Albistea entzun

Zuhaitzen arteko animalia

'Zuhaitzak ez du beldurrik' diskoa plazaratu du Xabi San Sebastianek, doinu akustikoan errotutako hamar kanturekin. Laugarren lana du, eta autoekoitzi duen lehena da
Bere laugarren diskoa plazaratu berri du Xabi San Sebastian musikari donostiarrak.
Bere laugarren diskoa plazaratu berri du Xabi San Sebastian musikari donostiarrak. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Itziar Ugarte Irizar -

2017ko urriak 10 - Donostia

«Zuhaitzaren irudiarekin asko flipatzen dut; oso liluragarria iruditzen zait estetikoki eta izaki gisa». Hortik Xabi San Sebastianen (Donostia, 1967) azken diskoaren izenburua: Zuhaitzak ez du beldurrik. Batzuetan zuhaitzen artean jartzen da musikaria, eta hori da burura datorkion lehena, haiek beldurrik ez dutela. «Dauden lekuan daudela ere, sustraiak errotzen dituzte lurrean, eta gora egiten dute; irudi ederra iruditzen zait».

Izan ere, naturaz inguratuta ondu ditu diskoa osatzen duten hamar abestiak San Sebastianek. «Egunez, naturaz inguratutako bizitzari begira, eta, gauez, barruko mamuei begira. Hiriko eta buruko gauzak handik nola ikusten diren begira, era berean». Hernani (Gipuzkoa) inguruko mendialdean bilatzen du natura babesleku hori musikariak. Donostiatik atera, eta distantzia pixka batera «izugarrizko txokoak» daudela esan du, galduta egoteko eta munduaz modu libreago batean gogoetatzeko. «Zuhaitzen artean konturatzen zara animaliak garela».

Azken hiru urteak eman ditu San Sebastianek diskoa prestatzen, eta aurreko lanetik bost urte igaro dira. «Neketsua egin zait prozesua; agian, leku ausartago batera ateratzea gehiago kostatu zait, eta bestelako trabak ere izan ditut, baina nik jarritakoak».

Argitaratzeko datak «lurrarekin» zerikusia izan behar zuela aspalditik zuen erabakia San Sebastianek. Hala, ez du edozein egunetan aurkeztu diskoa: irailaren 21ean plazaratu zuen, udazkeneko ekinokzioan. Alegia, egunak eta gauak iraupen bera duten egunean. Halakoxea baita diskoa ere, musikariaren hitzetan, «argiak eta itzalak neurri berean» jaso dituena, bien arteko oreka baten bila. Argia arrazoiarekin lotu du musikariak, eta itzala, aldiz, erotasunarekin. «Ez eromenarekin», bota du ñabardura.

Laboa, bere erara

Ahotsarekin esperimentatzera —oihuak, isiltasunak...— ausartu da San Sebastian azken lanean. «Mikel Laboak jorratutako bideetan barna sartu naiz, nire erara». Esperimentazio akustikoa eta «psikikoa» ere aipatu ditu, arrazoiaren bideetatik atera eta «subkontzientetik edo alde ilunetik» datozen bulkadei leku egiteko. «Bota egin naiz disko honetan. Lotsa ematen du gure irudi estatikotik ateratzeak, baina uste dut hori behar nuela».

Beste hiru disko ditu kalean musikari donostiarrak —Orai (No-Cd rekords, 2004), Ospela (Elkar, 2009) eta Erraiak (Elkar, 2012)—, baina hau du lehen autoekoizpena. «Egiteko nuen zerbait zen», azaldu du. Prozesu guztia bizi izan du, eta, lan horrek nekea eta buruhausteak eman badizkio ere, «babestuta ez sentitzea» gustatu zaiola aitortu du, «ikusteko benetan zer den disko bat egitea».

Ahotsak eta oinarri akustikoek osatzen dute diskoko «kantuen erroa». Forma aldetik, baina, folka, rock-and-rolla eta psikodelia nahasi ditu, besteak beste. «Aurreko diskoa (Erraiak) rock diskoa zen, baina honetan ez dut hainbeste pentsatu estilo musikalean. Agian, antz handiagoa dauka bigarren diskoarekin, Ospela-rekin». Oro har, Zuhaitzak ez du beldurrik beste denak baino «askeagoa» dela uste du.

Belarri zigiluarekin kaleratu du lana, Matthieu Haramboure taldeko baxu jotzailearen diskoetxearen markarekin —hark egin ditu diskoko nahasketak—. Eta grabatu, Berriozarko Drum Groove Studion (Nafarroa) eta Hernaniko Xaturrenea estudioetan grabatu dituzte kantuak.

Lau lagunek parte hartu dute diskoan: Josu Erbiti baterian —«azken fitxaketa»—, Matthieu Haranboure baxuan —urteak daramatza San Sebastianekin—, Satxa Soriazu teklatuan —Ospela diskotik da taldekide— eta San Sebastian bera, gitarran eta ahotsean. Hitzen atzean, badira beste bi izen: Angel Errok idatzi du Itsaso gureak kantua, eta Joxean Artzeren hitzak daramatza Ikusezina izenekoak. «Gainontzekoak barrutik ateratakoak dira».

Zuzenekoetan askotariko moldeetan jarduteko asmoa du donostiarrak: bakarkakoan, taldean, baita bi edo hiruko formatuan ere. Diskoa aurkezteko emango dituen lehen kontzertuen berri ere eman du —irailean jada Iruñeko Katakraken eta Luhuson (Lapurdi) izan zen, eta joan den astean, Baionako Kalostrapen—: urriaren 13an, Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenean; urriaren 19an, Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri kultur etxean; eta jakinarazi duen azkena, oraingoz, azaroaren 5ean, Bilboko Biba aretoan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Durangoko Azokako eta BBK erakundeko ordezkariak gaur, Bilbon ©Aritz Loiola/ Foku

Sortzaileentzako lau eguneko topagune profesionala antolatu du Durangoko Azokak

Iñigo Astiz

Musikariak ez ezik, bestelako sortzaileak ere bide profesionalean laguntzeko helburuz egingo dute DA! Pro abenduaren 1etik 4ra bitarte

Nogen taldeak jaialdian parte hartuko du. ©Gorka Rubio / Foku

S.A., Nogen, Skakeitan, Tremenda Jauria eta Rodeo, Hatortxu Rocken

Berria

Hamazazpi artista ariko dira guztira abenduaren 18an Atarrabian euskal presoen alde egingo den jaialdian.

Altsasuko minak taularatzea

Altsasuko minak taularatzea

Iñigo Astiz

Maria Goirizelaiak idatzi eta zuzendu du 'Altsasu' antzezlana, eta bihar estreinatuko dute, Bilboko Arriaga antzokian. Ahozko epaiketako transkripzioak izan ditu pieza sortzeko abiapuntu nagusi.

Edorta Jimenezen liburuak Nikole Atxikallenderen eta Sabino Aranaren argazkia du azalean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Edorta Jimenezek 'Nikole bijotzekua' ikerketa idatzi du

Gorka Arrese

Edorta Jimenezek 'Nikole bijotzekua' ikerketa idatzi du. Nikolasa Atxikallenderen biografia osatzeaz batera, Sabino Aranaren bestelako ikuspegi bat dakar. Elkar etxeak argitaratu du liburua

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.