Koronabirusa. Kino Martinez. Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko idazkari nagusia

«02:00etan, festak ezin du segitu eremu pribatuetan»

Herritarren parte hartze handiagoa eskatu dute ostalariek, ardura guztia beren bizkar izan ez dadin. Ataka estuan direla ohartarazi dute, eta babes ekonomikoa galdegin diote administrazioari, helegitea onartu edo ez.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2020ko abuztuak 13

Ostalaritzako neurri murriztaileak uztailaren 29an sartu zituen indarrean Eusko Jaurlaritzak. Ordu hartan, Osasun Sailak gaueko aisialdiarekin lotu zituen birusaren agerraldi berriak, eta mugak jarri nahi izan zizkioten jarduerari; besteak beste, ixte ordutegia aurreratuta eta edukiera murriztuta. Neurriak gehiegizkoak direla uste dute, ordea, Gipuzkoako eta Bizkaiko ostalarien elkarteek, eta agindu horren aurkako helegitea aurkeztu dute. Kino Martinez Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko idazkari nagusiak ardura kolektiboa eskatu du.

Agindua «neurrigabea» dela diozue, eta ez dela «proportzionala». Zergatik?

Itxiera ordutegia aurreratzeak jarduera etetea dakar kasu askotan, eta baliteke dagoeneko gaizki pasatzen ari ziren negozio asko behin betiko ixtera behartuta egotea agindu horren ondorioz. Gainera, uste dugu horrelako agindu bat babes ekonomiko batekin lagundu behar dela, eta, aldi berean, bermatu behar dela egin nahi ez den jarduera hori beste toki batzuetara ez lekualdatzea: alegia, 02:00etan dena ixten baldin bada, festak ezin du segitu kontrolik gabeko eremu pribatu edo ezkutuetan. Ohartzen gara alde guztien ahalegina behar dela egoera kontrolatu ahal izateko, baina ez da hala gertatu.

Ostalaritzarekin lotu dira kutsatze kasu asko, ordea. Nola interpretatzen duzue zuek?

Sozializazio espazio bat gara: guk ez dugu garagardoa saltzen; hori supermerkatuek egiten dute. Guk garagardo baten inguruko topaketa saltzen dugu, hizketaldia, eta badakigu espazio horietan daudela begi guztiak jarrita. Baina, horregatik, hain zuzen ere, gehiago baloratu beharko litzateke prebentzio neurrietan sektorea egiten ari den ahalegina. Ostalaritzari egozten zaizkion arazoak ez zaizkio egozten sektoreak neurriak betetzen ez dituelako; herritarrak ere arazo horren erantzule dira.

Seinalatuak sentitzen zarete?

Kutsatutakoei zergatik galdetzen diete soilik ea zer tabernatan egon diren? Zergatik ez diete galdetzen ea Jazzaldian izan ote diren, Oiartzungo frontoiren batean egon ote diren, zer autobus hartu duten? Noski, ostatuak elkarguneak dira, eta kasu askotan erreferentziarako gune gisa balioko dute. Baina ez da beti hala izaten: Gipuzkoan ez da positiborik atzeman diskoteka batean, eta bakarra izan da pub batean: Ordizian izan zen, eta kanpotik ekarri zuten birusa. Nor da horren erantzulea, familia bilkura antolatu zuena ala topaketa egin zen espazioaren arduraduna? Beste adibide bat: Lanbideren bi bulego itxi dira aste honetan, bi langilek positibo eman dutelako. Horrek esan nahi du bulego guztiak itxiko dituztela? Ez, ezta? Bilbon bi diskoteka itxi dituztelako gainerako guztiak ere ixtera behartu dituzte. Tira, edo 01:30era aurreratu zaie itxiera ordua, baina hori ixtearen antzekoa da. Zergatik tratu ezberdin hori?

Uste duzue bateragarriak direla birusaren aurka egiteko neurriak eta gaueko aisialdia?

Gure esku dagoen guztia egiten ari gara, eta adibideak jarri ditut. Beraz, posible da. Segurtasun neurriak betetzeko konpromisoa dute ostalariek. Denok dakizkigu dagoeneko. Beste kontu bat da ardura hori ezin dela soilik ostalarien bizkar jarri; gizarteak ere bere ardura dauka, eta kontzientzia izan behar du. Horrez gain, erakundeek eta segurtasun indarrek neurriak betearazi behar dituzte.

Ixte ordutegiak moldatzeko proposatu duzue. Nola eta zertan lagunduko luke horrek?

Proposatu dugu itxiera mailakatua izatea: tabernak eta jatetxeak 01:30ean ixtea, pubak 03:00etan, eta diskotekak 05:00etan. Modu horretan, jendearen etxeratze prozesua ere mailakatua izango litzateke. Ez baitu zentzurik ostatu guztiek ordu berean ixteak, jende hori kalean pilatzen baita aldi berean.

