'Brexit'-a. Elkarrizketa. Georgina Wright. Ikerlaria

«Aldaketa txikiak egiteak agian erraztu lezake ituna onartzea»

Wrighten iritziz, Bruselarekin adostu duen akordioa salbatzeko azken aukeraren aurrean egon nahi du Mayk. Adierazi du Komunen Ganberan akordiorik ezaren kontrakoak gehiago direla itunaren kontrakoak baino.

BERRIA.
ander perez zala
2018ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Brexit-a ikertzeaz arduratzen da Georgina Wright, baita Erresuma Batuak Europarekin duen harremana, EB Europako Batasunaren atzerri politika eta beste hainbat auzi ere. Komunen eta Lorden ganberetako hainbat batzordetara gonbidatu dute, gai horiez iritzia emateko. Chatham House think tank-ean ere egin du lan.

Bozketak bihar (gaur) behar zuen. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak egun bat lehenago atzeratu du. Diputatu asko kexatu dira, baita Komunen Ganberako presidentea ere, epeagatik zein formagatik. Erabakiak eraginik izango al du Mayren autoritatean?

Ez du zertan. Haren estrategia beti izan da zer gertatzen den ikustea, eta horren araberako erabakia hartzea, bidean bertan hartzea. Akordioaren bozketa eguna jakinarazi zuenetik, bira antzeko bat egin du Erresuma Batuan, publikoari saltzeko Bruselarekin adostu duen akordioa.

Europako Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerren arabera, Bruselak eta Londresek adostu duten ituna adostu zitekeen akordio «bakarra» da. Mayren arabera, akordiorik «onena» da. Egia da ala joko politikoaren parte dira hitzok?

Theresa Mayk dioenean akordio onena dela, dioena da negoziazio luze, konplexu eta pisutsu batetik lorturiko akordiorik onena dela. Haren jarrera zera izan da: akordio hau ez baduzue onartzen, bi arrisku dituzue, brexit-ik ez izatea edo bigarren erreferendum bat auziaz. Akordiorik eza ere gerta liteke, noski. EB [Europako Batasuna] ere oso argia izan da: ezinezkoa da berriz negoziatzea. Zergatik? Berriz negoziatzen hasiko balira, hainbat auzi irekiko lituzkete: arrantza kuotak, Espainiaren Gibraltarrekiko kexak, eta beste hainbeste.

Baina, bai, hitzok joko politikoarekin ere zerikusia dute. EBk pribatuan esan du ez diola aldaketa handirik egingo akordioari, baina aldaketa txiki batzuk egiteko prest dagoela, baita Adierazpen Politikoari ere.

May akordioa salbatzeko azken aukeraren aurrean al dago?

Berak horrela izatea nahi du, hori iradoki du gaurko [atzoko] adierazpenean; esan du akordioa onartu beharra dagoela, eta argudiatu du orain dela garaia etorkizuneko harremanaz eztabaidatzeko. Edozer gerta liteke.

EBk esan du ez duela berriz negoziatuko. Hitzok presio egiteko dirudite, eta ituna onartu ezean brexit-ik ez dela izango edo bigarren erreferendum bat egingo dela iradokitzen dute.

EB asko konprometitu da negoziazioetan, askok espero zuten baino gehiago. Mahai gainean dagoen akordioa da bi aldeek egindako esfortzuaren ondorioa. Ez dugu ahaztu behar EBk akordioa nahi duela, eta Erresuma Batuak ere bai. Aldaketa txikiak egingo balituzte, agian horrek erraz lezake akordioa Komunen Ganberan onartzea. Baina, noski, Mayk ziurtatu beharko lioke EBri aldaketa horiek onartuko lituzketela ganberan. Uste dut hori izango dela baldintza nagusia.

Teorian, bozketa atzeratzeak denbora gehiago eman beharko lioke Mayri EBrekin negoziatzeko, eta kontra dituen diputatu tory-ak konbentzitzeko.

Gaurko adierazpenean esan du saiatuko dela testuaren edukia aldatzen. Jakin arte zehazki zer aldatu nahi duen, zaila da esatea EB ados egongo litekeen hori egiteko. Argi dago Europak ez duela oinarrizko aldaketarik egingo. Diputatu horiei dagokionez, akordiorik ezaren aurka daude, eta, aukera horrek pisu handiagoa hartzen badu, orduan iritzia alda lezakete, testuinguru hori saihesteko. Baina, orain, zaila ikusten dut konbentzitzea.

