Martxoaren 8ari begira. Enplegua. Mertxe Larrañaga. EHUko Ekonomia irakaslea

«Lan banaketa sexuala indarrean dago, etxean eta merkatuan»

Datuei erreparatuta, Mertxe Larrañagak ez du uste azken urteetako krisiaren ondorioz emakumeak lan merkatutik atera direnik, baina argi ikusten du sektore feminizatuak prekarizatu egin direla.

Maite Asensio Lozano.
2019ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Mugimendu feministak ostiralerako deitu duen grebaren helburua ez da izango produkzioa geldiaraztea, baina horrek ez du albo batera utzi emakumeek lan merkatuan jasaten duten bazterketen inguruko salaketa. EHUko Ekonomia doktore Mertxe Larrañagak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1962) azaldu du lan banaketa sexuala egungo gizartera egokitu dela, eta ohartarazi du konponbideak oso konplexuak direla.

Feminismoak aspaldi azaleratu zuen sexuaren araberako lan banaketa. Nola jarraitzen du indarrean egun?

Moldatu egin da. Duela hamarkada batzuk lan banaketa mota bat zen nagusi: gizonek irabazten zuten ogia, eta emakumeak etxekoandre aritzen ziren. Banaketa klasiko hori ia desagertuta dago datuetan, baina oraindik presente dago iruditeria kolektiboan, gizarteak eta ordutegiek horrela funtzionatzen dutelako. Baina, bestela ere, lan banaketak indarrean jarraitzen du egun, merkatuan eta etxean. Merkatuan, bereizketa horizontala zein bertikala dago: lanbide batzuetan ez dago emakumeen eta gizonen arteko orekarik, guztiz feminizatuta edo maskulinizatuta daude; eta sektore feminizatuetan ere ez da arraroa arduraduna gizonezkoa izatea. Azkenaldian oso agerian geratu da hori, soldata arrakalaren oinarrian dagoelako.

Zertan nabaritzen da banaketa klasiko horren aztarna?

Ondorioetako bat da emakumeen parte hartzea lan merkatuan gizonena baino baxuagoa dela, batez ere adin batetik gorako andreak eredu zahar horretan bizi izan direlako. Baina gazteen artean ere antzematen da, estatistiketan, adibidez: 30 eta 34 urteko biztanleria ez-aktiboa aztertuta, askoz gehiago dira andreak; estatuan, esaterako, gizonen boskoitza. Justu adin tarte horrek bat egin dezake guraso izateko garaiarekin, baina horrek adierazten du oraindik eredu hori ondo ikusita dagoela emakumeen artean, eta gazteen artean ere bai.

Krisiak andreak lan merkatutik atera al ditu?

Beldur hori bazen, baina nik esango nuke ez dela gertatu orokorrean; kasu jakin batzuetan gertatuko zen, baina zenbakiek ez dute adierazten aldaketa nabarmenik. Igual, kontrakoa bai, kontrakoa agertzen da datuetan: etxekoandre ari ziren batzuk merkatuan sartu dira, batez ere 50 urtetik gorakoak, eta egoera prekarioan.

Zer gertatzen ari da sektore feminizatuekin? Gehiago prekarizatu dira?

Sektore feminizatu asko dago. Hemen, emakumeak batez ere zerbitzuetan daude, eta arlo hori oso zabala da. Badu adar bat zaintzarekin lotuta, eta nik hor hezkuntza eta osasuna ere sartzen ditut, hau da, sektore publikoan ari direnak; eta badaude eremu pribatuko hainbat lanbide, hala nola ostalariak, etxeko langileak... Krisiaren hasieran kolpe handiagoa jaso zuten eremu maskulinizatuek (eraikuntza, autogintza...) eta horrek eragin zuen langabezia arrakala txikitzea, baina gero murrizketek eragin handia izan dute sektore feminizatuetan: prekaritatea nabarmen hazi da, lan baldintzak okertu dira, mugak izan dira kontratazioetan... Argi dago ez dela gauza bera medikua ala etxeko langilea izan, baina orokorrean prekarizazio bat gertatu da.

