Txile. Presidentetzarako hauteskundeak. Gonzalo Winter. Apruebo Dignidad koalizioko diputatua

«Boricek borondate irmoa du eskaera sozialak lege bihurtzeko»

Ezkerreko koalizioaren diputatugaiak nabarmendu du hizpidera ekarri behar direla publikotasuna, bake beharra eta justizia soziala. Kast ultraz ohartarazi, eta ezkerrari egozten zaizkion etiketak baztertu ditu.

APRUEBO DIGNIDAD.
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Apruebo Dignidad ezkerreko koalizioaren hautagai Gabriel BoricTxileko Gobernuko presidente bihurtzen baldin bada, herrialdea «gune publikoetara, kolektiboetara» itzuliko da. Hori pentsatzen du haren koaliziokide eta alderdikide Gonzalo Winterrek (Santiago, 1987). Haren ustez, Augusto Pinocheten diktadurapean ezarri eta egun mantentzen den eredu neoliberalaren ondorioz herritarrek sentitzen dute Txile «iruzur bat» dela. «Alde sozialak oso handiak dira».

Diputatuen Ganberako kidea da 2018tik, eta biharko bozetan hautagaia izango da, 2022-2026 legegintzaldirako. Uste du progresismoaren itzulera bat gertatzen ari dela Latinoamerikan. «Baina inportanteena da ziklo bolivartarraren lezioak eta akatsak motxilan sartuta itzuli dela».

Boto asmoari dagozkion azken inkestak duela astebete pasakoak dira, eta, horien arabera, Apruebo Dignidad dago lehen tokian, baina ia parean du Jose Antonio Kast ultraren Alderdi Errepublikanoa.

Hamaika interpretazio egin daitezke Sebastian Piñeraren azken agintaldian gertatu denaz. Milioika pertsona atera ziren kalera, literalki, baita hamaika motiborengatik atera ere. Horien artean, denek ez dute filosofia politikorik, eta, hortaz, denek ez dute argi zer korronte politikorekin lotu sentitzen zutena. Beraz, ezin da egin interpretazio ofizial bat 2019ko eztanda sozialaz.

Zenbait gauza ulertu behar dira bi hautagaiez. Batetik, Boric ez da 2019ko eztanda sozialetik sortutako lider bat, baizik eta 2012ko eztanda sozialetik sortutakoa. Boric erabateko politikaria da egun: parlamentaria da, akordioak lortzen ditu, ideologia bat du, alderdi bat, koalizio bat... Hortaz, batzuentzat, Boricen alde bozkatzea kontrairaultzailea da, eta, besteentzat, bozkatzeko aukera bakarra. Boricek ordezkatzen ditu kalea eta mobilizatutako subjektua ulertzen dutenak, baina, era berean, borondate irmoa du era guztietako eskaera sozialak lege bihurtzeko. Horrek sumina eragiten du aldaketa sozialik nahi ez dutenengan, baina baita matxinada etengabe batean egon nahi dutenengan ere. Azken horiek borroka fetitxe bihurtu dute, borrokaren helburuaren gainetik.

Kastek zergatik egin du gora inkestetan, ia lehen tokian jartzeraino?

Herrialdea leher eginda dagoelako. 2019ko matxinada akitzailea izan zen; ia urtebete iraun zuen. Gero pandemia etorri zen, aurreko konstituzioa ezeztatzeko erreferenduma, prozesu konstituziogilerako hauteskundeak...

Desesperazioaren botoa ordezka dezake eskuin muturreko hautagaiak?

Kastek asmatu du gezur handien bidez beldurra mobilizatzen. Whatsappen du arrakastarik handiena. Guk esaten dugu lortu duela arazoak irtenbide moduan plazaratzen. Bere programako eremu nabarmenetan proposatzen du, nagusiki, duela 40 urte zeuden bezala eustea gauzei, baina lortu du hori aldaketa bat izango balitz bezala aurkeztea.

Jair Bolsonarorekin eta Donald Trumpekin konpara daiteke.

