Euskal presoak. Abokatuen aurkako polizia operazioa

Legebiltzarrak Madrilen «estrategia politiko-judiziala» salatu du

Abokatuen aurkako sarekada arbuiatu du Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta EH Bilduren babesarekin.ETAk armak utzi eta hiru urte eta erdira polizia operazioak bultzatzen aritzea egotzi dio Espainiari

Atxiloketen aurkako proposamena eraman zuen atzo EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko Batzorde Iraunkorrera. Irudian, eztabaidaren une bat. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2015eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak arbuiatu egin du joan den astean Guardia Zibilak euskal presoen abokatuen aurka egindako sarekadak. Polizia operazioa Espainiako Gobernuaren «estrategia politiko-judizial batean» dela adierazi du EH Bilduren eta EAJren babesa izan duen proposamenak. Bi taldeok onartutako testua kritikoa da oso Madrilgo gobernuaren jokabidearekin, ETAk indarkeria utzi zuenetik hiru urte eta erdira «dena da ETA akusaziopean» polizia operazioak bultzatzen jarraitzen duelako. Guardia Zibilaren jardunaren alde egin dute PSEk, PPk eta UPDk, eta proposamenaren aurka bozkatu dute.

EH Bilduk eraman du abokatuen aurkako polizia operazioaren gaitzespen testua Legebiltzarreko Batzorde Iraunkorrera. Aurrera egiteko nahikoa babes ez zuela ikusita, azkenean EAJren osoko zuzenketa babestu du koalizioak. Hark egin du aurrera. Asteleheneko atxiloketen salaketatik harago doa jeltzaleek aurkeztutako zuzenketa, eta azken gertaerei«erantzun irmoa» ematen diela iritzita, koalizioak ez du arazorik izan aldeko botoa emateko. Nolanahi ere, azken polizia operazioa espresuki gaitzestea nahi zuen koalizioak bere proposamenean. Aurkeztutako testuak atxiloketak «bidegabeak» izan direla salatzen zuen, eta «bakea eta normalizazio politikoa» lortzeko ahalegina egiten ari diren garaian etortzen direla nabarmentzen.

Legebiltzarrak onartutako ebazpenak, baina, testuinguru zabalago batean kokatu du Mateoperazioa. EAJk eta EH Bilduk babestutako testuak dio «salbuespen legediaren» isla direla bai 04/08 sumarioaren epaiketaren hasiera eta bai espetxe zigorrak batzeaz Europako Batasunak duen arauaren gainean Auzitegi Gorenak hartutako erabakia. Testuaren arabera, 04/08 sumarioa eta halako auziak mantentzea «larria» da, eta ez da kasualitatea epaiketaren hasiera egunean atxiloketak egin izana. Bestetik, «arduragabekeriatzat» jo du Espainiako Gobernuak euskal presoei Frantzian betetako espetxe urteak Espainian aintzat hartzeko erabakia atzeratu izana. Legebiltzarrak etorkizuna bakean eta bizikidetzan eraikitzeko konpromisoa agertu du, halaber.

Orain urtebete, Eusko Legebiltzarrak antzeko ebazpena onartu zuen EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekarien aurkako Xake operazioaren aurka. Orduan ere, EH Bilduren eskariz, premiaz bildu zen batzorde iraunkorra proposamena eztabaidatzeko. Iazko jarrera berari eutsi diote taldeek orain. Urtebete igaro da ordutik, eta egoera gutxi aldatu dela azpimarratu du Arzuagak: «Joan den urteko arrazoien antzekoek ekarri gaituzte hona. Hala ere, ezin gara ohitu estatuaren erantzun bortitz eta suntsitzailera».

Arzuagak gogoratu du atxiloketak egiteko aukeratutako momentua ez dela «kasualitatea» izan, bi egun lehenago Bilboko kaleak jendez bete zirelako presoen eskubideen eta salbuespenezko espetxe politika salatzeko. «Espainiak erantzunik doilorrena eman dio Bilboko manifestazioari». EH Bildukoaren ustez, abokatuen aurkako polizia operazioa «antzerki hutsa» izan da, «indar erakustaldi bat». Argi du «sufrimendua» betikotu nahi dutenen erantzuna izan dela, eta atxiloketen azken helburua «euskal presoen indefentsioa inposatzea» dela. «Mateoperazioaren xedea hau izan da: euskal presoak babesik gabe uztea, eta haien giza eskubideen urraketak, zigorrik gabe».

Joseba Egibar EAJko eledunak, berriz, azpimarratu du bake prozesua «blokeatuta» dagoela ETAren eta Madrilgo gobernuaren jarrerengatik. «Alde batetik, ETAk armagabetu gabe jarraitzen du; bestetik, Espainiako Gobernuak polizia operazioak egiten jarraitzen du, dena da ETA leloa oinarri hartuta».Hala, Egibarrek «beldurrez» aritzea leporatu dio Mariano Rajoyri, biktimen elkarte batzuen presioak direla-eta, ez duelako pausorik ematen «salbuespen legedia» baztertzeko.

Susmoa abokatuengan

Eztabaida euren eremura eraman dute PSEk, PPk eta UPDk. Batetik, «errespetua» agertu diete «justiziaren erabakiei», baina, aldi berean, presoen abokatuen inguruan susmoa agertu dute. «Ez dituzte atxilotu abokatuak izateagatik, ETAko presoak kontrolatzeagatik baizik», adierazi du Jose Antonio Pastor sozialistak. PSEkoaren ustez, gainera, atxiloketarik ez zen izango «ETA deseginda egongo balitz».

EAJren eta EH Bildurentzat kritika gogorrak izan ditu Laura Garrido PPkoak. EAJri eta Urkulluren gobernuari «leialtasun falta» leporatu die zuzenbide estatua zalantzan jartzeagatik eta Espainia berme juridikorik gabeko herrialde gisa aurkezteagatik. EH Bilduri, berriz, «lotsarik ez edukitzea» egotzi dio giza eskubideen errespetua eskatzeagatik. Asteleheneko sarekada babestu du Garridok, abokatuen jarduna zalantzan jarrita: «Dena ez da ETA, baina ETA komandoak baino gehiago da».

Gorka Maneiro UPDkoaren esanetan, atxilotuei «eskubide guztiak» errespetatzen zaizkie. Haren ustez, «iseka bat» da legebiltzarrak onartutako testua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.