BEHARRA DA EROSTEKO ARRAZOI

Ikusmiran dabiltzanen artean agertzen dira erosle batzuk etxe agentzietan. Bikote gazteak dira gehienak, etxe txikietatik handiagoetara jauzi egiteko premia dutenak. Bigarren etxebizitzak, berriz, erretiratuen eskuragarri baino ez daude.

Araitz Muguruza.
2014ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Baldintza zorrotzekin izan arren, bankuak dirua ematen hasi direla ematen du, eta horrek etxebizitzen salerosketan mugimendu apur bat ekarri du. Ez da garairik txarrena: etxeak duela sei urte baino %40 merkeago daude. Erosleen beharrak eraginda, etxe agentziek bezero gehiago dituzte. Batez ere, 30-40 urte arteko gazteak joaten dira, alokairuan zeudenak eta erostera jauzi egiten dutenak; familia izan dutelako, etxe handiagoa behar dutelako, edo beste hainbat arrazoirengatik. Bigarren etxebizitzak, berriz, oraindik ere luxuzko gutizia dira. Patrika zabaleko errusiar dirudunak oso leku zehatzetan agertzen hasi diren arren, etxebizitza horiek apenas duten bezerorik, ez bertakorik, ez atzerrikorik.

2012az geroztik sumatu du etxebizitzetara sartu-irten handiena Itziar Goienetxea Etxebil agentziako arduradunak. «Ordura arte izan zen lehorterik handiena; prezioak bere onera etorri direlako hasi da mugimendua». Hala ere, Donostian ez du ezagutu beste hainbat lekutan izan den geldialdirik: «Salmentak ez du etenik izan; beti etorri da norbait etxebizitza baten bila». Askotariko bezeroak dituzte Donostian. «Oraindik ere etortzen dira betiko inbertitzaileak, bigarren etxebizitzak erosten dituztenak, gero alokairuan jartzeko edo aurrerago saltzeko. Donostia gai da horretarako oraindik». Erosle mota berri bat agertu zaio, hala ere, Goienetxeari, haren harridurarako: « Orain gurasoek ez dute laguntzen etxebizitzak erosten; zuzenean erosi egiten dizkiete seme-alabei». 2011 inguruan nabaritu zuten joera hori. Dirua bankuetan edukitzea ez zela segurua zioen zurrumurrua zebilen garai horretan. «Aurrezkiak bankuan geldirik eduki baino, nahiago izan zuten inbertitu seme-alabek etxea izan zezaten». Seme-alaba horiek 30 urtetik beherakoak izan direla zehaztu du Goienetxeak: «Ikasketak amaitu berri edo lanean hasi berriak dira normalean».

Zarautzen, ez hainbeste

Horrelako egoerarik ez dute ezagutu Zarauzko Pagadizabal agentzian (Gipuzkoa). Hori bai, ohartu dira etxebizitza erosteko asmoz bertaratzen diren gehienak familia gazteak direla. «Haurrak izan dituztelako etxe handiagoa behar dute». Donostiaren aldean Zarautzen mugimendua txikiagoa dela dio. «Prezio oso ona denean, segituan saltzen dugu, baina bestela, ez. Zarautzen ez dira prezioak horrenbeste jaitsi, inguruko herrietan bezainbeste ez behintzat». Esaterako, Azpeitian, Arroan eta Orion salneurriak asko merkatu direla dio. «Etxebizitza berriak dauden lekuetan mugimendu handiagoa dago. Berezko prezioan saltzen dira gaur egun, eta horrek beste etxeei eragiten die». Azken urteetan Zarautzen ia ez da etxebizitza berririk egin, eta ez du halako fenomenorik eragin. «Aldaketarik ez da egon; hemen saltzen diren etxebizitza gehienak eraberritu egin behar dira. Obra kontuan hartuta, ez da horrenbeste jaitsi prezioa». Salneurri handiei aurre egin ezin diotenek alokairua dute alternatibatzat; zarauztar gazte gehienek horretara jotzen dute.

Haatik, prezioak baino gehiago jaitsi dira bankuei egin zaizkien mailegu eskaerak. Laboral Kutxaren datuen arabera, 2007tik hona %80 jaitsi dira mailegu eskaerak. Iaz eta aurten, ordea, nabaritu dute jendea maileguak eskatzen hasi dela, nahiz eta kopurua oraindik ere oso txikia izan. Bigarren etxebizitza erosteko mailegu eskaerak, berriz, ia geldirik daudela dio Laboral Kutxak. Eskaeren %9 baino ez dira bigarren etxebizitza erosteko.

Uribe Kosta eta Irun

Bizkaiko Uribe Kosta eskualdean Zarauzko antzeko egoeran dira. Gutxi saltzen dute. Uribe Kosta etxe agentzian, Sopelako, Gorlizko, Plentziako eta Urdulizko etxeak dituzte salgai. Itziar Intxaurraga langilearen esanetan, «bezero gehienak gazteak dira, urte batzuk alokairuan bizi eta gero etxea erosteko jauzia egitekotan daudenak».

