Kritikaz eta zalantzaz betetako prozesu bat amaituko du foroak

arantxa iraola
2016ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
2014ko irailean jakin zen Kontseiluak Donostia 2016aren barruan hizkuntza gutxituei buruzko bilkura bat antolatzeko asmoa zuela, eta 400.000 euroko itun bat sinatzeko asmoa zutela bi erakundeek. Aurki hautsak harrotu zituen erabakiak; «kideko erakundeei» dirua ematea egotzi zieten EH Bilduko agintariei —orduan haiek zeuden udal gobernuan eta aldundian—. Goi bilera izenarekin zedarritu zituen egitasmoak lehen urratsak, eta agerian utzi zuten Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa bilkura horretan aurkezteko asmoa.

2015eko martxoan, Donostia 2016 Fundazioaren patronatuko kide izanda ere, Espainiako Kultura Ministerioak auzitara eraman zuen bilkura hura egiteko ituna, patronatuari aurrez horren gaineko erabakirik ez zitzaiola eman egotzita. Handik aste batzuetara, Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek agerraldi batean oroitarazi zuen—lehendik ere eginak zituen antzeko adierazpenak— Madrilgo agintariak ez zirela egitasmoaren aurrean uzkur zeuden bakarrak. Donostiako alkateari egotzi zion jarrera itxia izatea auziaren inguruan, eta irmo kritikatu zuen egitasmoan Kontseiluari eman zitzaion rol nagusia. «Zergatik Kontseiluarekin bakarrik, besteoi bizkarra emanda?», itauna plazaratu zuen, tonu gogorrean. «Larria da» salatu zuen: «Penagarria». Iazko urriaren 24an Espainiako Kultura Ministerioak erretiratu egin zuen helegitea, eta urratsak egin dira ordutik akordioa lortzeko ahaleginean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.