Durangoko 51. Azoka. Azokako beteranoak. Ana Galarraga eta Patxi Larrion. Elhuyar taldeko kidea eta idazlea

«Solasaldi ederrak izan ditugu Canorekin, literaturaz eta bizitzaz»

Zientzian aditua bata; lehen nobela kaleratu berri duen idazlea bestea. Letrazaleak eta letrazuloak biak. Duela hogeita hamar urte ezagutu zuten azoka, eta geroztik fidel mantendu dute ohitura.

gorka erostarbe leunda
Durango
2016ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Feriatzaileak lehen nobela oraintsu aurkeztu du Patxi Larrionek (Bergara, Gipuzkoa, 1964). Susarekin plazaratu du elkarrizketa bizietan oinarrituriko liburua. Susa argitaletxearen erakusmahaian egon izan da aurreko urteetan ere, beste idazleen lanak saltzen. Elhuyar taldearen agerkariak azokan saltzen urte luzez jardun du Ana Galarragak ere (Zarautz, Gipuzkoa, 1970). Zientziaz idatzi izan du sarri prentsa idatzian, eta irratian ere hartaz hitz egin ohi du normalean, baina kulturzalea eta, bereziki, literaturazalea da. Udaberrian Zarautzen egin ohi den Literaturia jardunaldietako antolakuntza taldekoa ere bada. Larrionen nobelako pertsonaiek bezala, elkarrizketa bizia izan dute biek.

Nola oroitzen duzu azokara etorri zinen lehen aldia?

ANA GALARRAGA: Jende ezaguna eta lagunak, mordo bat. Topaleku eta elkarleku, 1980ko hamarkadan, baina urteaz ez naiz gogoratzen, ideiarik ez...

PATXI LARRION: Patxi Huarte Zaldieroa lagunarekin etorri nintzen aurrenekoz, 1988an. Aldizkarietatik eta liburuetatik ezagutzen nituen batzuk hezur-haragitan ikustea da gordea daukadan argazkia.

Esperientziaren talaiatik: azoka bat ala elkargune bat da?

A. A.:Niretzako, elkargunea da, garbi, baina bietarik du eta izan behar du.

P. L.: Bietatik dauka, eta biak behar ditu.

Norekin izan duzu solasaldi interesgarriena urteotan?

A. G.: Harkaitz Canorekin askotan gelditu izan naiz Durangon, eta solasaldi ederrak izan ditugu, literaturaz eta bizitzaz.

P. L.: Nik artzain batekin izandako solasaldia gogoratzen dut, baina ez azokan izandakoa, behin azokatik atera eta taberna batean izandakoa baizik. Ia-ia gaupasa egin genuen, eta bakoitzak bere feriatzeez hitz egin genuen.

Norekin hartuko zenituzke trago batzuk?

P. L.: Nik Danele Sarriugarterekin hartuko nituzke trago batzuk gustura. Oso idazle ona delako.

A. G.: Ruper Ordorikaren zalea naiz oso. Oraintxe hitz egin dut berekin eta igual gero hartuko ditugu trago batzuk!

Zein da azokan bizi izan duzun unerik desatseginena?

A. G.: Eguraldiagatik, askotan pasatu dut hotza. Aurtengoa sinestezina iruditzen zait, eta gozatzen ari naiz eguzkiarekin.

P. L.: Nik sesio batzuk izan ditut azoka honetan... eta lagunen batekin sesio fuertea ere bai!

Durangoko Azokako bihotzeko txokoa?

A. G.: Palentino taberna. Hor beti topatzen ditut lagunak. Bakarrik nagoenean, horra joaten naiz, eta jada ez naiz bakarrik egoten.

P. L.: Goizean goiz esnatu, eta, ajeari aurre egiteko, arroz pastela gosaltzen nuen kafetegia. Azoka zaharraren ondoan zegoen. Orain, akaso itxia dago.

Urteotako guztiotako kantu bat eta liburu bat?

A. G.: Nik oso gogoan daukat iaz Plateruenan egindako Bidehuts Gaua, eta bereziki gogoratzen dut Anarik Mursegorekin Cumbia villera de la villa armera kantatu zuenekoa.

P. L.: Gogoratzen dut behin, Durangora autoan gentozela, kasete zahar batean Balerdi Balerdiren Ez gara galdu kantua entzuten... eta ailegatu ginen. Ez ginen galdu. Liburu bat hautatu behar banu, Harkaitz Canoren Twist. Zergatik? Twist Twist delako.

A. G.: Nik Koldo Izagirreren Rimmel hemen erosi nuen, eta oso gustukoa dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.