UDAKO SERIEA. Azken hitzaren jabe (eta V).

«Berak eskatu zuen sedatzeko»

Komunikazio on eta jori baten garrantzia behin eta berriz agertzen da hilurren dauden gaixoen premiei erreparatzean; komunikazio horrek osoa izan behar du, eta ez du alor sanitarioak dakartzan eskarietara mugatu behar.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2016ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Ni ez naiz batere esoterikoa gai horietan. Baina, aizu, haren energia sentitu egiten dudala iruditzen zait; ni lasai geratu naiz, ongi geratu naiz». Mari Cruz Lasak (Donostia, 1948) ederki daki bere hitzak semea galdu berri duen ama batenak direla jakinda nekez ulertuko dituztela askok. Baina argi eman nahi du bere lekukotasuna. «Nire seme Iboni txartu egin zitzaion zangoan zuen tumore bat». Ibon. Izen osoa Ibon Gaztanbide zuen, @olagarroa, Euskalerria Irratiko langilea; euskarazko hedabideetan eta sare sozialetan zinetan ezaguna zen. «Zango bat ebaki zioten, eta traumatologoak esan zion bizirik jarraituko zuela; hazten ikusiko zuela alaba». Halaxe, bolada on bat izan zuen semeak haur txikia hazten hasten ikusteko. Hortik aurrera, ordea, albiste txarrez jositako narrazio bat: minbizia hitzak setaz harilkatutako diagnostikoz, pronostikoz eta tratamenduz betetako istorio bat.

Ez dio gordintasunik kendu Lasak kontakizunari. Nabarmendu du, ordea, komunikazioa giltzarri dela bidean: samurtzeko. Semeak berak hori argi izan zuela azaldu du. Behin eta berriz aipatu du solasaldian Koldo Martinez medikuaren izena: «Ibonek sarri jotzen zuen harengana; konfiantza handi-handi-handia izan du beti harengan. Minbizia ez da haren espezialitatea, baina sarri jotzen zuen harengana». Hain justu, Martinez, egun Nafarroako politikagintzako izen ezaguna bada ere, zaintza intentsiboetako sendagilea da, eta bioetika gaietan aditua. Berak semearekin izan zituen elkarrizketak ere aski garrantzitsuak izan zirela adierazi du. Oroitzen du gaixotasunak berak eragindako mendekotasunak eraginda hurbildu zela bera, hein handi batean, semearengana, hari lagundu ahal izateko. Baina izan zituzten solasak bientzat arnasa izan zirela nabarmendu du.

«Pixkanaka-pixkanaka ikusten joan ginen gaitza bere bidea egiten ari zela, eta, segur aski, amaiera bat izango zuela». Semeak berak sustatuko harreman mota izan zela nabarmendu du. «Behin, berak komentatu zidan zergatik ez genuen ikusten elkarrekin film bat; film hartan bi protagonistek zuten minbizia», gogoratu du. Halakoak hunkiduraz betetako uneak izan zirela oroitu du, baina jauzika zetorren geroa antolatzeko bidea. «Era eman ziguten mintzatzeko; gerta zitekeenaz jarduteko». Iltzatuak ditu harekin izandako elkarrizketak: gai askotarikoak, natural-natural egindakoak. «Baten batzuentzat akaso izango da arinkeria. Baina halaxe izan zen». Eta gomuta zinetan ona laga diote: «Konfidentzia asko egiteko egunak izan ziren, samurtasun handikoak». 2014 amaieran ahultzen joan zen semea, baina, azken egun horietan, norekin hitz egin nahi zuen eta zer egin nahi zuen erabakitzeko gaitasunik ez zuela galdu nabarmendu du amak. Ezta azken orduko hitza ere. «Berak eskatu zuen sedatzeko», azaldu du. «'Ezin dut gehiago', azaldu zion Koldori. Baina larriminik gabe esan zuen; dena esan zen larriminik gabe. Negar artean akaso, baina larriminik gabe». Abenduaren 29an hil zen, 40 urterekin. Ez zuen aurretiazko borondateen agiririk egina. Kasu honetan, beharrezkoa ere ez zela uste du Lasak. «Bazekien Koldok gai horiek jorratzen dituela, eta harekin usu hitz egiten zuen; babes handia izan zen». Erietxean hil zen semea. Amak ez du horren damurik. «Giro goxoa izan zuen».

Lehendik ere egokitu zitzaion gertuan heriotza gogor bat Lasari. «42 urterekin geratu nintzen alargun; nire bi semeak nerabeak ziren orduan». Senarraren eritasuna—minbizia orduan ere— esan gabeko kontuz betetako narrazio bat izan zela iruditzen zaio orain. «Lotu gabe utzi genituen gai asko. Maitasun handiz tratatu nuen senarra, baina gai asko aipatu ere egin gabe laga genituen; elkar engainatzen genuela iruditzen zait», ondorioztatu du. «Sarri askotan, ezkutatu egiten genuen gaia: biok». Era horretan, bizipenak askoz ere gogorragoak direla iruditzen zaio. «Eta orain, bi heriotzak alderatuta, arras diferenteak direla iruditzen zait; Ibonen heriotzan dolua hura bizi zen bitartean egin nuela iruditzen zait, eta bakean utzi nau», azaldu du. «Aurrekoan, aldiz, gaiari ez genion inoiz ere aurrez aurre begiratu». Hortik gogoeta, eta usu burura datorkion itauna. «Jendeak askotan esaten du seme baten edo alaba baten heriotza gaindiezina dela; nik ez dut era horretan bizi», nabarmendu du. «Egunero akordatzen naiz Ibonekin, baina ez dut era horretan bizi. Izan ere, lotu beharreko guztiak lotuta utzi genituen, eta bera ere lasai joan zela esanen nuke». Haren alaba txikiari ere deus ez ziotela ezkutatu adierazi du: «Hilda ikusi zuen aita, eta naturaltasun osoz hitz egiten du Iboni buruz».

Mendekotasunen beldur

Egina du Lasak aurretiazko borondateen agiria, semea hil aurretik. «Erretiroa hartutakoan egin nuen dokumentua». Harago egitea ere nahi du. «Heriotza duinaren aldeko elkartean izena ematekotan nabil. Garrantzitsua iruditzen zait eutanasiaren aldeko borroka». Argi du horretarako arrazoibidea: «Pentsatzen dut norberak bere bizitza kudeatzeko gaitasuna galtzen duenean ez duela merezi bizitzea. Mendekotasuna beldurgarria da niretzat». Saihestu egin nahi du, halaber, sufrimendua: «Izua ematen dit».

Prest dago borroka horretan murgiltzeko: «Askotan esaten dut gure belaunaldiari egokitu zaiola dibortzioaren eta beste hainbat borrokaren alde jardutea, eta eutanasiaren kasuan ere antzeko zerbait gertatuko dela iruditzen zait». Giltzarri iruditzen zaio, ezer baino lehen, gaiaz naro mintzatzea. «Kontzientziatu egin behar da jendea». Bidea erakusteko, hil aurretik semearekin izan zituen elkarrizketen gomuta du. «Erakutsi zidaten maitasun handia genuela gure artean. Lotsa pixka bat ere ematen du esateak, nolabait ere arrakastak erakusten ari zarela ematen duelako. Ez dira arrakastak: bizipenak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.