Bizkaia eta Nafarroa ere gaur eta bihar hasiko dira txapelketekin

Xilabako hirugarren kanporaketa eta Nafarroako Bertso Txapelketako lehen saioa egingo dituzte gaur, eta Bizkaiko lehen kanporaketa bihar

Inigo Astiz
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Domino piezak balira bezala, bata bestearen atzetik erorarazi zituen pandemiak iaz, lehenik, herriz herriko bertso saio guztiak, Xilaba Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko txapelketa haiekin batera, Bizkaikoa gero, Nafarroakoa urtarriletik udazkenera mugiarazi zuen aurtengo urtarrilean, eta, horren guztiaren ondorioz, azkenean, noiz egingo den zehaztu gabe atzeratuta geratu da irailean hastekoa zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia ere. Urtebeteren ostean, ordea, berriz ere pieza horietako batzuk altxatuz doaz, eta mugarria izango da asteburu hau. Hirugarren kanporaketarekin jarraituko du aurrera gaur Xilabak, Hiriburun (Lapurdi), eta martxan hasiko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketa gaur, Izaban; Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ere bai, bihar, Durangon jokatuko duten kanporaketa faseko lehen saioarekin.

Txapelketak Nafarroa muturretik muturrera gurutza zezan nahi izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, eta, hala, Izaban egingo dute aurtengo lehen saioa, 17:30ean. Sei bertsolari arituko dira kantuan: Julen Zelaieta Iriarte, Eneko Fernandez Maritxalar, Endika Legarra Nuin, Patxi Castillo Graciarena, Aitor Irastortza Arrizurieta eta Idoia Granizo Uribarrena. Guztira, 29 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, eta haietako zortzi helduko dira azaroaren 28an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalera.

Hamar eserleku jokoan

Bihar hasiko da Bizkaiko Txapelketaren kanporaketa fasea ere, Durangon, 17:00etan. Kanporaketako gainontzeko saioetan bezala, sei bertsolari arituko dira kantuan: Ander Elortegi Garatea, Asier Galarza Garai, Beñat Bilbao Landa, Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia, Inazio Vidal Gurrutxaga eta Iruri Altzerreka Martinez. Kantaldian lehen postuan geratzen dena zuzenean pasatuko da finalaurrekora, eta berbera izango da sailkapen sistema gainerako bost kanporaketa saioetan ere.

2018ko finalean izandako zortzi bertsolariek finalaurrekoetan hasiko dute txapelketa, eta, ondorioz, guztira, kanporaketa faseko hamar bertsolarik dute aukera bigarren fase horretarako sailkatzeko: saio bakoitzeko irabazleek,eta puntuazio orokorrean puntuaziorik onena duten beste lau bertsolariek. Finalaurreko saioen ostean erabakiko da abenduaren 18ko finaleko zortzikoa.

Xilabako hirugarren kanporaketan, gaur, Josu Txoperena Iribarren, Pettan Prebende, Iker Altuna, Patxi Iriart Hiribarren, Aitor Servier Etxetxuri eta Kerman Diazek kantatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.