Katalunia. Independentziari buruzko galdeketa. Benet Salellas. Kontrol Batzorderako hautagaia

«Egiatan, ez dago argudio juridikorik kontsulta debekatzeko»

Kataluniako Parlamentuak gaur bozkatuko du azaroko kontsulta behatzeaz arduratuko den batzordea. Hura osatuko duten kideetako bat da Benet Salellas abokatua: galdeketa derrigor egin behar dela dio.

Samara Velte.
2014ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Hainbat hedabidek diote gaurko bozketa «desobedientziaren lehen urratsa» izango dela. Zuk ere hala uste duzu?

Hala baldin bada, denborarengatik izango da, ez ekintzak berak daukan garrantziarengatik. Jakina, kronologikoki, Kataluniako Parlamentuaren lehenbiziko erabakia izango da Auzitegi Konstituzionalaren behin-behineko debekuaren ondotik, eta, horrenbestez, termometro garrantzitsua izango da Kataluniako Gobernuaren desobedientziarako prestasuna neurtzeko. Neuk, behintzat, hala izatea nahi nuke.

Oraingoz dakiguna da PPk eta Ciutadansek eguneko gai zerrendatik atera nahi dutela bozketa: Konstituzio Auzitegiak indarrik gabe utzi dituen neurrien artean ei dago Kontrol Batzordea.

Batzordea izendatzea Kontsulta Legea gauzatzeko modu bat da. Auzitegiak legea indarrik gabe utzi duenean, ez du soilik azaroaren 9rako deialdia eten, hura antolatzeko tresna guztiak baizik. Dena den, ez dezagun ahatz etenaldi hau neurri automatikoa dela: auzitegiak oraindik ez du debekatu Kontsulta Legea, eta, beraz, benetan Konstituzio Auzitegi bat baldin bada, teknikoki oraindik badago aukera hura konstituzionaltzat jotzeko. Horixe da gure argudioa. Generalitateak debekua kentzeko eskatzen duenean, printzipio juridikoen arabera arrazoitu beharko dute.

Kataluniako Gobernuak kanpaina etetea erabaki du, baina galdeketarekin jarraitzea. Nola uler daiteke hori?

Niretzat ere nahasgarri samarra da gobernuak gauza bat esatea eta beste bat egitea; uste dut Konstituzio Auzitegiaren erabakiei men egiten hasi dela. Hemen herritarren agindu indartsu bat dago, eta, nire ustez, kanpainak aurrera egin beharra dauka: ez bagaude prest iragarki ofizialen debeku bati desobeditzeko, nola aterako ditugu hautetsontziak? Espero dut gobernuak kaleko indarrari kasu egingo diola; horrek ekar ditzakeen ondorio juridiko txikiekin ere, agindu hori bete beharra dauka, bestela gainetik igaroko zaio olatua.

Zeintzuk dira «ondorio txiki» horiek?

[Barre egiten du] Tira. Esan nahi dut ez dugula PPren beldurraren diskurtsoa elikatu behar. Pentsatu nahi nuke gure epaile eta fiskalek ez dutela gogo handirik herrien eskari demokratikoak zapaltzen dituzten makinak bihurtzeko. Eta hemen mundu guztiak dauka argi kontsulta nahi dugula; ez dakit zer zerikusi duen zigor zuzenbideak herri batek botoa eman nahi izatearekin.

Auzitegiak erabakitzen badu galdeketa konstituzioaren aurkakoa dela, zer aukera gelditzen zaizkie indar politikoei azaroaren 9rako?

Badira edozein epaimahairen gainetik dauden agindu batzuk, batez ere herritarren eskaria nahiko handia denean. Mahai bat zeinak PPko karneta duen presidentea duen ez da, preseski, epaile neutralena, eta, egiatan, ez dago argudio juridikorik kontsulta debekatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.