Zarautzen eta Uribe Kostan baino bizitasun handiagoa sumatzen dute Irungo Larrazpi etxe agentzian. Salmentak gorantz doaz, Irungo etxebizitzak jaitsiera nabarmena izan baitute. Esmeralda Mateo agentziako arduradunaren arabera, Hendaiatik (Lapurdi) itzultzen ari dira asko. «Dagoeneko Hendaiako prezioen pare jarri dira Irungo salneurriak, eta aukera hori probesten ari dira». Neurriz handiagoak ei dira Irungoak. «Orain urte batzuk erosi zutenaren prezio berean, hiru gelako etxebizitzak dituzte orain Irunen». Bizimodua ere aldatu egin zaio jende askori, eta horregatik itzultzen dira asko Gipuzkoara: «Familia izan dute, eta merkeagoak zaizkie hemengo etxebizitzak». Egoera irauli egin da. Prezioak asko jaitsi dira Bidasoatik hegoaldera. «Zenbat esaten ez dakit asmatuko nukeen, baina jauzi handia eman dute azken hamar urteetan». Espainiako INEk emandako datuen arabera, azken sei urteetan %40 merkatu dira etxebizitzak Hego Euskal Herrian.

Iruñeko prezio egokiak

Prezioek erakarrita ere ari dira erosten etxebizitzak Iruñean. «Etxebizitza aldatzeak dira gehienak, familia izan dutelako; baina badira orain hiriaren erdiguneko etxeak merkeago daudelako etxez aldatzen direnak ere», azaldu du Iñaki Martinez Hernando Urdax agentziako arduradunak. Prezioak puztuta zeudenean hirigunetik alde egin zutenak itzultzen ari dira. Martinezen ustez, jaio ziren auzoetara itzultzen dira asko.

Saltzeari ez diote utzi Urdaxen, baina zehazten hasita, «aurten bereziki» hazi zaizkie salmentak. «Orain biziagoak dira; lehen bezero bakarrarekin aritzen ginen, eta orain, pare bat edo hiru agertzen zaizkigu, eta ez dugu bezero bakarraren atzetik ibili beharrik». Iruñean bertan, eta handik 25 kilometroko erradioan dauden herrietako etxeak dituzte salgai. Horietan nabaritu du Martinezek prezioen beheranzko joera.

Bigarren etxebizitzak erosteko interesik ez dute sumatzen elkarrizketatutako etxe agentziek. Etxebestek dio horien salmenta asko moteldu dela: «Lehen urte bat behar bagenu saltzeko, orain bi urte behar izaten ditugu gutxienez». Erostera ausartzen direnak 60 urtetik gorakoak dira, eta kostaldeko etxeak hartzen dituzte. Irungo Larrazpi etxe agentziara ere helduak joaten dira. «40 urtetik gorakoak izaten dira, eta daukaten aurrekontuaren arabera hautatzen dute non erosi», dio Mateok. Hondarribirako, Pasaiarako eta Hendaiarako izan dituzte eskaintza apur batzuk. Goienetxeak Donostiaz gain, Pasaia eta inguruetako etxeak saltzen ditu. Bertakoak izaten dira erosle gehienak, Gipuzkoa barnealdekoak, Araba eta Nafarroakoak. Zarauzko Pagadizabalen, aldiz, ez dute ia bigarren etxebizitzarik saldu: «Prezio onak daude, baina ez dira saltzen».

Eta atzerritarrak erakartzeko ere ez dute balio oraingoz. Orion erosi du berriki errusiar batek etxe bat, baina bitxikeriatzat gehiago hartzen dute Pagadizabalen. Gertuagotik etorri diren atzerritarrak ere badaude. «Pasai Donibaneko etxebizitza bat saldu diegu bi frantsesi aurten, etagaldetzera ere gerturatu dira beste batzuk, baina ez dira asko», dio Goienetxek. Etxebestekere gutxi nabaritu ditu atzerritarrak. «Etorri ziren hamabost bat ingeles orain urte batzuk, eta horietako batzuk etxea saldu nahian dabiltza». Frantsesak ere gutxi ari dira etortzen. «Hegoaldean lehenago erosten dute», gaineratu du. Intxaurragari eta Martinezi atzerritarrak apenas gerturatu zaizkie. «Etortzen direnak udan etortzen dira, eta alokatu egiten dute», azaldu du Intxaurragak.

Finean, ez dira lehen bezain erraz saltzen etxeak; berriak zertxobait bai, baina bigarren etxebizitzak ez dira jabez aldatu. «Alokairuan ipintzen dira ez badira erabili behar», dio Intxaurragak. Goienetxeak «betiko inbertitzaileak» direla uste du. «Luzera begira etekina emateko erosten dute; saltzea momentuko kontu bat da, eta oraindik inork ez du behar hori nabaritu».

Mugimendu handiagoa bada, ordea, etxe agentzietan, haien arduradunek esan dutenez. «Interesa badago, eta inoiz maukaren bat agertzen bada, ordu gutxi iraungo du iragarkiak zintzilika». Krisiak krisi, maukaren pizgarria eraginkorra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.