Frantziako hauteskundeak. Emmanuel Macron

Garai egokian eta toki egokian

Alderdi politikorik gabe, eta ibilbide politiko laburrarekin irabazi ditu bozak Macronek. Zentroko itxura eman du, politikari berriarena, nahiz eta azken urteetako politika liberalen atzean egon.

CHRISTOPHE ENA / EFE.
Adrian Garcia.
2017ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Orain hiru urte ez zuen apenas inork ezagutzen. Gaur, Frantziako presidente hautatua da. Sektore pribatuan, batez ere bankan, ibilbide profesional arrakastatsu baten ondotik, 39 urterekin V. Errepublikako presidenterik gazteena da Emmanuel Macron (Amiens, 1977). Bankari eta gobernuaren aholkulari ekonomikoa izandakoak marketin kanpaina borobil batek bultzatuta lortu du Eliseoa konkistatzea. Frantziako oligarkiaren ordezkari kutuna izanagatik,«sistemaren aurkako hautagai» gisa aurkeztu da. Abilezia berezia erakutsi du Macronek toki egokian garai egokian egoteko. Frantziako sistema politikoaren sinesgarritasun falta aprobetxatu, eta berritasun itxura eman du. Haatik, botere guneetan aski ezaguna da, azken hamarkadan itzalpean jardun baitu hortik.

Gaztetan, Frantzian beste askok bezala, probintzia utzi eta Parisera jo zuen, lizeora. Gurasoak medikuak ditu. Filosofia ikasketak egin zituen, eta Hegel filosofoari buruzko tesia osatu zuen. Adarrez aldatu zen gero:zientzia politikoak ikasi, eta EAN Administrazio Eskola Nazional prestigiodunean amaitu zituen ikasketak.

Ohiko politikaren moldeak apurtzen saiatu da Macron, muturretatik aldentzen. Ezker-eskuin binomioa ukatu du, diskurtso lauso batekin boto emaileak han eta hemen arrantzatzeko. Frantziako testuinguru politikoak lagundu dio horretan ere: PS Alderdi Sozialistan Benoit Hamon ezkertiarra gailendu zitzaion eskuineko sektoreari, Manuel Valls lehen ministro ohiari. Eskuinean ere muturreko hautagaia izan zen irabazlea: François Fillon. Horien erditik egin du igeri Macronek, eta hedabideek ere zentristatzat jo dute. FN Fronte Nazionalaren gorakadaren mehatxuak eman dio azken hauspoa. Europaren aldeko defentsak «hautagai demokratiko bakar» gisa irudikatu du bigarren itzulian.

Politikari «progresistatzat» du bere burua, baina alor ekonomiko eta sozialean liberal petoa da. Haren iraganak zehazten du bere korronte liberala. Rothschild bankuko langilea izandakoa da; Finantzetako Mozart bezala ezagutarazi zuten, bitartekari gisa akordioak ontzeko trebetasunagatik.

Gobernuaren aholkulari

Attali Batzorde liberaleko kide izan zen gero. Nicolas Sarkozyren agintaldian gobernuak batzorde horri eskatu zion txosten bat, ekonomia liberalizatzeko. Hamar urteko anbizio bat izenburupean aurkeztu zizkion Macronek neurriak. Gerora ere erabili du txosten hori, François Hollanderen bost urterokoan. Presidente sozialistaren ekonomia aholkulari izan da, eta, 2014. urtetik iazko abuztura arte, Ekonomia ministroa. Ekonomialari izar gisa aurkeztu zuten orduan, bankako otso bat Eliseoaren zerbitzura. Macron legea da bultzatu duen politika neoliberalaren adibide garbia: sektore ekonomiko ugari liberalizatu zituen, igandeetan lan egitea legeztatu zuen, unibertsitateen finantzaketa pribatua bultzatu... Hain zuzen, programa hori eraman du kanpainan. Prest dago hamar urterako anbizioak pertsonalki burutzeko. Orain, presidente gisa.

Politika liberal horiek izan dira, hain zuzen, PSko arrakalak are gehiago zabaldu dituztenak. Paradoxikoki, Macronek bultzatu ditu neurri horiek; hasieran gobernu kanpotik, eta gero barrutik. Martxan mugimendua sortu zuen iaz, hondoratzear zegoen alderdia utzi eta Eliseorako plataforma gisa erabiltzeko.

Lagun boteretsuak

«Sistemaren aurkako hautagai» gisa aurkeztu arren, fundamentu askorik ez du diskurtso horrek. Haren babesleak begiratu besterik ez daude: Frantziako oligarkiaren zati handiena.AXA aseguru konpainiaren presidente ohia dago tartean, Henri de Castries. Think tank neoliberal bat gidatzen du, eta liberalizazioak muturrera eramatea proposatzen du: segurantza soziala pribatizatu nahi du, eta gutxieneko soldata moldatu.

Patrick Drahi magnatea ere lagun du Macronek. Altice telekomunikazio erraldoiaren jabe da; SFRko akzionista nagusia da, baita Libération eta L'Express egunkariena. Harreman hori izan da, hain justu, Marine Le Pen FNko hautagaiaren armetako bat.

Mitinetan usu agertu da presidentea EBko bandera atzean, eta horrek egin du Bruselako erakundeen faboritoa. Baita batasuneko beste kideena ere. Batez ere, Alemaniarena eta iparraldeko herrialdeena. Izan ere, Angela Merkelen austeritate politikak defendatzen ditu Eliseoko hurrengo maizterrak. Horri buruz ere erreferentzia egin zion Le Penek azken eztabaidan. «Emakume batek aginduko du Frantzian: edo nik, edo Angela Merkelek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.