Juan Luis Zabala
HIRUDIA

Petriren txapinak

2018ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Amaierara iritsi da, antza denez betiko, ETA, sortu zenean izan zituen helburuak betetzetik oso urruti eta bidean utzitako arrastoarekin harro egotetik kasik are urrutiago, erakundeak berak aitortu duenez, nahiz eta, nondik begiratzen zaion, ETAko kideen jardunean ez den dena eta beti gaitzesgarria izan, hain izan da luzea ETAren historia eta ibilbidea.

Euskal literaturan ere arrasto handia utzi du ETAk, hala idazleen liburuetan nola idazleen arteko harremanetan eta haiek irakurleen aldetik izandako harreran. Nire irudipena da denboran aurrera egin ahala handitu egin dela bi eragin horien arteko lehena, eta murriztu bigarrena; hau da, duela 25 edo 30 urte ETAk gaur egun baino askoz ere presentzia urriagoa zuela euskal literaturako liburuetan, baina gaur baino askoz ere presentzia handiagoa idazleen arteko harremanetan eta haiek irakurleen aldetik izandako harreran, ia beti presentzia hori isilpekoa izaten bazen ere, tazitua, ETAri buruzko iritziak eragindako banaketa inork ikusi, ukitu edo aipatu gabe ere giroa kutsatzen eta bereganatzen zuen mamu ikusezina baitzen. Hala oroitzen dut nik behintzat.

Beharbada oker nago nire pertzepzioan, eta izango da kontuak beste era batera gogoratzen dituenik ere, baita nik erabilitako terminologia arbuiatuko duenik ere, kontu hauetan ezin baita denen gustua asetzeko moduan idatzi, baina garai hartan, 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990ekoaren hasieran, arlo askotan zen garrantzitsua eta ia edozertarako aintzat hartzekoa ETA gaitzesten zuten eta gaitzesten ez zutenen arteko banaketa, eta literatura ez zen salbuespena, ezta hurrik eman ere.

Banaketa horren oroitzapen lauso batzuk gordetzen ditut, hala nola Galeusca batean euskal idazleon artean sortutako tentsioa, bi bandoetako ordezkari ezagun, nabarmen eta enblematikoenetako bana elkarren ondoan egokitzekoak zirelako. Ez dut uste gero ezer larririk gertatu zenik haiek elkartu zirenean, baina enkontruaren aurreko giroak Far West-eko pelikulak ekarri zizkidan gogora.

Pixka bat geroago, 1990eko udan eta udazkenean, Argia aldizkariko erredakzioa ezagutu nuen, Donostiako Egia auzoan, Tabakaleratik pauso bakan batzuetara. Ordurako, aldizkaria argitaratzeari utzi gabe, Euskaldunon Egunkaria sortzeko asmoan buru-belarri murgilduta zeuden Argia-koak, Joxemi Zumalabe zena bultzatzaile nagusien artean zela. Esan beharrik ere ez dago: ETA, publikoki behintzat, gaitzesten ez zutenen bandokoak ziren han denak, neu bezala, bidenabar esanda. Baina berehala jabetu nintzen, harriduraz eta pozez, bi bandoen arteko banaketa hori gainditua zutelaedo gainditzen saiatzeko ahaleginak egiten zituztela behintzat— Argia-ko kazetariek, eta tratu bera ematen zietela edo tratu bera ematen saiatzen zirela behintzat tazituki denok buruan bereizten genituen bi bandoetako idazleei.

Nire akordu apetatsuan, oroitzapen eder eta esanguratsuenetako bat Juan Jose Petrikorena Petri kazetariak Gerardo Markuleta idazleari aldizkarian argitaratzeko elkarrizketa baterako hitzordua jartzeko telefonoz deitu zionekoa da. Txapinak jantzita zegoen une hartan Petri, ez kasualitatez, baizik eta hala egiten zuelako lan askotan erredakzioan, beste kazetari batzuek bezala, erredakzioa etxe bihurtua zuelako, lanari gustura, gozo eta konbentzimendu osoz emana bizi zelako. Markuletarekin hitzordua finkatu eta gero, «harrapatu haut» edo antzeko zerbait esan zuen Petrik, western-etako pistoladunen mehatxu tonua imitatuz. Baina Argia-ko erredakzio hartan Euskaldunon Egunkaria sortzeko lanean neraman denbora ez oso luzeak irakatsia zidan ordurako Petriren ateraldi mehatxagarria ez zela inondik inora ere zinezko asmo gaizto baten adierazpena, txantxa hutsa baizik, antzeko esaldi bat eskain ziezaiokeela, berdin-berdin, bere bandoko idazle bati, eta errespetu osoz egingo ziola elkarrizketa Markuletari, eta errespetu osoz argitaratuko, Markuletak orduan kaleratu berria zuen liburuari merezi zuen lekua eman nahian, beste bandokoa zen idazlearen aurkako inolako gibel-asmorik gabe.

Harritu egin ninduen, beraz, eta poztu, esan dudan bezala, gaur egun normaltzat daukagunak. Gaurko ikuspegitik begiratuta, inozo samarra ematen du nire orduko harridurak, baina balio beza gogoratzeko zein gogorra zen orduan bi bandoen arteko tirabira oro-biltzaile hura, giroan etsaigoa eta elkarren ukazioa sustatzen zituen mamu ikusezin hura. Seguru nago, gainera, mamu hori ahultzeko eta uxatzeko ezinbestekoak izan direla euskarazko hedabideak.

Ondo pentsatuta, Petrik, orduko Argia-ko beste kazetari batzuek bezala, txapinak jantzita, etxe bihurtutako erredakzioan, euskararen alde, euskal literaturaren alde, euskal kulturaren alde egiten zuen lan, baina baita etsaigoaren eta elkarren ukazioaren aurka ere, gizarte hobe baten menturan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.