Azpeitiko Dinamoak Hitzaren Eskola abiatuko du irailean

Lorea Agirre, Irene Arrarats, Gorka Arrese, Harkaitz Cano, Igor Elortza eta Miren Gaztañaga ariko dira irakasle, bakoitza hitzaren adierazpide batetik

itziar ugarte irizar
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Azpeitiko (Gipuzkoa) kultur dinamikan, laster zabalduko ditu ateak Dinamoa Sormen Guneak. Lau lan espazio izango ditu: soinua, gorputza, irudia eta hitza. Hasteko, arduradunek erabaki dute azken horri ematea garrantzia, «sormen guneetan, oro har, hitza baztertuxea izan ohi dela iritzita». Hala, proiektu «ardatz» bat jarriko dute martxan heldu den irailean: Hitzaren Eskola.

Sei hilabeteko iraupena izango du: iraila, urria, azaroa, urtarrila, otsaila eta martxoa hartuko ditu, eta, hilabete bakoitzeko, hitzaren adierazpide ezberdinetako «irakasle-tutore» bat ariko da ikasleekin: Lorea Agirre, Irene Arrarats, Gorka Arrese, Harkaitz Cano, Igor Elortza eta Miren Gaztañaga. Saioak asteazkenetan (18:00-20:00) eta larunbatetan (10:00-13:00) izango dira, eta denera hamabi-hamabost laguneko talde batek jasoko ditu eskolak. Hil bakoitzeko irakasleak ekitaldi ireki bat antolatuko du hileko azken asteazkenean; izan hitzaldi, film emanaldi, kontzertu edo mahai-inguru baten forman.

Lau puntutan batu dituzte Hitzaren Eskolako ikaslearen ezaugarriak: 18 urtetik gorako euskalduna, hitzaren lanketa sormenetik abiatu nahi duena, hitzaren eremuan trebatu eta sakondu nahi duena eta hitza ardatz duen komunitate bateko kide izan nahi dena. Horri lotuta zehaztu dituzte helburuak: besteak beste, hitzaren «lanketa integral bat» eskaintzea, esperimentazioari leku eginez; ikasleek «hitzaren ahalaren» kontzientzia hartzea, erreferentziak trukatuz eta lan praktikoekin ideiak garatuz; eta «mundua euskaraz kontatzen» segitzeko tresnak eskura jartzea.

Hitzaren ahal guztiak

Sormena eta transmisioa izango dira eskolaren zutabeak. «Tradizioa berritzea, batetik; eta berria tradizio baten barruan txertatzea, bestetik. Tradizio bat ematea aukeran, mundua bere garaitik baino bizi ezin duen belaunaldi bakoitzari». Espezializazioak espezializazio, antolatzaileek uste dute kulturan nork bere adierazpidea aukeratzen duen arren ingurukoak ere baliatzen direla; zenbat eta gehiago hartu besteetatik, orduan eta aberatsagoa izan ohi dela lana. Baina Hitzaren Eskolak hitza —eta hizkuntza, euskara— horren guztiaren ardatzean jarriko du. «Hitza bera, bere ertz guztiekin, bere ahal izugarriarekin, bere izaera eta aukera guztiekin».

Izena emateko epea gaurtik ekainaren 10era bitarte egongo da zabalik. Prezio orokorra 375 eurokoa izango da; ikasle, langabetu eta erretiratuentzat, aldiz, 250 euro balioko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.