Ohiko jarduerari ekitearekin batera, ez kutsatzeko neurriak betetzeko konpromisoa azaldu duzue. Nola egingo duzue hori?

Dagoeneko ari gara horretan, baina konpromisoa berretsi dugu helegitean bertan idatzita. Tenperatura hartuko genieke bezero guztiei, eta distantzia eta maskararen erabilera bermatzeko etengabeko zaintza protokolo bat izango genuke martxan, pertsona bat zaintza lan horretarako jarrita, adibidez.

Aragoiko kasua aipatu izan da. Lagungarri izan daiteke kasu hori?

Jurisprudentziak laguntzen du, baina bide judizialaren inguruko iritzia ematea ez dagokigu guri, eta ez dugu horretan eragin nahi. Hala ere, helegite bat aurkezten denean beti daude zalantzak. Irabazteko eta galtzeko aukerak daude. Argi daukaguna da helegite honek balio behar duela babes neurrietan eragiteko. Ezin du dena sektore batek ordaindu.

Zenbati eragiten die neurriak?

Ez daukagu errolda osatu bat, baina kalkulatzen dugu 800 establezimenduri eta 4.000 langile ingururi eragiten diela EAEn.

Lehendakariak hizpidera ekarri du etxeratze agindu baten aukera. Nola eragingo lioke halako agindu batek sektoreari?

Gainerako sektore guztietan eragingo duen modu berean, pentsatzen dut. Ez dakigu; ekonomikoki kolpe handia izango da, halere. Argi dago jendeak udan, eguraldi onarekin, aisialdirako guneak behar dituela, eta, hori ez bada modu egokian bideratzen eta arautzen, kontroletik kanpoko irtenbideak bilatuko dituela. Beraz, hori egin ezean, logikoagoa da arau orokortu baten alde egitea.

Zein da sektorearen egoera?

Eguneko aisialdiari dagokionez, %48 inguruko jardueran dago, iazko datuekin alderatuta. Gaueko aisialdiari dagozkion datuak are okerragoak dira: fakturazioaren %75eko jaitsiera izan dute iazkoaren aldean. Eta horrek, noski, ez ditu bermatzen negozioen errentagarritasuna eta etorkizuna. Horrek berekin dakar lanpostuak suntsitzea, eta zergak nork ordaindu ez izatea: kolpea handia da guztiontzat.

Esaten duzuenez, laguntza ekonomikoaren premian dago sektorea.

Eskaeran jaitsiera izan duten beste sektore batzuei lagundu zaie; autogintzari edo nekazaritzari, esaterako. Jendeari gustatu ala ez, sektore ekonomiko garrantzitsua da gurea, lanpostuak sortzen dituena, zergak ordaintzen dituena. Arazoak dituen eta laguntza behar duen sektore gisa tratatzea eskatzen dugu. Ez gara industria, ez gara nekazaritza; zerbitzuak gara, aisialdia gara, tamaina erdikoak gara. Baina laguntza behar du gure sektoreak: alokairuak ditugu, sekulako aseguruak ordaindu behar ditugu, eta ezin ireki daude negozioak. Zuzeneko laguntzak behar ditugu, jendeak bere jarduerari eutsi ahal izateko. Herrialdea ezin da geratu, eta gu ehun ekonomikoaren parte gara.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Positibo kopuruak goia jo du Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 749 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta nabarmen ugaritu dira Nafarroan: 362 kutsatu detektatu dituzte azken egunean. 501 lagun daude erietxeratuta Hego Euskal Herrian, eta 82 gaixo daude ZIUetan.

Zestoa, artxiboko irudi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Eraikin publikoak eta tabernak itxi dituzte Zestoan

Berria

28 kasu baieztatu dituzte azken egunetan, eta neurri murriztaileak hartu dituzte agerraldiari aurre egiteko asmoz. Datozen egunetan egoera «kontrolatzea» espero dute.

Iñigo Urkullu omenaldian ©Eusko Jaurlaritza

Koronabirusaren biktimak omendu dituzte Gasteizen

Uxue Rey Gorraiz

Iñigo Urkullu lehendakariak gidatu du ekitaldia. Pandemiarengatik hildakoak gogoratu ditu, eta elkartasuna adierazi die familiei. «Elkarrizketa soziala» bultzatu dadin galdegin du, bizikidetza sozialaren berreraikuntzarako.

Sindikatuen eta Sareren elkarretaratzea, presoen egoeraren harira Bilbon. ©Marisol Ramires/FOKU

Hainbat espetxetan komunikazioak eten dituztela salatu dute Sarek eta Etxerat-ek

Maria Ortega Zubiate

Presoek eta haien senideek “garai oso zailak” bizi dituztela adierazi dute bi elkarteek, eta pandemiak “salbuespenezko erregimenaren aplikazioa” areagotzen duela. Positibotzat jo dituzte Eusko Legebiltzarrean eta Espainian espetxe politika aldatzeko egindako adierazpenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna