Luzatutako aurrekontuetatik at geratutako hiru neurri, aurrera

Funtzionarioen lansariak, itunpeko eskoletako langileenak eta DSBEa igotzea onartu dute Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduk ez du botatu

arantxa iraola
2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Aurrekontuak luzatuta dihardu Eusko Jaurlaritzak; akordiorik ez zuten erdietsi PSE-EEk eta EAJk gainerako talde politikoekin proposatu zituzten aurrekontuak onartzeko, eta iazkoak luzatzea beste erremediorik ez zuten izan. Atzo, hala ere, Eusko Legebiltzarrean lortu zuten luzatzearen ondorioz ebatzi ezinik zeuden hiru gairen gaineko onespena. Hiru lege proiektu eraman zituen Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk parlamentura; «apaltasunez», horien aldeko boza eskatu zien legebiltzarkideei, denak gizartearen «onurarako» izango direla iritzita. Eta hiru neurriak aurrera ateratzeko adina babes lortu zuten. Horiek horrela, DSBEa igotzeko, funtzionarioen soldatak emendatzeko eta itunpeko eskoletako langileen lansariak hobetzeko lege proiektuak onetsi zituzten.

Ez kritikarik gabe. EAJk eta EH Bilduk negoziazio luzeak izan zituzten aurrekontuen gaineko akordio bat hitzartzeko, azkenean ez ziren gauzatu, eta ahalegin antzu haien lorratza agerikoa izan zen atzo. Iker Casanovak hartu zuen hitza EH Bilduren izenean. Hiru lege proiektuak lantzeko orduan gainerako taldeei «erabaki ahalmena» ukatu zaiela salatu zuen. Zuzenketarik aurkezteko erarik ez zaiela eman esan zuen, eta botoak eskatzeko orduan erakutsi zuen «apaltasuna» falta izan zaiola Azpiazuri bidean. «Apaltasuna bukaerarako utzi ez bazenute, agian akordioa izango genuke gaur», egotzi zion. Kritika adierazi, eta bozketetan ez parte hartzea erabaki zuten. Ondorioz, ezin izan zen jakin zer jarrera hartzeko asmoa zuen EH Bilduk itunpeko eskolei zuzenduriko neurrian; zalantza zegoen auziaren inguruan, baina ez zen argitu.

Ezezkorik gabe

DSBEari buruzko proposamenak aldeko 37 boto jaso zituen, bederatzi ezezko, 11 abstentzio. Errentaren %3,5eko igoera ekarriko du. Funtzionarioen lansariaren igoerak jaso zuen atxikimendurik handiena: 46 aldeko boz izan ziren, eta hamar abstentzio. Elkarrekin Podemoseko ordezkariekproposatzen den soldata igoera «gutxienekoa» zela argudiatu zuten eta ezinbestekoa dela horren alde egitea; era berean, oro har, Jaurlaritzaren partetik «negoziatzeko» nahirik ez dutela ikusi salatu zuten: horregatik, hain justu, abstentzioa. Itunpeko eskoletako langileen soldatak %2,25 emendatzea ekarriko du azken neurriak. 37 boz jaso zituen alde, 11 ezezko eta bederatzi abstentzio. PPko legebiltzarkide Antonio Danboreneak defendatu zuen abstentzioa argudiatuz «baliabide urriegiak» dituztela itunpeko eskolek, eta soldaten igoeraz aparteko neurriak behar direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.