Oihana Bartra bertsolarien laguntza izan dute. Atzo iluntzean izan zen esperimentua, Mungiako (Bizkaia) Olalde aretoan, 2018ko Bertso Eguneko emanaldi nagusian. Lepo bete zen: ia 500 entzule bildu ziren. Izan ere, iazko etenaren ondoren, berrituta etorri da. Estreinakoz, Donostiatik atera du Bertsozale Elkarteak bertsozaleen topalekua.

Kantari eta bertsolari lanetan hasi zuten saioa Iturriagak eta Bartrak. Lehenak bere disko berrirako kanta batentzako hitzak eskatu zizkion bigarrenari. Baina, diskoa entzun duenean, bere hitzak goitik behera aldatuta topatu ditu Bartrak. Iturriagak esan dio sikiera egile eskubideak aitortu dizkiola. «Eskubideak utzi dizkidazu ta horretan zoragarri/ baina alperrik ibiliko gara lana ematen elkarri/ bide zuzena erraz-erraza izaten da sarri/ hurrengo baten letra zuk egin/ ta nire izena jarri», erantzun zion Bartak.

Saioan hainbat euskal kanta gogoratu zituzten bi doktoreek. Horietako bat Benito Lertxundiren Loretxoa izan zen. Eta metaforez gogoeta egiteko erabili zuten. Martinezi ez zitzaion kanta ulergarria egin, eta azkenean Telleriak moldatu egin behar izan zuen; besteak beste loretxoa kendu eta zapaldutako Euskal Herria edo umetxoaren ordez kontzientzia garatua duen herritarra erabili behar izan zituen. Arzallusek metafora horiek baliatu zituen Bartrarekin euren semeari eraso egin dion mutilaren gurasoei zer esan eztabaidatu zuenean: «Baina etxean utzi behar ditut ukabilak eta aizkora/ ta ahal bada hitz egokiak bildu behar ditut ahora/ esango diet 'zuen arantzak ito du gure lora'/ ta espero dut konprenituko dutela metafora».

Berbak edo metaforak asmatzera egin zuten olgetan Iturriagak eta Egañak. Inbiria izan zen Egañak puntuka galderak eginez Iturriagari asmatu beharreko hitza, baina ez zuen trebetasunik erakutsi. Finago ibili zen Iturriaga kiwia ezkututik argitara ateratzen, nahiz eta Egañak emandako arrastoak ez ziren izan oso zuzenak.Seriotik ere eduki zuen saioak. Kasurako, Paris aldean preso dagoen bikote heterosexual batek, Frantziak presoak gerturatzeko egindako iragarpenaren ondoren, elkarrekin segitu edo gizonezkoa lekuz aldatzeko eskatu erabaki behar izan zuen. Sorkuntzan egoten den zentsuraz ere egin zuten gogoeta, bertsolaritza halakotik salbu dagoela aitortuz.

Kantuak eta bertsoak. Imanolen Mendian gora doinuarekin, «Euskal Herriko profeta» ipini zion puntua Arzallusek Egañari. «Amets ondotik ez tenta/ lehenago ere herri hau dago holakoz beteta/ glamourra daukat gordeta/ zuk ondotik jo korneta/ zein naizen ondo badakit/ orain zaharra naiz eta», osatu zuen bertsoa. Kantuak eta bertsoak. Konpromiso argi batekin amaitu zuten bi doktoreek saioa. Gabriel Arestiren Aitaren etxea-ren bertsio berria egin zuten, bertsolaritza eta euskal kantuak «Youtubetik, Spotifitytik eta Arrakasta Operaziotik» defendatzeko.

Kantu hitzak genero

Goizean hasi zen atzoko eguna, bertsoen eta kantuen bueltan. Torrebillela kultur etxeko aretoan mahai ingurua egin zuten. Jon Maia bertsolaria eta Rafa Rueda eta Maria Rivero abeslariak izan ziren hizlariak. Alaia Martinen gidaritzapean, musikaren eta bertsolaritzaren arteko loturaz egin zuten berba; kantuen hitzen sorkuntzaz, zehatzago esateko. «Ez da bertsoa, ez da poesia: aparteko beste genero bat da», ohartarazi zuen Maiak. Ruedak aitortu zuen poesiatik baino «errazagoa» dela bertsoetatik kantuak sortzea: «Poesia ez da modu musikagarrian idatzita egoten».

Euren sorkuntza prozesuez ere egin zuten berba. Ruedak esan zuen hitzak eta musikak «ondo ezkondu» behar dutela: «Musikak hitz egin behar du, eta hitzek, kantatu». HItzak sortzailearen isla izan ohi dira, Riverok eta Maiak kontatutakoaren arabera. «Hitzek nire momentuarekin bat egin behar dute, sentitzen dudanarekin bat», azaldu zuen musikariak. Bertsolariak azpimarratu zuen bere pentsamenduekin «koherente» izaten saiatzen zela.

Mahai inguruaren ondoren, bertso poteoa izan zen. Eta eguerdian Mungiako hiru txokotan banatu ziren herrira bildu ziren 230 bat bertsozale inguru: Guri Zer, Ehiza eta Arrantza Elkartean eta Anaitasunan, bertso bazkari bana egin zituzten, hurrenez hurren, Igor Elortza eta Jone Uria, Julio Soto eta Onintza Enbeita, eta Jon Maia eta Miren Amuriza bertsolariek girotuta.

Amets Arzallusek iluntzeko azken bertsoan aipatu zuen legez, esperimentua izan da Bertso Eguna Donostiatik ateratzea, eta oraingoan, behintzat, emaitza ona izan du saioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.