Apcevskaren 'North Pole' filmak irabazi du Zinebiko sari nagusia

Mel Arranzen 'Azaletik azalera' animazioari eman diote euskal zinemaren saria, eta Fern Silvaren 'Rock Bottom Riser' lanari ZIFF ZINEBI saria

Inigo Astiz
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Guztira, 55 lan proiektatu ditu Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak egunotan, eta haien artean Marija Apcevska zuzendariaren North Pole fikziozko laburra nabarmendu du epaimahaiak. «Protagonistaren aurpegia bezain delikatua da filma, eta itxaropenaren, betebeharraren, presioaren eta askapen gozoaren artean dabilen zerbait bezala deskribatzen du emakumeen desira». 7.000 euro jasoko ditu zuzendariak. Saritutako lanekin proiekzio berezia egingo dute gaur Arriaga antzokian.

Fern Silvaren Rock Bottom Riser film luzeari eman diote Zuzendari berrien lan dokumental luzeentzako ZIFF-Zinebi saria, 12.000 eurokoa. Epaimahaiak aipamen berezia egin dio, gainera, Jessica Beshir zuzendari mexikar-etiopiarraren Faya Dayi dokumentalari.

Mel Arranz zinemagileari eman diote euskal film labur onenaren sari nagusia, Azaletik azalera lanarengatik. Ukidura ardatz duen animaziozko film esperimentala da filma, eta zuri beltzeko irudien bidez zinemagintzaren materialtasunari ere egiten dio keinu. 6.000 euro jasoko ditu. Eta ordain bera jasoko dute Descartes dokumentalaren egileek ere, Alejandro Alvaradok eta Concha Barquerok, Espainiako film labur onenaren saria irabazi baitute.

Genero bakoitzeko Mikeldi sari bana ere hautatu dute: Inherent-i eman diote fikziozko film labur onenarena; Crumbs of Life filmari animaziozko labur onenarena, eta Some Kind of Intimacy-ri film labur dokumental onenarena. 5.000 eurokoa da sari horietako bakoitza.

Horrez gain, Maider Oleagak eta Carlota Peredak idatzitako Kinka fikziozko film laburrari Euskadiko Gidoi Onenaren Saria eman diote, 3.000 eurokoa. Diana Cam Van Nguyenren Mil? tati lanari eman diote EITB publikoaren saria, 3.000 eurokoa. FAS zineklubak 2.000 euroko saria eman dio Ainara Elgoibarren Rotor filmari, eta UNICEF saria Paula Armijoren Écoutez-moi film dokumentalarentzako izan da.

Laguntzak proiektuei

Hainbat proiekturentzako laguntzak ere banatu dituzte jaialdian. Maria Elorzak zuzendutako Libros et mulieres cano (A los libros y a las mujeres canto) izenekoak 10.000 euroko laguntza jaso du. Eta film laburren proiektuak bultzatzeko Aukera Saria ere banatu dute aurten lehenengoz. Hari esker, hiruna mila euro jasoko dituzte Prioridades, Azkena eta Hemen bizi da maitasuna proiektuek aurrera egin ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.