Langabeziaren arrakala berriro handitu da. Otsailean, langabeen %58 andrazkoak izan ziren: 88.500 Hego Euskal Herrian, gizonak baino 23.000 gehiago. Zer gertatzen ari da?

Langabezia tasa ia beti izan da handiagoa emakumeen artean, baina aldaketak izaten dira krisien arabera. Lan banaketaz aritzean esan dudanez, gizonak eta emakumeak ez gaude enplegu, lanbide eta sektore berberetan, eta ziklo ekonomikoek ez dute berdin eragiten sektore guztietan. Krisiak eztanda egin zuenean, eragina eduki zuen batez ere sektore maskulinizatuetan, baina berreskuratu ere beti berreskuratu izan dira lehenago enplegu maskulinoak, eta motelago femeninoak. Orain krisi industriala datorrela esaten ari dira; hor berriro izan daitezke aldaketak.

Lanaldi partzialetan ere emakumeak dira nagusi. Emakumeek jotzen dute lanaldi partzialetara ala lanaldi partzialek jotzen dute emakumeak eskatzera?

Europa osoan enplegu partziala emakumeena da. Beti pentsatu izan da halako lanaldiak egokiak direla andreentzat, merkatuko eta etxeko lanak uztartzeko modua ematen dietelako, nahiz eta askotan ordutegi partzialak ez diren onenak kontziliatzeko. Eta sarri entzuten da emakumeek libreki aukeratzen dituztela lanaldi partzialak, baina datuek diote ez dela egia: lanaldi partzialean aritzeko lehen arrazoia da beste aukerarik ez dutela, emakumeentzat zein gizonentzat; baina lanaren banaketa sexuala hor ere ikusten da, zeren bigarren arrazoia zaintza baita andreetan, eta faktore hori ez da agertzen gizonetan. Arazoa da lanaldi partzialaren ondorioak epe luzekoak direla: soldatak ere partzialak dira, andreen autonomia ekonomikoa asko mugatzen da, eta pentsioetan eragiten du. Baina etorkizunean denontzako enplegurik ez badago, agian planteatu beharko da partzialak edukitzea guztiok, edo ordu gutxiago egitea behintzat, baina soldata duinekin.

Zer neurri beharko lirateke soldata arrakala gutxitzeko?

Oso konplexua da. Arrakalaren atzean segregazioa dago, eta hori konpontzeko neurriak hezkuntzan hasten dira. Baina, era berean, eskatuko luke funtzionamendu batzuk aldatzea: nahikoa da emakume asko egotea kategoria batean, lan hori gutxiago baloratzeko eta ordaintzeko. Eta eskatuko luke gardentasuna: eremu pribatuan bakoitzak ez daki albokoak zenbat kobratzen duen.

Espainiako Gobernuak soldaten erregistro bat abiatu du. Eraginkorra izan daiteke?

Balio dezake azaleratzeko, ikusarazteko; neurriak hartzeko lehen pausoa izan daiteke.

Kontziliazioa ere emakumeen ardura bihurtu da. Zein aldaketa behar dute politika horiek?

Ez da erraza asmatzea, baina egia da kontziliazio neurriak batez ere andreek hartzen dituztela, eta urteetan ez da aldaketarik atzeman datuetan; bere garaian, ekintza positiboko neurriak jarri zituzten gizonak gehiago saritzeko, baina horrek ere ez zuen arrakastarik izan. Buelta eman behar zaio, eta adibidez, hor dago guraso baimenak parekatu eta transferiezin egiteko proposamena. Gizonek urrats gehiago egin behar dituzte, baina ardura pertsonalez gain, pentsatu beharko da ere zer eska dakiekeen enpresei, eta administrazioek zigortu edo saritu ote ditzaketen jarrera batzuk.

Soldata arrakala txikitzeko irizpideek %5 balioko dute Jaurlaritzaren lehiaketetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.