Kast dirutza bat gastatzen ari da kanpainan; neurriz kanpoko kopuruez ari gara. Oligarkiak bere jatorrizko hautagai Sebastian Sichel [ofizialista] abandonatu zuen, Kastekin ordezkatu, eta diru guztia haren zerbitzura jarri. Ezin dugu ahaztu Txile jabeak dituzten herrialde horietako bat dela... Eta egoerak kezkatzen nau. Adibidez, kezkagarria da konstituzio aldaketa baten erdian hainbeste jende egotea faxista baten alde bozkatzeko prest... Baina ziklo aldaketa bat eragiten du, eskuin muturra bihurtu baita eskuinaren lider nagusi; beraz, gauza inportante bat gertatu da: eskuinak diktaduraren ondoren egindako ibili zibilizatzailea eten egin da. Eta eztanda sozialari eskuineko erantzun bat eman nahi zion eskuinak porrot egin du—orain gutxira arte gehiengoa zen—. Kastek, ordea, ez dio eman nahi eskuineko erantzun bat; horren ordez, herritarren ezinegona ukatzen du. Kasten erantzuna hau da, funtsean: konpondu dezala Poliziak, preso har ditzatela.

Zer egin duzue kanpainako azken egunetan zalantzati saldoa konbentzitzen saiatzeko?

Asteek aurrera egin ahala, zerbait gertatuz joan da. Nik sentipen antifaxista deitutakoa loratuz joan da inoiz hauteskunde prozesu batean interesa eduki ez duen jende askorengan. Jende horrek aldaketak nahi ditu, sistema hau immorala kontsideratzen duelako. Normalean, herritar horiek ez dute bozkatzen, baina etsi egin dute, eta Boricen alde bozkatuko dute, ez dutelako nahi presidente faxista bat. Kasten ezaugarriak dituen presidente baten beldur dira.

Bestetik, kanpaina oso gogor bat egin behar dugu. Noiznahi gezurtatu behar ditugu gauzak, eta gezur horiek ez dira agertzen prentsan, baizik eta Whatsappeko mezuetan. Borici egozten dizkiote: mendekotasunak, asmatutako osasun fitxak...

Eta eskuineko hedabideak nola jokatzen ari dira?

Bereizketa bat egin ohi dut. Eskuineko hedabideek ere haiena egiten dute. Planteatzen dute, esaterako, Boric aterako balitz sistema kapitalista ahulduko litzatekeela, eta hori gertatuz gero munduaren akabera litzatekeela. Baina ez dituzte gezurrak asmatu.

Adibide bat. Duela gutxi osasun fitxa bat zabaldu zuten sare sozialetan, zeinaren arabera Boric zentro batean artatu baitzuten kokainazaletasunagatik. Ospitalea atera zen hori gezurtatzera, baina berdin du: gezurtatzearen inpaktua oso-oso-oso txikia da gezurrarenarekin alderatuta.

Gure kontrariorik amorratuenek ere badakite ez garela ustelak, ez gaudela hemen aberasteko. Ezkerrekooi leporatzen zaigu, gainera, ez dakigula ekonomia kudeatzen.

Nolako proiektua, zer motatako ezkerra planteatzen du Apruebo Dignidadek horretarako?

Ezkerreko bloke batek egin dezakeen okerrena zera da, amesten duen ezkerra izan nahian ibiltzea, herrialde honek behar duen ezkerra izan ordez. Batetik, izan behar du ezker bat prest dagoena egin behar diren akordio guztiak egiteko, hitzeman dituen aldaketak betetze aldera. Bestetik, publikotasuna hizpidera ekarri behar du; hemen publikoa dena suntsitzen aritu baitira aspalditik. Hirugarrenik, ezker horrek instituzionalizatuta egon behar du. Laugarrenik, ezker horren buruzagi politikoek burdinazko hesi bat jarri behar dute enpresa handiekin, baina etsaituta egon gabe. Azkenik, ezker horrek ulertu behar du, gure amets iraultzaileak gorabehera, herriaren gehiengoak bakea nahi duela; baina justizia sozialik gabe inoiz ez da egongo bakerik.

Ia ziurra da bigarren itzulira igaroko zaretela. Zertan aldatuko da kanpaina abenduaren 19ra bitartean?

Esaterako, gure gobernatzeko gaitasuna erakutsi behar dugu. Txilen hamasei eskualde daude, eta, iaztik, konstituzioan egindako aldaketa bat dela medio, herriak hautatzen ditu gobernadoreak. Bada, hamasei horietatik hamabost dira ezkerrekoak edo zentro-ezkerrekoak. Orduan, hori, esaterako, aintzat hartuta, erakutsi beharko genuke eskuinak ez duela eskaintzen gobernagarritasunik, prozesu konstituziogilearen aurka dagoelako, ez duelako gobernadorerik eskualdeetan, eta, dudarik gabe, gutxiengoan egongo delako hurrengo kongresuan. Erakutsi behar dugu bakea nahi badugu guk egon behar dugula boterean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.