Hilary Benn diputatu laboristak zuzenketa bat aurkeztu du, Mayren itunaren aurkakoa eta aldi berean akordiorik gabeko testuinguruaren aurkakoa. Mayrentzat irtenbide bat izan daiteke?

Bai, lagun liezaioke, akordiorik eza saihesteko. Hala ere, goizegi da hori esateko, ganberan ez baitago ia ezertarako adostasunik.

Badirudi ganberan gehiengo bakarra dela akordio ezaren aurkakoa.

Bai. Gehiengoak uko egiten dio Mayren akordioari, baina akordiorik ezaren aurkakoak askoz gehiago dira. Hori gogoratzea garrantzitsua da.

Zaila da aurreikustea, baina zer uste duzu gerta daitekeela ganberak ezezkoa emango balio?

Ez dago argi, eta uste dut horregatik diputatu askori ez zaiela gustatzen ezezkoa ematea. Uste dut bigarren erreferendumak aukera gehiago izango lituzkeela, baina aukera gehien izango luke laboristen zentsura mozio batek. Ordea, May garaile aterako litzateke.

Horren ondoren, gerta liteke Mayk barne eztabaida bat bultzatzea parlamentuan. Orduan, bi aukera lituzke: Bruselara joan, eta ituna aldatzen saiatu, baina EB ez legoke horren alde. Bestea, Mayk eztabaida berriz sustatzea eta akordio bera bigarrenez bozkatzea Komunen Ganberan. Hauteskunde orokorretara ere dei lezakete, baina uste dut horretarako aukera gutxi daudela.

Beste aukera bat litzateke 50. artikulua luzatzea, baina ikusteko dago EB prest egongo litzatekeen, eta zenbat luzatzeko prest egongo litzatekeen. Izan ere, datorren urteko maiatzean Europako Parlamenturako hauteskundeak daude, Europako Batasuneko aurrekontuak 2020an amaitzen dira... Hainbat elementu hartu beharko lirateke kontuan.

Londresek brexit-a eten dezake aldebakarreko erabakiz. Epe laburrera begira, horrek eraginik izango du Erresuma Batuko politikan?

Argi dago bigarren erreferendumaren aldekoentzat badela lagungarria. Baina kontuan hartu behar da herritarren artean ez dagoela gehiengorik bigarren erreferendumaren alde. Gainera, bi urteotan ez da aldaketa handirik izan iritzi publikoan brexit-aren inguruan. Beraz, May bultza lezake bigarren galdeketa egitera.

Jeremy Corbyn Alderdi Laboristaren buruzagiak aukera guztiak xahutu nahi ditu bigarren erreferenduma babestu aurretik. Haren aukerarik gustukoena boz orokorrak dira. Laboristek ba al dute hauteskundeak irabazteko aukerarik?

Kasu honetan, gogorarazi behar da Corbyn euroeszeptikoa izan dela, eta brexit-aren kanpainan geratzearen alde egin zuela, baina jarrera oso uzkurra izan zuela, eta oraindik ere arazo asko ikusten dizkiola EBri.

Corbynek nahiago du gobernuburu izan, eta akordioa berriz negoziatzearen ardura izan. Hauteskundeak bihar izango balira, aukera handiak lituzke irabazteko, baina edozer gerta daiteke.

Gobernuak duela bi aste esan zuen ez dela bigarren erreferendumik izango May lehen ministro den bitartean. Dimisioa mahai gainean dago?

Dena da posible. Akordioa Komunen Ganberan bozkatzen dutenean ezezko garbia jasotzen badu, dimisioa aurkez lezake. Kontua da Mayk oso argi duela lana bete behar duela, eta hauteskundeetan jasotako agindua bete behar duela. Beraz, harentzat zaila litzateke dimisioa aurkeztea. Horren aurretik uste dut lidergo borroka egongo dela Alderdi Kontserbadorean.

Mayk akordioarentzako «berme gehigarriak» eskatuko dizkio EBri

Erresuma Batuak 'brexit'-a bere kabuz ezeztatu ahalko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.