Makinak Bolintxun sartu gabe amaitu nahi dute Supersur

Zutaberik gabeko zubi bi eraikiko dituzte, azpiegiturak ez dezan izan eraginik Bilboko naturgunean. 2023an bukatu nahi dituzte lan guztiak

Javi West Larrañaga.
Bilbo
2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun
Supersur osoa 2023ko udaberrirako zabalik egotea aurreikusi du Imanol Pradales Bizkaiko Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak. Bilbo hegoaldeko saihesbidearen bigarren fasea orduantxe emango dute amaitutzat, eta Getxo eta Portugalete lotuko dituen itsasadar azpiko tunela ere orduan amaituko dutela esan zuen atzo goizean, Bilbon. Errepide horien guztien baturari «Bizkaiko saihesbide handi berria» izena eman diote.

Edonola ere, plan handi horren metro gutxi batzuek hartu zuten atzoko prentsaurrekoaren zatirik handiena: obrak Bilboko Bolintxu naturgunea nola gurutzatuko duen azaldu zuten, nagusiki. Zutaberik gabeko zubi bat eraiki nahi du aldundiak, obren «ingurumen inpaktua» murrizteko. Makinek haranaren bi aldeetan lan egingo dute. Han eraikiko dituzte zubiaren bi erdiak, eta, gero, elkartu egingo dituzte, haranean makinak sartu beharrik gabe. Diputatuak esan zuenez, ez dituzte ukituko haranaren elementu «garrantzitsuenak»: erreka eta urtegia.

Pedro Rivas Interbiak sozietateko obra buruak azaldu zuen haranaren egitura naturala aprobetxatuko dutela arku baten bidez lotu ahal izateko. 162 metroko luzera izango du arkuak; Arrontegiko zubiarekin eta Larreagaburu zubiarekin alderatu zituen Rivasek: «Bizkaian eraiki diren zubibide handien mailakoa da».

Mugikortasuna «iraultzea»

Urteak dira proiektuak Bolintxun eragin ditzakeen kalteek protestak piztu dituztela. Erabakia talde ekologisten presioagatik hartu ote duten galdetuta, ezetz erantzun zuen Pradalesek: «Elkarte bat ibili da bere iritziak ematen. Errespetatzen dugu, baina, guk legearen arabera dena egoki ikusten dugunez, eta ingurumen ziurtagiriak dauzkagunez, aurrera egingo dugu».

Adierazi zuenez, hasieran ere ez zegoen «pentsamendurik, asmorik, ezta proiekturik ere» Bolintxun zutaberik jartzeko. Proiektuan aldaketak egon direla onartu zuen, halere. «Egia da orain aurkeztu dugun irtenbide teknikoa berritzaileagoa dela aurreko proiektuarekin alderatuta».

Padralesek argitu zuen «Bizkaiko mugikortasuna iraultzea» dela plan orokorraren asmoa, eta Supersurrek auto pilaketen arazoari aurre egingo diola. Diputatuak nabarmendu zuenez, lanak amaitu eta ur azpiko tunelarekin lotzean, saihesbidea erabili ahalko da Bilboko itsasadarraren alde biak gurutzatzeko, Kantabriara eta Iberiar goi lautadara joateko, eta Donostiako noranzkoa hartuta Bilbora sartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.